«Artadiak, lizardiak edo hariztiak, hitz horiek jendearen ahotan nahi ditugu, baina ez iraganeko zerbait bezala, gure mendietan daudelako baizik». Urtzi Goiti EHUko irakaslearen hitzak dira, eta atzo aurkeztutako Kolore Guztietako Basoak proiektuaren helburuaren muina islatzen du. Proiektuaren bultzatzaileen esanetan, helburua Bizkaiko basoeen «krisiari aurre egin eta etorkizuna bermatzea» da. Hori lortzeko asmoz, basoen ustiapen eredua aldatzea proposatu dute.
Dagoeneko aurkeztu diote proposamena Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Sailari, eta azaroaren 16an elkartuko dira beren iritzia jaso eta proposamena eztabaidatzeko. Atzo, ordea, proposamena gizartera zabaltzea zuten helburu, «proiektua ezagutarazi eta babesa lortzeko». Egungo baso eredua ordezkatzeko bi prozesu gauzatzea ezinbestekoa dela azaldu zuten. Alde batetik, berezko basoak lehengoratzea, espezie arrotzak bertokoekin ordezkatuz. Bestetik, basoen ustiaketa eredua aldatzea, lur sail osoak moztu beharrean, mozketa selektiboa lehenetsiz. Adierazi zutenez, hori lortuta ziurtatu daiteke «ingurumenaren iraunkortasuna eta basoen errentagarritasuna». Eredu berria aurrera eramateko, ezinbestekotzat jo dute egungo diru laguntzak proposamen berrira moldatzea, eta sail berezi bat eratzea aldundian.
Datu kezkagarriak Bizkaian
Egun, Bizkaiko lurraldearen %60 basoak dira. Lur guztien erdiak baino gehiago badira ere, espezie arrotzek osatzen dute baso eremu handiena, Jon Hidalgo Lurgaia fundazioko kideak azaldu zuenez; zehazki, lurraldeko baso eremuen %76. Kaliforniako pinua eta eukaliptoa dira, haien artean, zuhaitz mota nagusiak. Basoen jabeek espezie arrotzen aldeko apustua egin ohi dute, etekin ekonomiko handiagoa ematen dutelako: pinuek 30 edo 40 urte behar dituzte mozteko; eukaliptoek, hamabost.
Espezieez gain, lurren jabetzan ere jarri zuen arreta Hidalgok. Azaldu zuenez, Bizkaiko basoen gehiengoa espezie arrotzak badira ere, lurren %25 baino ez dira jabego pribatukoak. Julen Villasante Ekologistak Martxaneko kideakbaso publikoetan bertoko espezirik ez egotea salatu zuen: «Onartezina da espezie arrotzen 22.000 hektarea lur publikoetan egotea, nahiz eta 1994ko foru arau batek zehazten duen baso publikoak bertoko espezieen eredura bideratu behar direla».
Hala ere, espezie arrotzen presentzia ez da iraunkortasuna kolokan jartzen duen arrazoi bakarra. Goitik azaldu zuenez,basoen ustiaketa metodoa ere ez da «naturala». Egun, basoetan, sail bereko zuhaitz guztiak batera mozten dira, eta horretarako makineria astuna erabiltzen da. EHUko irakaslearen esanetan horrek lurzorua higatzen du, eta biodibertsitatea mantentzeko eta aldaketei aurre egiteko ezinbestekoa den lehen lur geruza desagerrarazten du.Goitiren hitzetan, higadura horrek ekarri du, besteak beste, uraren zikloa kaltetzea, zenbait espezie desagertzea edo desagertzeko arriskuan egotea, eta espezie inbaditzaileei atea zabaltzea. «Egungo baso ereduarekin jarraitzen badugu, ondorio latzak pairatuko ditugu, baita ekonomikoki ere».
Izan ere, espezie arrotzen monolaborantzak eta basoen mozketa sistema ez dira soilik ingurumenarentzat kaltegarri. Izurriteen eragina jarri du Goitik eredu bezala: «Monolaborantzak izurritearen zabalkundea errazten du, eta horrek, arazo ekologikoaz gain, kalte ekonomikoa ere badakar, landatutako pinua edo eukaliptoa ez delako erosten».
Keko Alonso Besaiako arduradunak adierazi zuenez, baso ereduaren eztabaida Europan ere bizi izan zuten, eta ohartu ziren monolaborantza errentagarria dela epe laburrean, baina arazoak sortzen dituela epe luzean. Horregatik, herrialde askotan baso ustiapen eredu berriak ezarri zituzten. Europan «basoen krisiari» aurre egitea lortu bazuten, Bizkaian ere posible dela adierazi zuen. «Etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa da ekosistema zainduko duen, eta aldi berean errentagarria den baso ereduaren alde indarrak batzea».
Ustiapen eredu berriak, Bizkaiak «baso koloretsuagoak» izateko
Baso eremuaren %76 espezie arrotzez beteta dagoela jakinarazi dute talde ekologistek eta hainbat enpresak, eta, haien ordez, bertoko espezieak landatzeko eskatu diote aldundiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu