Koronabirusa. Gorka Maiz. Osatzen-eko presidentea

«Utzitako lanei heldu beharko zaie; ez du izan behar lehengora itzulita»

Familia eta komunitate medikuen Osatzen elkartean argi dute lehen lerroan jarraitu beharko dutela izurriari hesia jartzeko ahaleginetan; Maiz presidenteak adierazi du horretarako baliabideak behar dituztela.

BERRIA.
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
«Normaltasuna zen arazoa». Familia eta komunitate medikuen Osatzen elkarteak ohar baten bidez adierazi du ezinbestekoa dela, COVID-19ak ekarri duen osasun krisiari erantzute aldera, lan egiteko asteotan jorratu dituzten eredu berrietan sakonduz joatea, eta baliabideak bideratzea horretara. Gorka Maiz elkarteko presidenteak aldarri horren gaineko zehaztapenak egin ditu.

Izurriaren gorena atzean geratu da oraingoz, eta aro berri batean daude osasun sistemak. Zuei, lehen mailako artan, zer kezka gailendu zaizkizue, bereziki?

Bidean ezer ez ikasi izanak kezkatzen gaitu. Normaltasun berriaz erruz hitz egiten da, baina guri lehen genuen normaltasuna ez zaigu ona iruditzen: beti ezin da egon kolapsoaren atarian. Oraingo egoerak zenbait inertzia gainditzen lagun dezake. Jendea artatzen jardun dugu hilabeteotan, baina COVID-19ak ardaztu du lanaren zati handi bat; orain, utzitako lanei heldu beharko zaie,baina ez du zertan izan behar lehengora itzulita. Lan egiteko era berriak aztertu ditugu.

Lehengo lanak eta izurriak ekarri dituenak batera elkartuko zaizkizue. Badituzue baliabideak denari taxuz aurre egiteko?

Erietxeetako ohe kopurua-eta mugatuak dira; bada, lehen mailako artak ere bere mugak ditu: gure eskuak ez dira denera heltzen. Behin muga gaindituta ere lanak eransten jarraitzen bada, beste lan batzuk bazterrean utzi behar dira, eta horiek ere garrantzitsuak dira. Etxean ematen den arta, esaterako, oso garrantzitsua da pazienterik zaurgarrienentzat. Mila gauza daude egiteko. Baliabideak behar dira.

Lanean kutsatzeko beldurrik ba al duzue?

Zirkuitu ezberdinak sortzea ezinbestekoa izan da horretarako: ondo funtzionatu dute. Bide paraleloetan lanean jarduteko era hori denboran zenbat luzatu ahal izango den, ordea, ez dago argi. Kasuak urritu ahala neurriak hartzen jarraituko bada ere, bide paralelo horiek elkartuz joango dira poliki-poliki. Datuei begira adi egonda, betiere. Zenbaitetan atzera egin beharko da.

Osasun zentroetako aurrez aurreko kontsultak urritzera egin da, saihestera. Joera horrek hor jarraituko duela argi dago, ezta?

Bai, ikasi dugu telefono bidezko arta hor dagoela. Helburua da jendeak ordua hartzera doala esan beharrean, esatea: 'Kontsulta bat eskatuko dut'... Hastapeneko urratsa egiten da telefonoz mediku eta administrariekin hitz eginda, eta duen osasun arazo hori nola bidera dezakeen haiekin hitzartuta. Lan egiteko era horrek balio dezake medikuen jardunean guztiz ardaztutako eredua gainditzeko; dena ez du medikuak konpondu behar. Askotan ez da egokiena. Gauza asko administrariek edo erizainek egin ahal izango dituzte, eta askoz ere hobeto, gainera. Argi ibili behar da, hala ere, gaiarekin. Nonbait irakurri dut medikuok ez ditugula ikusi nahi pazientek, eta ez.Usu beharrezkoa da aurrez aurreko arta: ezin da saihestu.

Zer pazientek kezkatzen zaituzte, batez ere?

Bazterkeria egoeran dagoen jendeak, bereziki: bakardadean dauden pertsonak, migratzaileak... Kolektibo horietako zenbait, gainera, seinalatzera egin da askotan hedabideetan. Beldurraren bidez haiek errudun egitera. Hainbat berritan, esaterako, Bilboko San Frantzisko kalean jendea ibili zela kontatu zen, konfinamendua urratu zutela... Aldiz, orain Madrilen hainbat auzotan jendea kalera ateratzen dabil, eta haiek eskubideen aldeko iraultza bat egiten ari direla dirudi...

Pazienteengandik hurbil zaudete. Nola lagun diezaiekezue izurriak ekarri duen izua arintzen?

Beldurra hor dago. Herritarren artean, eta profesionalen artean ere bai. Kontsulta asko izan ditugu beldurrarekin lotuta, estutasunarekin. Hor laguntzea garrantzitsua da. Ezin gara beldurrez bizi. Zuhurtzia bihurtu behar dugu: eraginkorragoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.