Zainketa aringarrien arloko medikua da Alberto Melendez, Osakidetzan. Arloko profesionalak batzen dituen Arinduz elkarteko lehendakaria ere bada. Osakidetzaren plana ontzeko prozesuan parte hartu dute; «aurrerapausoak» dakartzala argi du, eta «esanguratsuak» direla, gainera, horietako hainbat lan ildo. Bada oraindik, ordea, zeregina. 24 orduko arta behar dute usu pazienteek eta familiek, asteko zazpi egunetan, eta uste dute maiz ez dela behar bezain osoa oraindik.
Artatu beharrekoak «goiz» atzematea da helburuetako bat. Berandu iristen dira egun usu zainketa aringarriak?
Heriotzaren ukazioa oraindik ere errotuta dagoen kultura bat da, eta osasun profesionalen trebakuntzan pazienteak sendatzea lehenesten da; horiek horrela, berandu iristen da usu: ez delako premia ikusten, edota, ikusita ere, ez delako jakiten zer egin. Horregatik, profesionalen trebakuntza da erronketako bat; aipatu du sailburuordeak berak, gainetik bada ere. Baina, gradu ikasketetan, adibidez, Erizaintzan eta Medikuntzan, Euskadiko egoerari begiratzen badiogu, ez dago zainketa aringarriekin lotutako ikasgairik. Defizit handia da hori.
Planaren helburuetako bat da «begirada aringarria» osasun sistema osora zabaltzea. Gainerakoan, zail da aurrera egitea...
Bai, baina horretarako bilatu behar da trebakuntzaren bidez jendearen jarrerak aldatzea. Gainera, oso zeharkako lana izan behar du: zerbitzu guztietan egin behar da, erietxe guztietan, osasun zentro guztietan... Jakina, talde espezifiko batzuk behar dira, kasu oso konplexuak artatzeko, aparteko arta eskatzen dutenak, eta halaxe jasota dago planean, baina gainerako kasuetarako lehen arretako, larrialdietako edo beste hainbat zerbitzutako edozein kidek eduki behar ditu gutxieneko ezagutza batzuk, eta gaur egun Euskadin ez daude segurtatuta horiek.
Zahar etxeei begira ere arta hobetu egin behar dela esan dute planaren aurkezpenean, ziurtatu behar dela egoitzetan daudenek ere zainketa aringarriak jasoko dituztela, etxean egongo balira jasoko lituzketen era berean. Egun zainketa horiek ez dituzte bermatuta?
Ez, ez. Nik Arabako egoera ezagutzen dut ondoen. Bi faktorek dute eragina hor. Aurren-aurrena, zera dago muinean: Euskadin osasun zerbitzuak eta gizarte zerbitzuak bereizita daude, aparteko bi mundu dira, erreminta informatiko igualak ere ez dituzte; homogeneotasuna ez da bermatzen horrela, ezta egoitza publikoetan ere. Egoitza pribatuetan, berriz, defizitak ugariak dira; gauzak onbidean doazenean, ez dira gehiegi ikusten, baina arazoak agertzen direnean, arazo horiei erreparatu beharrean, zenbaitetan, ez beti, horiek tapatzera egiten da. Eta bada beste problema bat: profesional eskasia dute zentro publikoetan, eta hori arazo are larriagoa da zentro pribatuetan.
Pediatrian egingo da aurrera urrats bat.
Bai, Gurutzetako erietxeko unitate zentralizatu batetik talde txikiagoei babesa ematea da asmoa; zorionez, kasu gutxi izaten baitira. Arta horren bidez erantzuna eman nahi zaie kasu horiei.
Alberto Melendez. Arinduz elkarteko lehendakaria
«Usu ez da premia ikusten, edota, ikusita ere, ez da jakiten zer egin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu