OSASUN PUBLIKOA

Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak «praxi txarren zantzuak» antzeman ditu Osasunbideko esklusibotasunari lotuta

Erakundeak ikerketa abiatuko du, LAB sindikatuak eginiko salaketa ontzat emanda

Imanol Karrera, gaur LABen egoitzan eginiko agerraldian. ION ORZAIZ / BERRIA
Ion Orzaiz.
2023ko maiatzaren 25a
12:37
Entzun

Sare publikoan soilik jarduteagatik osagarria kobratu, eta klinika pribatuan aritu. Osasunbidean, halakoak «praktika orokortuak» direla salatu zuen LAB sindikatuak iragan otsailean, eta hamar kasuren berri eman zion Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoari. Orain, erakunde horrek ebatzi du «egiazkotasun zantzuak» daudela sindikatuak eginiko salaketan, eta espediente bat ireki du, ustezko irregulartasunak argitzeko. Salatutakoa egia dela frogatuz gero, isunak jartzeko eta prozedura zigortzaileak abiatzeko gaitasuna du Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak.

LABeko Imanol Karrerak salatu du otsailean salatutakoak ez direla kasu bakanak, eta Osasunbideak «ingeniaritza» erabiltzen duela kontratazioetan, «izendapen formalik gabe ere», sendagile batzuei zerbitzuburu funtzioak —eta horiei dagozkien soldata osagarriak— emateko, «sektore pribatuan lan egiten duten bitartean». Horregatik, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ikerketa bat abiatu izana «lorpen handia» da, Karreraren irudiko: «Lehen urrats hau funtsezkoa da argitzeko ea diru eta zerbitzu publikoaren kontura eginiko praxi txarra ote den, MSN Nafarroako Sindikatu Medikoak ordezkatutako profesional batzuek urteetan garatua eta Nafarroako Gobernuak onartua».

Irregulartasunak «egitura osoan»

Sindikatuak otsailean eginiko agerraldian salatu zuen «Osasunbidearen egitura osoan» atzeman zituztela esklusibotasunaren urraketak. «Espezialitate askori eragiten diete, Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako eremuetan», esan zuen Karrerak orduan. Eta xehetasun gehiago ere eman zituen, arazoaren larritasunaren erakusgarri: «Deigarria da nola praktika txar hau bereziki Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzuan gertatzen den. Hain zuzen ere, itxarote zerrenda handiena duten zerbitzuetako bat da». Zalaparta mediatiko handiena eragin zuen kasua izan zen, hain zuzen, Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzuko buruarena. Fakultatibo horrek esklusibotasun osagarria kobratzen zuen (800-1.100 euro inguruko gehigarria), baina, LABek Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoan salatu zuenez, klinika pribatu batean egiten zuen lan. Nafarroako Gobernuak iragarri zuen espediente bat zabalduko zuela, kasua argitzeko.

Hala ere, gobernuak uko egin zion Osasunbidean ikerketa orokor bat egiteari, halakoak «kasu bakanak» zirelakoan. Are: Javier Remirez lehendakariordearen esanetan, «langile publikoen zintzotasuna» da orokortua dagoena, eta ez alderantziz. Orain, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren ebazpena jaso ostean, LABek esan du txosten horrek kolokan jartzen duela Nafarroako Gobernuaren bertsioa: «Bai Santos Indurain kontseilariak, bai Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak aipatu zuten bi kasutan bakarrik atzeman zituztela esklusibotasuna bidegabeki kobratu izanaren zantzuak, eta LABen salaketa kritikatu zuten. Orain, ustelkeriaren aurkako erakundeak ohartarazi du zantzuak daudela esateko ez dela kasu bakar bat, ez bi, baizik eta kasu gehiago daudela».

Karrerak gaineratu du ebazpena «gogorra» dela Sindikatu Medikoaren eta Nafarroako Gobernuaren jokabidearekin. «Eurek sortu dute egoera hau, eta haiei dagokie erantzukizun osoa bere gain hartzea», esan du. Zehazki, MSNri leporatu dio «lobby erreakzionario eta kontserbadorea» izatea, eta «interes ekonomiko propioak eta negozio pribatuena» lehenestea, «Osasunbideko lan baldintzen eta herritarrentzako zerbitzua hobetzearen beharraren gainetik». Nafarroako Gobernuari, berriz, «SMNren jokoan parte hartzea» leporatu dio, «sindikatu hori elikatuz eta hazten lagunduz».

Esklusibotasun osagarria, 1992tik

Nafarroan, 1992. urtean erabaki zuten Osasunbideko sendagileei esklusibotasun klausula bat ezartzea, eta, horren truke, soldata osagarri bat ematea. Diru hori ez da huskeria bat, gainera: medikuen oinarrizko soldataren %45-55 artekoa izan daiteke, kasuan-kasuan. Ordutik, sistema publikoan bakarrik egin dezakete lan, edo soldata osagarri horri uko egin —oso gutxi dira aukera hori hobetsi duten profesionalak—.

Hainbat sindikatuk eta Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak behin baino gehiagotan azaldu dutenez, esklusibotasun hori beharrezkoa da praxi txarrak eragozteko: adibidez, pazienteak sistema publikoan artatu eta gero sare pribatuetara bideratzea, edo klinika pribatua ordaintzen zuten pazienteei lehentasuna ematea kontsulta publikoan.

Iragan urtarrilean, grebarako deialdia egin zuen Nafarroako Sindikatu Medikoak, eta, hain zuzen, mahai gainean jarritako baldintzetako bat izan zen klausula hori kentzea: alegia, sare publikoan eta pribatuan nahieran jardun ahal izatea, baina soldata osagarriari uko egin gabe. Nafarroako Gobernuak ez zuen puntu hori onartu, baina hilean 400 euroko soldata igoera eskaini zien medikuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.