Galdeketa

Usansolo herri izatearen alde bozkatu dute botoa eman dutenen %81ek

Herri galdeketa egin dute igandean, herri independentea izan edo ez erabakitzeko. Galdeketaren emaitza ez da loteslea, eta Bizkaiko Batzar Nagusien esku geratuko da azken erabakia.

Usansolo herritarrak bozkatzen, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 27a
14:40
Entzun

«Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?». Galdera horri erantzun diote igandean Usansoloko (Bizkaia) herritarrek, eta argia izan da erantzuna: bai. Hori bozkatu dute botoa eman duten herritarren %81,54k, eta ezezkoa, berriz, %14,29k.

Galdakaoko Udalak emandako datuen arabera, denera 2.302 lagunek parte hartu dute bozketan, hau da, hautesleen %63,12k. Denera 3.771 ziren botoa eman zezaketenak, hamasei urtetik gorako herritarrak.

Galdakaoko Udalak joan den martxoaren 7an iragarri zuen galdeketa, hori egiteko baimena jaso ostean. Emaitza ez da loteslea izango, eta, orain, emaitza baiezkoa izan denez, Bizkaiko Batzar Nagusien esku geratuko da azken erabakia. Herrialdeko 113. udalerria bihurtuko litzateke Usansolo, eta ia lau hamarkadako bidea amaituko lukete.

Hirugarren galdeketa

Atzokoaren aurretik kontsulta bi egin dituzte Usansolon. Bata, 1987an, eta bestea, 2014an. Ez ziren ofizialak, baina bietan lortu zuen gehiengoa desanexioaren aukerak. EAJren oposizioa tarteko, desanexioaren bideak ez zuen aurrera egin. Prozesua urteetan geldi egon ostean, 2011n Usansolo Herria plataforma eratu zen, desanexio prozesua bultzatzeko. Udal hauteskundeetara aurkeztu ziren, eta eserleku bi lortu zituzten urte hartan, eta beste horrenbeste 2015ean eta 2019an. Azken legegintzaldian, Galdakaoko udal gobernuan sartu ziren, EH Bildu, Podemos eta Auzoak izeneko independenteekin, eta orduantxe ekin zion udalak prozedurari.

Udalak Batzorde Misto bat eratu zuen, bi herriek independente izanez gero zer ezaugarri izango lituzketen jakiteko memoria bat egiteko. Hainbat ikerketa txertatu zituzten, eta bertan zehaztu zituzten Galdakao eta Usansolo bereiziek izango lituzketen mugak, alderdi ekonomikoak, soziologikoak eta juridikoak. Baita zerbitzuekin eta udal langileekin zer gertatuko litzatekeen ere. Memoriaren ondorio nagusia da Usansolo eta Galdakao bereiziak bideragarriak izango liratekeela, eta banaketaren ondorioz ez litzatekeela gutxituko aurretik zeuzkaten zerbitzuen kalitatea.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko abenduan eman zion oniritzia Batzorde Mistoaren memoriari, eta urtarrilean hasi zen udala kontsulta antolatzen. Loteslea ez bada ere, ariketa demokratiko «beharrezkoa» da Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearentzat. «Ni usansolotarren alkatea ere banaiz; beraz, haien hitza entzun gura dut», esan du. «Keinu garrantzitsua da, erakusten baitu udalak behingoz ofizialki erabaki duela haien hitza entzutea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.