Manu Aierdi jeltzalea Nafarroako Parlamentuko hiru batzordeetatik kendu izana «Aralarrek iragarritako hausturaren kronika» dela adierazi du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatu eta Nafarroa Baiko Iruñeko zinegotziak. Halere, ez du argitu Aierdik eta Leurzak talde parlamentarioan jarraituko duten ala ez.
Geroa Bai koalizioko partaideetako batek, Zabaltzenek, batzar nagusia egin zuen Burlatako Kultur Etxean atzo. 50 bat lagun bildu ziren bilerara, eta, beste gai batzuen artean, Nafarroa Bai koalizioaren egoeraz eta geroaz mintzatu ziren. Ateak itxita eta komunikabideen presentziarik gabe egin zuten batzarra, eta sartu aurretik mintzatu ziren Uxue Barkos eta Koldo Martinez Zabaltzeneko presidentea. «Ez genuen hausturarik nahi. Bi aldeek leialki lan eginez, eroso egoteko aukera bazen, baina gutxieneko baldintza batzuekin, eta ez da hori nahi izan», adierazi zuen Barkosek. Nafarroako Baiko talde parlamentarioan gertatutako hausturak ez du atzera bueltarik, Aralarrek horrela nahi izan duelako, Geroa Baiko diputatuaren ustez. Iruñeko udal taldearekin gertatutakoa moldaketa bat izan dela arrazoitu du Barkosek: Aritz Romeo eta Ana Barrena Aralarreko bi zinegotziei taldeak udalean dituen bi bulegoetatik bat eman diete, eta liberatu izateari uzteko eskatu diote bietako bati.
«Gehienak», Geroa Bain
Manu Aierdi eta Patxi Leurza parlamentariek Nafarroa Baiko taldean jarraituko duten ez dute argitu ez Barkosek ez Martinezek. Koldo Martinezek esan du goizegi dela erabakiak hartzeko. «Ez dugu erantzun azkar eta larririk emanen. Politika egiten jarraitu nahi dugu, eta denborak hitz eginen du». Nafarroa Bairen egoera «zaila» dela onartu du, baina etorkizuna Geroa Bairen lan egiteko modua dela uste du. «Nafarroa Bain sustatu nahi genuen ideologia eta politika egiteko modua ordezkatzen du Geroa Baik. Nafarroa Baiko hautesle gehienak Geroa Bain daude, eta lanean jarraituko dugu, borroketan sartu gabe».
Uxue Barkosek dio «iragarritako haustura» izan dela
Eratu eta urte batera, Zabaltzenek, Geroa Bai koalizioko kideetako batek, batzar nagusia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu