Michele Alliot-Marie uztailaren 1ean epaituko dute, Zigor Auzitegian. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapezorde zela orduan zuen kargua bere intereserako erabili izana leporatzen diote. Elkarte batzuei emandako diru laguntzetan da aferaren funtsa. 2009tik 2013ra, urtero 25.000 euro eman zizkien Alliot-Marieren aita buru zuen festibal bat antolatzen zuten elkarte batzuei. Orotara, 200.000 euroko desbideratzea leporatzen diote.
Alliot-Mariek «ez du arau hausterik egin» haren abokatuek AFP agentziari egindako adierazpenen arabera, eta ez dute «inolako lanik izanen haren errugabetasuna frogatzeko».
Alliot-Marie pertsonaia politiko garrantzitsua izan da Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan. Donibane Lohizuneko auzapez izateaz gain, Frantziako Asanbleako diputatu izan zen urteetan, eta Frantziako Gobernuko zenbait ministerio garrantzitsuren ardura izan zuen Jacques Chirac eta Nicolas Sarkozy presidenteen agindupean: besteak beste, Defentsa Ministerioarena, Justizia Ministerioarena, Kanpo Aferetako Ministerioarena eta Barne Ministerioarena. Gaur egun 77 urte ditu.