Asun Fernandez de Garaialde. Aralarreko Nafarroako koordinatzailea

«Uste dut hurrengo bozetan NaBai ez dela izango»

Txentxo Jimenezen lekukoa hartu du Asun Fernandez de Garaialdek. Zuzendaritza berriarekin batera Nafarroan alderdia sendotzea izango du helburu.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Txentxo Jimenezen lekukoa hartu berri du Asun Fernandez de Garaialdek (Iruñea, 1968) Aralarren Nafarroako koordinatzaile gisa. «Onerako eta txarrerako Txentxok alderdia asko markatu du, eta Nafarroako koordinatzaile izatea jada garrantzitsua bada, Txentxo ordezkatzea erronka are zailagoa da», dio Fernandez de Garaialdek. Abenduaren 17ko konferentzia politikoan militanteen %92,85en babesa jaso zuen. «Nigan jarri duten konfiantzari erantzuteko erronka daukat».

Nafarroako zuzendaritza ere berritu da. Zer erronka dituzue aurrean?

Aralar sendotu nahi dugu, eta, horretarako, eskualdez eskualde lan egin nahi dugu, eta jendearen kezkak bildu. Beharbada, hauteskundeen eraginez azkenaldian presa handiz jokatu dugu, eta albo batera utzi dugu barne egitura. Gure asmoa da alderdia sendotzea barrura eta gizartera begira.

Nolakoa da Aralarren barne egoera?

Alderdi txikia gara, baina barne kohesioa dago. Zenbait komunikabide kontrako egoera islatzen saiatzen ari dira, baina alderdiak barne kohesioa du. Irailean Kongresuak onartu zituen ildoei jarraitzen ari gara, eta ez dugu inongo desadostasunik.

Urte hau NaBairen akordioa izenpetzen hasi du Aralarrek, eta Amaiur koalizioaren aldeko hautuarekin amaituko du. Norantz doa Aralar?

Argi utzi nahi dut. Maiatzean, Nafarroa Bairen barruan aurkeztu ginen, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu NaBaik erakundeetan jarrai dezan. Konpromiso hori betetzeko asmoa dugu. Era berean, hasiera-hasieratik Aralarrek inoiz ere ez du ezkutatu zeintzuk diren bere helburuak: etorkizunean ezker abertzale zibil ireki eta zabala izatea. Horren alde ari gara lanean.

Aralarrek NaBairekin duen konpromisoa betetzeko asmoa du. Akordio hori 2015ean amaituko da, ala oraindik ikusteko dago Aralarrek etorkizunean zer egiten duen?

Irailean, aurreko Kongresuko ildoa berretsi genuen, eta horrek esan nahi du ezkerrekoa eta abertzalea den eremua bilatu behar dugula. Nik, pertsonalki, uste dut Nafarroa Bai hurrengo hauteskundeetan ez dela egongo orain dagoen bezala. Beste gauza bat da Aralarrek, Batasunak, EAk, bakoitzak bere aldetik, beren barne prozesua egin behar dutela. Mundu guztiak egin behar du hausnarketa hori, eta ikusi nolakoa izan behar duen etorkizun horrek. Oraindik asko dago eztabaidatzeko, eta denbora asko dugu.

Aralarren jarrera horrek gaur egun badu ondoriorik NaBairen barnean?

Eguneroko lanean batere ez. Talde bakoitzak bere gogoetak egiten ditu, eta ni hor ez naiz sartzen.

Azaroaren 20ko hauteskundeei begira, zer gogoeta egin du Aralarrek?

Oro har, emaitza onak izan ziren, baina Nafarroan autokritika moduko bat egin behar dugu. Kanpainaren une batean, sinetsi genuen lana eginda zegoela, eta baliteke behar adina esfortzu ez egitea. Pentsatu genuen erraza zela diputatua lortzea. Egia da diputatua lortu dela ere, eta emaitza ezin hobea da Amaiurrek eta Geroa Baik diputatu bana izatea.

Maiatzeko hauteskundeekin alderatuta, Amaiurrek Bilduk baino 7.000 boto gehiago eskuratu ditu. Hori izan al da Aralarren ekarpena?

Ez, irakurketa hori murritza da. Madrilgo hauteskundeak eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak desberdinak dira, eta, ondorioz, ezin da horrelako alderatzerik egin. Herritarrei helarazi nahi zaion mezua baino handiagoa izan da Aralarrek egindako ekarpena. Egia da ideologikoki Aralarretik gertu dagoen jende batek zalantzak eduki dituela. Oso denbora laburra izan dugulako, agian ez dugu jakin azaltzen zer den Amaiurren proiektua eta etorkizuneko proiektua. Denborarekin, ezkerrekoa eta abertzalea den eremu horretara itzuliko dela uste dugu.

Nafarroako zenbait militantek adierazi dute desadostasuna abuztutik zuzendaritzak hartutako erabakiekiko. Zatitzeko arriskua du Aralarrek?

Irmo diot ezetz. Ezin da ukatu zenbait militante ez daudela ados alderdiak hartutako erabakiarekin. Alderdia utzi dute zenbaitek, baina, era berean, beste batzuek izena eman dute.

Etorkizuneko ezker abertzale horretan, zer toki izan behar du Aralarrek?

Gauza ez da tokia izatea. Ezker abertzale berriak ez du barne borroka bat izan behar, zenbat duen batek zenbat besteak. Eremu politiko horretan egon behar dugu guztiok, baina portzentajerik gabe, botere kuotarik gabe. Dena den, orain, abiapuntuan gaude, eta alderdi bakoitzari dagokio bere gogoeta egitea.

Aurtengo urtearen zer balorazio egiten duzu?

Gernikako akordioa sinatuz geroztik urrats oso-oso positiboak egiten ari gara. Uste dugu oraindik ere asko dagoela egiteko, baina bide onetik goaz, inongo atzera bueltarik gabe. Normalizazioranzko eta bakeranzko pauso horiek ikusi nahi ez dituenari ez zaio interesatzen, baina pauso horiek ematen ari direla ukatzea errealitatea ukatzea da.

2012ak zer ekarriko digu?

Ez dakit, baina biktima guztiak aitortzeko bidetik jarraitu behar dugu, eta, era berean, konponbide bat eman behar zaio presoen auziari. Presoek eskubideak dituzte, eta horiek bete egin behar dira. Uste dut eremu horretan aurrerapausoak eman behar ditugula. Oraindik Espainiako eta Frantziako estatuek ez dute urrats bakar bat ere egin. Ez da posible estatuak eskatzea urratsak azkarrago egiteko eta berak urrats bakar bat ere ez egitea.

Normalizazio eta bake prozesuan egindako urratsak ukatzen ditu UPNk. PSNk, aldiz, keinu txiki batzuk egin ditu behinik behin.

Ez dut uste horrek inongo pitzadurarik eragingo duenik Nafarroako Gobernuan, nahiz eta alde bakoitzak eszenifikazio bat egin. PSNk gutxieneko pauso batzuk emateak eztabaida eragin dezake, baina gobernuari begira hor ez da pitzadurarik sortuko. Nire iritziz, espekulazioak espekulazio, gobernuak eutsi egingo dio. UPN eta PSNren arteko itunak aurrera egingo du, zoritxarrez.

Uste duzu UPNk pausorik eman gabe jarraituko duela?

UPNk bere diskurtsoari eusten dio, oraingo jarrerak etekin politikoak ematen dizkiolako. Espero dut gertaerek eta errealitateak ikusaraztea ezin dutela horrela jarraitu eta pausoak eman behar dituztela.

Eta nola ikusten duzu PSN? Aurtengo bi hauteskundeetan kolpe handia jaso du.

Ez dut uste aldaketa etorriko denik. Kolpe handia jaso dute, baina iragan legealditik desideologizazio prozesu batean dago. Iragan legealdian erabateko babesa ematen zieten UPNren politikei, eta, orain, berriz, gobernu barruan daude. Hainbeste irrikatzen zuten botere kuota lortu dute, baina ezarritako politikak iragan legealdiko berberak dira.

Oposizioan Bildu, NaBai eta Ezkerra zaudete, eta elkarlan politiko baterako aukera ikusten da.

Bai, hainbat egitasmo elkarrekin egiten ari gara parlamentuan. Lan handia dugu egiteko. Argi dago parlamentuan oso gutxi lortuko dugula, UPNren eta PSNren artean gehiengoa baliatuko dutelako, baina gure lanak parlamentutik kanpo isla izan behar du, eta kalean egiten denak ere isla izan behar du parlamentu barruan. Gizarteak ikusi egin behar du bestelako politika batzuk egiteko gai garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.