Emakumeen aurkako indarkeria

Ustez Sarrigurenen emaztea labanaz zauritu zuen gizona espetxeratzeko agindu du epaileak

Andreak zauri larriak ditu, baina hobera egin du azken orduetan. Hilketa ahalegina egotzi dio senarrari epaileak.

2008ko irailaren 1a
15:04
Entzun
56 urteko R.A.I. Sarrigurengo (Nafarroa) bizilaguna baldintza gabe espetxeratzeko agindu du Agoizko 2. Auzitegiko epaileak. Izan ere, emazteari labanarekin eraso ziola iritzita, hilketa ahalegina egotzi dio.

Ostiral goizean jazo zen erasoa. Zortzi eta erdiak inguruan emaztea leihora atera zen odoletan, laguntza eske. Bizilagunek Sos Nafarroara deitu eta foruzainak eta larrialdi zerbitzuetako kideak bikotearen etxera iritsi zirenean, emaztea hainbat labankadaren ondorioz larri zaurituta aurkitu zuten. Senarrak alde egin zuen bitarte horretan.

Zenbait orduz ihesean ibili ondoren errepidean zihoala atxilotu zuten gizonezkoa, erasoaren egilea zelakoan. Esan bezala, gaur eraman dute epailearengana eta deklarazioa hartu ondoren espetxeratzeko agindu du.

Emazteak, berriz, Iruñeko erietxe batean jarraitzen du. Larri dagoen arren, hobera egin du eta hiltzeko arriskutik kanpo dagoela diote medikuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.