«Euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik, eta zenbait udalerri euskaldun helegiteak jasotzen ari dira asteotan, lanpostu batzuei zehaztu diegun hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa dela iritzita». Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak egin du gaur jakinarazpena, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatutako deialdi batean, Usurbilen bertan (Gipuzkoa). Zehaztu du Usurbilgo Udalarekin batera Gipuzkoako beste bati ere jarri diotela helegitea, Astigarragakoari hain justu ere; motiboa da udaltzain berriak hautatzeko prozesuetan 3. hizkuntza eskakizuna ezarri dutela, C1 ere deitua. Agerraldian ondoan izan ditu Solaberrietak Astigarragako alkate Xabier Urdangarin eta UEMAko lehendakari Martin Aramendi.
Helegiteak jarri dituztenen arabera, B2 maila «nahikoa» da udaltzain postuetarako. Ezezkoan daude, ordea, UEMAko udal arduradunak. Ordezkapenetan-eta heltzen zaizkien udaltzainetan ikusten dute. «Udalerri euskaldunetara heltzen diren udaltzain berri askok B2 maila dute, eta ez dute gaitasunik herritarrekin euskaraz aritzeko». Horregatik, lanpostuetarako ezartzen dituzten irizpideetan eskari jasoagoaren alde egin behar dutela erantsi dute. «Udalei dagokigu herritarrekin harremana izango duten udal langileei dagokien hizkuntza eskakizuna zehaztea, eta argi dago udaltzainek ongi moldatu behar dutela euskaraz. Ez ahoz bakarrik. Udaletan sortzen diren idatziak eta dokumentazioa euskaraz jasotzeko eskubidea ere badute herritarrek», gogora ekarri du Urdangarinek.
Legeetan oinarritutako «argudio sendoekin» erantzungo diete UEMAko kideek helegiteei, ezarrita dauzkaten irizpideek bere horretan segi dezaten. «Hirugarren hizkuntza eskakizuna sobera justifikatuta dago», argudiatu du Solaberrietak. «Beraz, beren horretan eutsiko diogu eskakizun horri».
Babesa
UEMAko lehendakari Aramendik babesa azaldu nahi izan die bi udalei. Alkateek hizkuntza eskakizunaren alde eman dituzten arrazoibideen defentsa egin du, eta jarrera egokia izaten ari direla esan die. «Zoriondu egin nahi ditugu Usurbilgo eta Astigarragako udalak herritarren eskubideen defentsan aritzeagatik, eredu izateko konpromisoari zintzo erantzuteagatik, eta mehatxuak eta oldarraldiak daudenean ez makurtzeagatik». Udalok jaso dituzten helegiteek eta tankerakoek euskararen normalizazioari egiten dioten kalteaz ohartarazi du. «Hauek dira oldarraldia ereiten dutenak».
Helegite horien xedea hizkuntza eskakizun jakin batzuen kontra egitea baino orokorragoa da Aramendirentzat, eta sakonagoa: «Beldurra sortzea». Gainerako udalentzat abisu izan nahi dutela uste dut, haiek otzandu eta kikildu daitezen, eta euskararen hizkuntza eskakizun apalagoak eska ditzaten. «Epaien eta epaitegien mehatxua. Hori adierazi nahi zaie udalerri euskaldunei helegite hauen bidez». Izuak ezin dituela geratu esan du, ordea. «Udalei eredu izatea dagokigu, eta epaien mehatxuen gainetik euskararen eta herritarren eskubideen defentsan jarraituko dugu».
«Epaien eta epaitegien mehatxua. Hori adierazi nahi diete udalerri euskaldunei helegite hauen bidez»
MARTIN ARAMENDIUEMAko lehendakaria
Horiek horrela, mankomunitateko gainerako udalei ere hizkuntza eskakizunak ez apalarazteko deia egin die Aramendik. Herritarrekin aritu behar duten udaltzain lanpostuei C1 maila ezartzeko eskatu die. «Hori da euskaraz lasai aritzeko bermea», gogoratu du. Eta UEMAren sostengu erabatekoa erakutsi nahi izan die. «Gaur Usurbilek eta Astigarragak bezala, gure babesa izango dute bide horretan».
113 udal ditu gaur egun UEMAk, eta guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Sartzen azken bi udalerriak Arano eta Lekunberri izan dira (Nafarroa); abenduan hartu zuten erabakia. Iaz UEMAko kide izatea erabaki duten sei udaletatik bost Nafarroakoak dira.