Zer dago jokoan hauteskunde honetan?
Nahiko nukeena baino gutxiago, ziurrenik. Jokoan daude diru laguntzak zertara bideratuko diren eta zenbateko diru saila esleituko zaien, baita zein energia ereduren alde egingo den apustua ere. Era berean, jokoan dago sistema honek zaurgarri uzten gaituen guztion bizitzak zertxobait bizigarriago egitea, etxebizitza merkatuan esku hartzea, langileon aldeko politikak eta jabetza pribatuaren kontrakoak sustatzea… Hala ere, hori guztia EAE mailan, eta Espainiako marko juridikoaren baitan.
Uste dut posible dela marko horri ertzak bilatzea, eta lege propioak egitea, antikapitalistak eta transfeministak, epaitegietan bukatzeko arriskua egon arren. Ez dakit, ordez, horretarako borondatea jokoan dagoen.
Zer itxaropen duzu emaitzaren harira?
Ez naiz oso itxaropentsua izaten hauteskundeen harira; gehiegitan zapuztu izan didate ilusioa, alde guztietatik. Nahiago dut itxaropen handirik gabe bozkatu, eta gustuko zerbait badakar, orduan poztu. Eserlekuak gorabehera, ez dut uste aldaketa handirik egongo denik Ajuriaenean; baina, aizu, oker egoteko prest.