Berrogei urteko borroka gaur amaituko da: Espainiako Gobernuak tokiko erakundeen erregistroan sartuko du Usansolo gaur, eta, hartara, Bizkaiko 113. udalerria bilakatuko da. Estatuko abokatutzak atzo jakinarazi zuen bertan behera utziko zuela Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo herri izendatzeko hartutako erabakiaren aurkako neurria, eta, oztopo hori kenduta, herri bilakatzeko azken tramitea egin ahalko du.
Ikusi gehiago
Usansolo herri bilakatzeko aldarriak trantsizio garaitik zabaldu ziren, baina zailtasun ugari izan ditu. Pixkanaka, adostasunak josten joan dira, eta, azkenean, Galdakaoko Udalak 2020an eman zion oniritzia Usansolo udalerritik bereizteari. Herri galdeketa bat ere egin zuten urte hartako martxoan, eta aldekoek irabazi zuten.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, berriz, 2022ko azaroan eman zioten onespena; PSE-EEk kontra bozkatu zuen, eta PP abstenitu egin zen. Gehiengo nabarmen horrek —EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin alderdiek babestu zuten—, ordea, traba bat zuen: udalerri berriak sortzeko 5.000 biztanle eskatzen ditu legeak, eta Usansolok 4.500 inguru ditu. Estatuko abokatutzak helegitea jarri zion, beraz, batzar nagusien erabakiari.
EAJk eta PSOEk auziari buruz hitz egin dute azken hilabeteetan, eta adostasun bat lortu dute Pedro Sanchez inbestitzeko markoaren barruan. Hartara, abenduaren 19ko ministroen kontseiluak erabaki zuen Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legea aldatzea: aurrerantzean, 5.000 ez, 4.000 herritar beharko ditu udalerri gisa eratu nahi duen tokiko komunitateak; atzo argitaratu zen erabaki hori Espainiako Aldizkari Ofizialean. Gutxieneko biztanle kopuruaren muga jaitsita, abokatutzak atzera egin du, eta Usansolo herri bihurtzeko azken oztopoa bertan behera gelditu da.
Espainiako Gobernuak gaur tramitea eginda, beraz, arauzko eta inolako oztoporik gabeko udalerri bilakatuko da Usansolo. Orain batzorde bat izendatu beharko dute, behin-behineko udal taldea osatzeko.
Galdakaoko Udalak ohar bat zabaldu du, 2019tik egindako «apustu garbia» gogora ekarriz: «Euren herri izaera aldarrikatzen eta udalerri gisa eratzeko eskaera egiten hamarkadak egon ondotik, lau urtean askatu da korapiloa. Usasonlotarren nahia entzun eta haien erabakia errespetatzeko apustua egin zuen udalak, Galdakaoko gobernua aldaketa izan zenean. Ariketa demokratiko hori amaieraraino eramateko lan handia egin du ordutik, eta elkarlan horretan jarraituko du».
Udal berria sortzeak esan nahi du orain Galdakaoko Udalaren esku dauden «zerbitzu asko» eskualdatzea, oharrean gogorarazi dutenez. «Gradualki» egingo dute hori, «naturaltasunez» eta adostasunak bilatuz. Azaldu du datozen egunetan bilduko dela desanexioa kudeatuko duen batzordea —Galdakaoko Udalak berak, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eratu behar dute—, eta horrek zehaztuko ditu hemendik aurrerako pausoak.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak pozez hartu du berria, eta ziurtatu du desanexioa modu ordenatuan eta gardenean egingo dutela, eta kudeaketa batzorde hori antolatu eta eskualdatzeak martxan jartzeko prest agertu da.