Aranoko bizilagunak, Goizuetakoren batzuk, Ereñotzukoak, Hernaniko gehiago, Urnietakoak... eta pankarta bakarra: «Urumeako mendietan makroelikorik ez». Ehun bat lagun, gutxi gorabehera, elkartu dira gaur arratsaldean Hernaniko Gudarien plazan, Urumeako Mendiak Bizirik plataformari hauspoa emateko. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko eremu horretan, Urumea ibarrean, enpresa handiek eraiki nahi dituzten bi proiektu eolikoei kontra egiteko sortu dute taldea, eta herritarrak deitu dituzte bat egitera eta mobilizazioetan parte hartzera.
Orain duela urtebete inguru, FE Energy aholkularitzako langile batzuk Aranon agertu zirenean jabetu ziren eskualde horretan proiektu eoliko handi bat —100 megawatteko potentzia lukeen hamalau haize errotako egitasmo bat, aipatutako herriak ez ezik Berastegi eta Elduain ere ukitzen dituena— egiteko asmotan zebilela Repsol, aholkularitza horrek enpresa horrentzat lan egiten baitu. Eraikiko balute, Euskal Herriko parke eoliko handienetako bat izango litzateke.
Eta horrez gainera, bada eremu berean beste proiektu bat, Ereñotzuko lurretan (Hernani, Gipuzkoa): 33 megawatteko potentzia lukeen beste proiektu bat garatzen ari da beste enpresa talde bat. Endesarekin harremana du, Urumeako Mendiak Bizirik taldearen arabera.
Ikusi gehiago
Proiektu horiekin kezkatuta, Aranoko zenbait bizilagun antolatzen hasi ziren, eta inguruko herrietakoak ere taldera biltzen hasi dira geroztik. Iaz sortu zuten Urumeako Mendiak Bizirik taldea, eta gaur Hernanin egin duten adierazpenean azaldu dute «herri ekinbide irekia» dela, eta herritarrei eskatu diete Urumea ibarra erabat aldatuko luketen proiektu horien aurka ekiteko eta plataformarekin bat egiteko.
Txalapartarekin deitu dute prentsaurrekora, eta segidan azaldu dute zergatik daude bi proiektu eoliko horien kontra. Plataformako kideen esanetan, trantsizio energetikoaren izenean «ezin konponduzko txikizioa» eragingo dute eskualde horretako mendietan, eta bertako bizilagunen osasunari eta bizi kalitateari kalte egingo diete. Aranoko herria, esaterako, haize errotek inguratuta geldituko litzateke.
Proiektu horiek eragingo dituzten lur mugimenduek eta antropizazioak «industrializatu» egingo dituzte mendi horiek, plataformako kideen esanetan. Gainera, gogora ekarri dute Urumeak Leitzarango ibarra eta Aiako Harriko parke naturala lotzen dituela, hainbat naturagune babestu dituela, eta bi ibar horietan arteko korridore ekologiko naturala dela. Ohartarazi dute proiektu horiek lehen sektoreari ere kalte egingo diotela.
Eremuaren ondare arkeologiko eta kulturala
Horrez gainera, nabarmendu dute ondare historiko, arkeologiko eta kultural nabarmena duela aerosorgailuak kokatu nahi dituzten eremu horrek: Oindi eta Mandoegi arteko estazio megalitikoa, Brontze Aroko dozenaka aztarna katalogatu dituena —trikuharriak, harrespilak, menhir bat...—, bete-betean ukituko baitute proiektu «makroeliko» horiek.
Horregatik guztiagatik, uste dute «zentzugabekeria» bat dela enpresa handi horiek Urumean planteatzen ari diren bi proiektuak. Helegiteak aurkezteko lanean ari dira.
Plataformako kideek uste dute herritarrek eta eragile publikoek landu behar dituztela horrelako energia proiektuak, eta erabakitzeko ahalmena eduki behar dutela, gainera. Urrunago ere joan dira, eta esan dute behar energetiko «horren larriak» dituen gizarte batek, aurrera egitekotan, «aldaketa sozial eta ekonomiko bat» behar duela. Adierazi dute energia berriztagarriak kokatzeko, berriz, «lehendik antropizatutako eremuak berrerabili» beharko liratekeela.
Argudio horiekin, dei egin dute Urumeako Mendiak Bizirik plataformarekin bat egitera, eta eskatu dute hemendik aurrera antolatuko dituzten ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzeko. Horrez gainera, bat egin dute heldu den larunbatean Iruñean Aroztegiko zazpi auzipetuen alde egingo den manifestazioarekin.