Ezkertiar mugimendua

Utopia helburu

NUPeko historialari Imanol Satrustegik 1970eko hamarkadako Nafarroako ezker «iraultzailea» aztertu du, hilaren 29an aurkeztuko duen tesian. «Iraultza xede hartzeak mobilizatzeko balio izan zuen».

Imanol Satrustegi historialaria. Tesia egin du Nafarroako ezker iraultzaileari buruz. IñIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
2021eko urtarrilaren 22a
13:42
Entzun

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko historialari Imanol Satrustegik (Uitzi, 1993) hiru urteko lanaren emaitza aurkeztuko du, hilaren 29an: 1970eko hamarkadako ezker «iraultzailearen» gorabeherak aztertu ditu bukatu berri duen doktoretza tesian. Ikasketak amaitu baino lehen piztu zitzaion gai horren inguruko interesa, eta sakontzea erabaki du, galdera nagusi bati erantzuna emateko asmoz: «Iruditzen zitzaidan Nafarroako ezker iraultzaile edo erradikalak rol garrantzitsua bete zuela [Espainiako Estatuko] trantsizioaren garaian, baina gaiaren inguruko testuak irakurtzen nituenean ez nuen mugimendu horrek ustez izan zuen garrantziaren isla ikusten».

Gainbehera edo eten horren arrazoiak azaleratu nahi izan ditu Satrustegik, zehazki: «Frankismoaren azken urteetan ezker erradikalak indar handia izan zuen diktaduraren aurkako borrokan, baina mugimendu horrek babes soziala galdu zuen trantsizioan, eta alderdi gehienak desagertu egin ziren edo beren eragin esparrua galdu zuten».

NUPeko historialariak ongi zehaztu du bere tesiaren subjektua, bertze deus baino lehen: «Estatuko alderdiei lotutako taldeak izendatzeko erabili dut nik ezker erradikal kontzeptua; ezker tradizionala baino ezkerrerago kokatzen ziren, eta lotura bazuten Parisko 68ko maiatzeko eta Hirugarren Munduko nazio askapenerako mugimenduekin, bai eta ezker berriko korronteekin ere».

Talde horien atzean, «sigla zopa bat» zegoen: antzekotasun ideologikoak bazituzten, baina, halere, ugariak ziren haien arteko zatiketak. Nafarroan gehien nabarmendu zirenak jorratu ditu Satrustregik, batez ere: ORT (Langileen Talde Iraultzailea), EMK (Euskadiko Mugimendu Komunista), LKI (Liga Komunista Iraultzailea) eta PTE (Espainiako Lanaren Alderdia).

«Espainiako lurralde gehien-gehienetan, Santiago Carrilloren PCEk gidatu zuen frankismoaren aurkako borroka, baina hemen, ez; Nafarroan, erradikalagoak ziren talde horiek zuten oposizioaren kontrola», azaldu du historialariak. Gainera, bere tesiaren bidez, mahai gainean jarri du hori gertatu izateko arrazoia: «Mugimendu erradikal horien jatorria dago mugimendu kristauen erradikalizazioan. Elizaren sektore batzuk herritarrengana hurbildu ziren, eta apaiz gazte askok sortu zituzten langile elkarte kristauak; langileen errealitatearekin bat egin zutenean, zegoen miseria gorriaz eta askatasunik ezaz ohartu ziren, eta elkarte kristau horiek erradikalizatu egin ziren».

Diktaduraren azken hamarkadan, ezker erradikalaren mobilizazioek gero eta arrakasta handiagoa izan zuten: «Lortu zuten langileekin eta auzo eta ikasle mugimenduekin bat egitea; ezker erradikalaren presentzia nabarmena izan zen, batez ere 1970etik 1977ra», azaldu du Satrustegik.

Gauzak aldatu egin ziren trantsizioarekin batera, ezker iraultzaileak zuen babes soziala galdu baitzuen. «Trantsizioan, konfrontazioaren eredua aldatu zen, agintean zeuden eliteek amore eman behar izan zutelako, neurri batean, jasandako presio sozialaren ondorioz. Erreforma prozesu bat hasi zuten, eta horrek aldatu zuen eliteen eta jende zapalduaren arteko konfrontazio eredua».

Iraultzaren estrategia

Erreformak ez zuen ase militante eta herritar anitzek zuten haustura gogoa, eta horrek izan zuen eraginik: «Hausturaren aldeko oinarri sozialaren lekukoa ezker abertzaleak hartu zuen, 1977-1979 artean». 1979ko hauteskunde desberdinetako emaitzek aldaketa hori berretsi zutela azaldu du Satrustegik: «Ezker erradikalaren hautagaitzek galdutako botoak Herri Batasunak irabazi zituen». Elementu batek erraztu zuen hausturaren aldeko oinarri sozialaren mugimendu hori: «Ezkerreko korronteen eta korronte abertzaleen arteko uztartzea gertatu zen; euskal ikurrek bazuten konnotazio aurrerakoi eta antifrankista bat, hausturazalea».

Trantsizioak ez zituen ekarri militanteek helburu hartutako sakoneko aldaketak, baina Satrustegik nabarmendu du haien borrokak eskubide sozial ugari lortu zuela. «Komunismoa helburu izan zutelako lortu zen hori guztia; iraultza xede hartzeak balio izan zuen mobilizatzeko; eta estrategia iraultzaile hori izan zen gero sortu ziren gizarte mugimenduen pizgarri». Utopia zuten helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.