Unibertsitateetako errektoreordeak eta autonomia erkidegoetan USE unibertsitatera sartzeko ebaluazioaren koordinazioaz arduratzen direnak egunotan bildu dira Bilbon, USEaren eredu berria lantzeko, eta proposamen bat ondu dute; Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia datorren astean bilduko da ziur aski, hura berresteko. Hori eginda, erkidegoetako arduradunek azterketa ereduen sorta bat prestatu beharko dute, baita ikastetxeei helarazi ere.
Bileretan parte hartu duten iturriek EFEri jakinarazi diotenez, uste dute «ahalik eta azkarrena» argituko dela azterketa eredu berriak nolakoak izango diren, eta espero dute Batxilergoko bigarren mailako ikasleek Gabonetarako jakin ahal izatea nolako etsaminak pasatu beharko dituzten.
Ez dute errektoreordeen proposamena argitaratu, baina ziurtatu dute Espainiako Gobernuak onartutako dekretuaren izpirituari eutsiko diotela. Horren arabera, galderen %20 «konpetentzietan oinarritutakoak» izango dira. Gainera, ikasleek gaitegi guztia ikasi beharko dute, irakasgai bakoitzerako azterketa eredu bakarra egongo baita; orain arte, ikasleek bi eredu izaten zituzten aukeran.