Haurdunaldia ez da erraza izaten ari Ane Lekanda Alzibarrentzat. Duela hilabete inguru, haurdunaldiaren 11. astean, Urdulizko (Bizkaia) ospitaleko ginekologo batekin izan zuen hitzordua, odoletan ari baitzen. «Hierarkia basati batez» tratatu zuen osasun langileak, «botere abusua» eginez. Egun batzuk geroago, «indarkeria obstetrikoa» jasan izana salatu zuen bideo batean Lekandak, eta Instagramen eskegi. Espero zuena baino oihartzun handiagoa izan du. «Berrehun testigantza baino gehiago jaso ditut», jakinarazi du handik hilabetera.
Indarkeria obstetrikoa «oso ikusezina» da, eta «normalizatua» dago, Lekandaren irudiko. «Hori aldatu beharra dago». Horregatik erabaki zuen bideoa grabatzea. «Neure burua indartsu ikusi nuen ahotsa altxatzeko, nire alde eta horrelako egoeraren bat jasan dutenen alde; justizia soziala egiteko modu bat izan da niretzat», aitortu du. Horrez gain, susmoa zuen ginekologo berak gaizki tratatu izan dituela beste emakume batzuk, eta hala baieztatu diote gero andre askok.
Otsailaren amaieran, odoletan esnatu zen Lekanda, eta Urdulizko ospitaleko larrialdietara jo zuen. Bertan, baina, ez zegoen ginekologorik, eta Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) joan behar izan zuen. «Bertan esan ziguten poltsa apurtu nuela, ez zegoela zalantzarik eta, beraz, haurdunaldia ez zela bideragarria». Taupadarik ez zegoela baieztatzeko, hitzordua eman zioten Urdulizko ospitaleko ginekologo batekin.
«Neure burua indartsu ikusi nuen ahotsa altxatzeko, nire alde eta horrelako egoeraren bat jasan dutenen alde; justizia soziala egiteko modu bat izan da niretzat»
ANE LEKANDA ALZIBARUrdulizko ospitalean jasandako tratua salatu duen emakumea
Kontsultara joan baino lehen, Lekandak senarrari esan zion berak ez zuela ekografia ikusi nahi; senarrak, berriz, baietz. «Nik ginekologoari esan nion ez nuela ekografia ikusi nahi, baina senarrak ikusiko zuela. Orduan, modu txarrean esan zidan: berak ikusten badu, zuk ere ikusiko duzu, ez dut ezer ulertzen». Lekandak erantzun zion hura bere gorputza zela, berak hartuko zituela erabakiak eta ginekologoak ez zuela ezer epaitu behar. Bikotearen harridurarako, haurra ondo zegoela esan zien osasun langileak, ez zekiela zer gertatzen ari zen.
Osteogenesi inperfektua
Enpatiarik ez zuela leporatu, eta Lekandak ginekologoari esan zion kexa bat jarriko zuela. «Egoerak okerrera» egin zuen orduan. «Ez ninduen begiratzen, barre egiten zuen, hierarkia basati batez begiratzen zidan...», jaso du bideoan. Besteak beste, osteogenesi inperfektua zuela esan zion Lekandak, eta irakurri zuela lotura izan zezakeela «mintzen haustura goiztiarrarekin». Hori dela eta, odol analisi bat eskatu zion, baina ginekologoak ez zion eman nahi izan. «Harropuzkeria handiz erantzun zidan, erabateko zigor tonuan».
Barre egiten zuen bitartean, zera esan zion ginekologoak: «Bi kexa jarriko dizkidazu, ala?». Lekandak adierazi zion egiten ari zena «indarkeria psikologikoa» zela, eta berak ez zuela ezer egin horrela tratatua izateko. «Hark niri egotzi zidan errua, esanez defentsiban sartu nintzela; baina ni izututa sartu nintzen, horrelako egoera batean egon zaitezkeen bezala». Indarkeriaren errua berari ez leporatzeko esan zion. Izan ere, nahiz eta une horretan «gaizki» egon, Lekanda erabat gai izan zen egoera ulertzeko eta ginekologoa egiten ari zen «botere abusua» identifikatzeko.
Are jarrera bortitzagoa erakutsi zuen langileak. Bertatik ateratzeko gonbidapena luzatu zien, eta hurrengo egunetarako zuten hitzordua bertan behera utzi. «Esan zidan ez zegoela hitzordurik beste ginekologoekin, denak hartuta zeudelako jada». Ezer ulertu gabe atera ziren handik, «triste, haserre eta beldurtuta». Beste ginekologo batek baieztatu zien dena ondo zegoela. «Berak ere ez zekien zer gertatzen ari zen, baina oso ondo tratatu gintuen». Orain badaki hematoma bat duela eta murrizten ari dela. «Pixkanaka desagertuko dela espero dugu».
Kexak jartzeko deia
Ginekologoarekin bizitako egoera salatzeko, Lekandak kexa aurkeztu du Osakidetzan. Gauza bera egiteko eskatu die horrelako zerbait bizi izan duten emakumeei. «Kexa gutxi batzuk badaude, ez ikusiarena egin dezakete, orain arte egin duten bezala; baina asko baldin badira, ez». Lekandak momentuz ez du erantzunik jaso Osakidetzaren aldetik. Medikuen Elkargoan, EAEko Arartekoan eta Kontsumobiden ere kexak jarriko ditu laster.
Lekandak ez du nahi egoera hau «barne salaketa» hutsa izatea. Horregatik grabatu zuen bideoa: «Egiturazko kontu bat da hau, eta gutxienez sozialki kondenatu behar dugu, legez ezin baita, sinetsezina dirudien arren». Izan ere, Lekandak ohartarazi du indarkeria obstetrikoa ez dagoela Espainiako Zigor Kodean jasota. «Horrek babesgabe uzten gaitu». Zigor batzuk ezarri dituzte, baina «oso kasu larrietan». Abokatu batek Lekandari esan zion bere kasuan bide penala ez zela bideragarria.
Legez ezer egin ezin bada ere, «ginekologoari aurre egin izana» eta «bideoaren ostean jasotako babes guztia» lagungarria izan da Lekandarentzat. Izan ere, espero zuen baino «askoz irismen handiagoa» izan du bideoak. Hainbat komunikabidek argitaratu dute haren istorioa, eta emakume askok euren testigantza bidali diote. Lekandak horietako batzuk eskegi ditu haren kontu pertsonalean, izena aipatu gabe. «Gutxi hitz egiten da horretaz, baina, zoritxarrez, uste baino askoz ohikoagoa da indarkeria obstetrikoa».
«Egiturazko kontu bat da hau, eta gutxienez sozialki kondenatu behar dugu, legez ezin baita, sinetsezina dirudien arren»
ANE LEKANDA ALZIBARUrdulizko ospitalean jasandako tratua salatu duen emakumea
Lekandak Urdulizko ospitalean bizitakoa, beraz, ez da kasu bakan bat. Emakume batzuek ginekologo berarekin bizitakoa kontatu diote, baina beste askok beste hainbat ospitaletan pairatutakoa. Lekandak azaldu duenez, emakume askok momentuan bertan ez zuten identifikatu indarkeria pairatzen ari zirenik, «oso normalizatua eta isilduta» baitago.
Mugimendu feministaren lana
«Horregatik da hain garrantzitsua ikusaraztea», azpimarratu du. Eta erantsi du mugimendu feministak lortu duela indarkeria mota horretaz gehiago hitz egin dadila, baina oraindik gizartearen zati handi batek hura «ukatu, minimizatu eta justifikatu» egiten duela.
Babesa eman dioten mezuez eta testigantzez gain, kritika gutxi batzuk ere jaso ditu Lekandak. «Kritikatu naute ginekologoari kexa bat jarriko niola esateagatik edota egiten ari zena indarkeria psikologikoa zela esateagatik». Iruzkin horien bidez «errua biktimari bota» nahi diotela salatu du Lekandak, «beste indarkeria askotan gertatzen den bezala».
Hala ere, mezu horiek ez diote eragiten, argi baitu zer bizi izan zuen, «indarkeria matxistetan espezializatutako psikologoa eta kriminologoa» delako. Horri esker, unean bertan identifikatu ahal izan zuen indarkeria, eta erantzun bat emateko gai izan zen. Bestela, uste du ez litzatekeela hain erraza izango.
Beste kexa bat ere jarri du Osakidetzan, salatzeko Urdulizen ez dagoela larrialdietarako ginekologorik. «Dirudienez hori normala da, eskualdeko ospitalea delako, baina ez zait ondo iruditzen», esan du. Eta segituan eman du azalpena: «Horrelako zerbait gertatzen denean, gure erreferentziazko ospitalera joaten gara, eta ez dugu zertan jakin ez dagoela behar dugun espezialitatea. Gainera, triajea pasarazi zidaten, eta haurdunaldi test bat egin, abortua izan zitekeela esateko. Hurrengo goizaldera arte itxaroteko esan zidaten, orduan etorriko zelako ginekologoa». Bikoteak, baina, larrialdietara jo zuen, «egoera ez zelako zain egoteko modukoa». Lekandaren ustez, atetik sartu bezain pronto Gurutzetara eraman behar izan zituzten, «bertan denbora galdu beharrean».
Lasaiago dago orain Lekanda, fisikoki zein psikologikoki. Gurutzetako ospitalean ari dira haren jarraipena egiten; orain arte artatu duten profesional guztiek ondo tratatu dutela nabarmendu du. Hala ere, Lekandak ez du auzia albo batera uzteko asmorik. Sinadura bilketa bat jarri du martxan, gertatutakoa ordezkari politikoengana irits dadin eta «aldaketa bat» egon dadin. 500 sinadura behar ditu horretarako, eta, momentuz, 370 inguru lortu ditu. Argi utzi du Lekandak: «Indarkeria obstetrikoa gertatzen da, eta guk uste baino askoz maizago».