ANALISIA

Ustekabean

enekoitz esnaola
2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Garbiñe Biurrunen aukera haren aldean ustekabea izan da EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzak Pili Zabala ateratzea primarioetarako lehendakarigai modura. Baina hor doa hura, abentura berri batera. Dena dela, lehenik primarioak irabazi beharko ditu. Martxoan, erkidegoko zuzendaritza hautatzeko barne bozetan, justu irabazi zuen egungo idazkari nagusi Nagua Albaren taldeak: botoen %36, eta ildo kritikoarenak, %32. Amore emateke, kritikoek ere atera dute beren lehendakarigai proposamena: Juan Luis Uria. Barne lehia daukate.

Orain arte jendaurrean lan eremu edo diskurtso bakarra izan du Pili Zabalak, GALen biktima Joxi Zabalaren arreba izaki: «estatu terrorismoaren» salaketa —«beti nabarmentzen dut estatu terrorismoa, bestea arindu gabe. ETAri ez diot garrantzirik kentzen, baina nire rola, sufritu dudanarekin, hori da. Are gehiago errealitate ezezagunagoa izanik»—, eta biktima guztien aitortza ere bai. Lan handia eginda, lortu du prestigio bat, ez Euskal Herrian soilik; berriki Madrilen izan da, udako ikastaro batean. Orain, langabeziaz, energiaz, hizkuntza politikaz, azpiegiturez eta abarrez ere hitz egitea tokatuko zaio. Iritzi publikoak ez du horrekin lotzen, eta sinesgarri izateko ariketa bat du aurrean hark. Dena den, oraindik Podemos ideia edo marka bat da, eta haren, Madrilgo liderren eta balizko lausotasun programatikoaren babesean eroso aritzeko aukerak izan ditzake; erretorika ona dauka, gainera.

Hartxintxarren artean, bat: Albaren taldeak irmo dio EAJ kendu nahi dutela Jaurlaritzatik, bestelako politika bat izateko. Zabalak urteotan hango Bake eta Bizikidetza Idazkaritzarekin nahikoa harreman estua izan du, eta arraro egin liteke hari ere Albaren-eta diskurtsoa entzutea.

Hor doa, baina. Eta ezker abertzaleak bere artean pentsatuko du noraino iristen zaion Ahal Dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.