Uztailaren 14an mobilizatzeko deia zabaldu dute, «ez gara frantsesak» lelopean

U14 kolektiboak adierazi du «Frantziako besta egun horren izaera zapaltzailea salatu» nahi duela. Mobilizazioa eginen dute egun horretan Ipar Euskal Herrian.

U14k iaz egindako manifestazioa, Donibane Lohizunen. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko maiatzaren 11
15:57
Entzun

Iaz bezala, aurten ere mobilizatzeko deia egin du U14 kolektiboak, uztailaren 14rako, «ez gara frantsesak» lelopean. «Iazko manifestazioak erakutsi zuen bezala, gaur egun ere Frantziako besta nazionala gure herriaren asimilazio kultural, sozial eta politikoa bultzatzeko baliatzen da», deitoratu dute. Hori ikusirik, «erresistentziarako» deia egin dute. Ez dute oraindik zehaztu non izanen den mobilizazioa.

Bestalde, iragan apirilean Ipar Euskal Herrian gertatutako lau atxiloketak salatu ditu U14 kolektiboak. «Gazteei elkartasun osoa eta babesa adierazi nahi dizkiegu, eta Frantziako Poliziaren erakustaldia salatu nahi dugu. Gure ustez, operazio hau Frantziako Estatuaren beldurraren erakusgarri da», erran dute. Segitzeko, «Frantziako instituzio eta joko arauetatik kanpo antolatzeko» deia egin dute.

Iazko manifestazioa

Iazko uztailaren 14an, gazte ezkertiar eta abertzale batzuek manifestazioa antolatu zuten Donibane Lohizunen (Lapurdi). Asimilaziotik erresistentziara! lelopean, 200 bat pertsonak protesta egin zuten, eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapenak zabaldu. Herriko etxera iristean, Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere. Euskal Herria da! zioen pankarta bat ezarri zuten herriko etxeko harresian. Ekintza hori ez zen Jean François Hirigoien auzapezaren gustukoa izan, eta manifestariei oldartu zitzaien, pankarta kentzen saiatuz. Bultzada batzuen ondotik, herriko etxera itzuli zen, manifestariei irain keinu bat eginez.

Gertatutakoaren harira, lau gazte atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Azkenean, horietako bat aske utzi zuten kargurik gabe, eta beste hirurak libre atera ziren prokuradorearen aitzinetik pasatu ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.