Eusko Legebiltzarra

Ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzeko eskatu du EH Bilduk

Koalizioak legez besteko proposamen batean galdegin du baliabide gehiago bideratzeko ustelkeria ikertzea.

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidea. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko apirilaren 3a
12:30
Entzun

Ustelkeriaren aurka borrokatzeko baliabide eta neurri gehiago nahi ditu EH Bilduk, eta, helburu horrekin, legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Josu Estarrona legebiltzarkideak eman du ekinbidearen berri, gaur goizean. Proposamenean, koalizioak eskatu du ustelkeriaren kontrako fiskaltza sortzeko, delitu ekonomikoetarako fiskaltza «beharrezkoak diren giza baliabideez eta baliabide materialez» hornitzeko. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, proposamenean Eusko Jaurlaritzari eskatu diote sei hilabeteko epean «eskumen esklusiboak dituen polizia judizial integral bat» ezartzeko proposamena egiteko. Bi neurri horiekin batera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «botere judizial propioa» sortzeko ere galdegin du EH Bilduk.

Estarronak gogorarazi du EAEko Fiskaltzak urtero salatzen dituela Ertzaintzarekin dituen «disfuntzioak», «komunikazio falta» eta «baliabide eskasia», eta Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak Eusko Legebiltzarrean egindako azken agerraldian bereziki azpimarratu zuela gaur egun «zaila» dela ustelkeriari eta delitu ekonomikoei legez jazartzea. Hain zuzen ere, fiskalak eskatu zuen iruzurraren aurkako neurriak bultzatzea eta funts publikoak gehiago kontrolatzea. Estarronaren arabera, baina, gaur egun oso nekeza da hori egitea, Ertzaintza «ez dagoelako behar adina espezializatuta, eta ez duelako baliabide nahikorik».

Legez besteko proposamenari oztoporik ez jartzeko eskatu die Estarronak Jaurlaritza sostengatzen duten taldeei: «Espero dugu aitzakiarik ez bilatzea jardunbide irregularrak eta iruzurrak amaitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.