Hilabete barru ekingo diote ITA Iraultza Txikien Akanpadari, Izarran (Araba), uztailaren 19tik 23ra bitarte. Herri mugimenduetatik eta herri mugimenduentzako antolatutako topaketa da, eta hirugarrena dute aurtengo aldia. Beste hainbaten artean, haren helburua da Euskal Herriko mugimendu sozialen artean elkartzea, horien arteko loturak egitea eta garaian-garaiko gaiez eztabaidatzea. Eskaintza kulturala eta aisialdirako tartea ere eskainiko dute.
2018an eta 2021ean egin zituzten ITAren lehen bi aldiak, Zubietan (Gipuzkoa) eta Artean (Bizkaia), hurrenez hurren. Haatik, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetara ere kanpaldia hedatzeko asmoz, Izarraren txanda da aurten. Kanpaldia Ostuño parkean egingo dute. Non egin erabakitzekoan, aurreko urteetan bezala, hiria baino herria aukeratu nahi izan dute antolatzaileek. «Landa eremuari eta herriko txikitasunari garrantzia eman nahi diogu, hiritik egitarauak deszentralizatu eta beste era batean enfokatzeko aukera emanez», azaldu dute antolatzaileek.
Gaur bertan aurkeztu dute Iraultza Txikien Akanpadaren hirugarren aldiaren egitaraua. Hitzaldiek, mahai inguruek, kultura eskaintzak, haurrentzako aktibitateek, azoka batek, jolasek... osatzen dute. Uztailaren 19a, asteazkena, izango da lehen eguna. Arratsaldean ekingo diote, harrera ekitaldiarekin eta film laburren lehiaketa batekin. Jarraian, hiru saio antolatu dituzte: faxismoaz, borrokaz eta eraso sexistez. Lehen eguna amaitzeko, Andoni Ollokiegik kontzertua emango du, gauean.
Antzeko martxa izango dute gainontzeko egunetan. Goizetik hasita eta arratsaldera arte, hitzaldiak, mahai inguruak eta aurkezpenak izango dituzte, hainbat eta hainbat gaiei buruz. Gutxi batzuk aipatzearren: zaintza, klima larrialdia, ekologismoa, independentzia, etxebizitza, transfeminismoa, euskara... Bi ordu-bi ordu eta erdiko saioak izango dira.
Tartean, bazkaldu artean eta afalostean, kontzertuak eta emanaldi musikatuak egongo dira. Ostiralean, kasurako, bertso afaria egingo dute; bertan izango dira Oihane Perea, Irati Anda eta Izar Mendiguren.
Kanpaldi osoan Herri Mugimenduen Azoka deitu dutena ere irekita egongo da. Haurrak ere barne hartu dituzte egitarauan: egunez egun, izango dute zer egin: tailerrak (serigrafia, sukaldaritza, zirkua, dantza...), ipuin kontaketak, festak... Egitarau osoa ITAren webgunean eskegi dute.