Uruguaiko Gobernua egunotan da zehaztekoa zein enpresari emango dioten marihuana jolaserako produzitzeko lizentzia, Uruguaiko farmazietan komertzializatu ahal izateko. 2013an onartu zuten estatuaren kontrolpean marihuanaren ekoizpena eta komertzializazioa arautzeko legea, Jose Mujica presidente ohiak (2010-2015) bultzatuta, narkotrafikoaren kontra egiteko estrategia gisara.
Herrialde hori aitzindari izan zen gai horretan, drogen aurkako politiken inguruan halako ikuspegia agertzeagatik. Mundu guztia harritu zen ezarritako arau batekin: etxean eta erretzaileen klubetan landatzea baimentzen du, nahiz eta farmazietan saltzeko aukera atzeratu zuen Tabare Vazquez presidenteak, gaia nazioartearen begiradapean egonik ezin huts egin zitekeela argudiatuta.
Hala esan zuen Uruguaiko Drogen Batzar Nazionaleko presidente Juan Andres Roballok: «Prozesuaren amaieran gaude. Bukatzear da enpresek gai batzuk egiaztatzeko zuten epea». Gobernuak eskakizun batzuk betearazi dizkie aurkeztutako hogei enpresetatik 11ri. «Epea bukatuta, azken analisia egingo da, erabakitzeko zein enpresa adjudikatuko den edo diren kalamua ekoitzi eta banatzeko». Iturri ofizialen arabera, lizitazioan bereziki erreparatu diote marihuana ekoitzi nahi duten enpresen finantza oinarriari.
Arauaren arabera, nomina ofizial batean erregistratutako uruguaitarrek baimena izango dute farmazietan hilean kalitate oneko 40 gramo kalamu erosteko. Saiatuko dira salneurria lehiakorra izan dadin merkatu informalekoarekin, non gramoa dolar batean saltzen den.
Plantazioak
Lizitazioak onartuta, enpresa hautatuek estatuaren jabetzako lurretan landatu beharko dute kalamua, San Jose departamentuan —herrialdeko jendetsuenetako bat da, eta hegoaldean dago—. Gutxi gorabehera, lau hilabete beharko dira uzta jasotzeko. Ondoren, baimendutako farmazietan salduko da droga, eta kontsumitzaileek Kalamua Erregulatzeko eta Kontrolatzeko Institutuan eman beharko dute izena.
Litekeena da hilabeteak igarotzea marihuana landatu aurretik, Kalamua Erregulatzeko eta Kontrolatzeko Institutuak izen emate hori onartu behar baitu lehenago. Batzuek, agian, pentsatuko dute kez eta usain berezi batez beterik ospatu dela marihuana legeztatu izana, baina seguru asko ez dute jakingo legezko prozesuak nolako burokrazia dakarren.
Uruguaiko agintariek espero dute marihuanaren komertzializazioa martxan egotea NBEk drogen nazioarteko arazoari buruz batzar berezia egiterako; 2016ko apirilean izango da, eta Uruguaik jarrera hori bultzatuko du.
Uruguain etxeko hazkuntza dago martxan oraingoz, kalamua etxean landatu nahi dutenentzat, bai eta elkarteak ere; kooperatiba gisakoak dira, taldean landatzeko. Kopuru mugatua izaten dute.
Kalamu elkarteak
Legea onartu ostean, kalamu elkarteak ugaritu egin dira, Montevideon batik bat, Uruguaiko hiriburuan. Gobernua 2014an hasi zen ekoizleen klubak erregistratzen. Klubetan, gehienez 99 landare landa ditzakete, eta 45 kide izan daitezke; negutegi handiak dituzte, eta nahierara landa dezakete bazkideek. Nahiz eta lortu duten erretzaile asko azaleratzea, elkarte horiek araudi zorrotz samarra dute: legez kanpokoa da elkarte bateko kide izan eta aldi berean etxean landatzea edo elkarte gehiagotako kide izatea.
Kasu batzuetan, elkarte batean sartzeko 400 dolar inguruko kuota ordaindu behar da, eta horrez gain hilero 90 dolar inguru pagatu. Diru hori kalitateko marihuana ekoizteko izaten da batik bat. Hezetasuna kentzeko makinak, haizagailuak, aire girotua eta karbono irazgailuak izaten dituzte elkarteek, landareak fase guztietan ondo elikatzeko. Uzta jaso ondoren, bozketa egiten dute, landare ekoizle hoberena aukeratzeko.
Kontsumoa ez zen handitu
Drogen Batzar Nazionalak ikerketa batean ziurtatua du kalamuaren ekoizpena eta salmenta arautu zenetik Uruguain ez dela droga horren kontsumoa ugaritu. Azken inkestan, %9,3k esan zuten marihuana kontsumitu zutela azken hamabi hilabeteetan—2011n %8,3 ziren—. Azken hamalau urteetan izandako igoerarik txikiena da. %6,3k aitortu dute egunero kontsumitzen dutela.
Azterketaren arabera, «kontsumoaren igoera 2001ean hasitako joeraren ondorio da, eta arautzearen inguruko eztabaidak ez zuen eragin kontsumo ohituretan». 2001etik 2006ra igo zen gehien kontsumoa (%1,4tik %5,5era), eta 2011n gero (%8,3ra).
Lehen aldiz, inkestak kontuan hartu ditu ekoizpena eta salmenta. %66k ziurtatu dute zuzenean edo zeharka egon direla narkotrafikoarekin nahasita, eta %26k, berriz, norberak landatzen zuela.
Lege argitaragabe honek dio kontsumitzaileek euren landareak landa ditzaketela —ezarritako mugak betez—, klubetan izena eman hilero kantitate jakin bat eskuratzeko, edo kalamua farmazietan erosi. Zenbait inkestaren arabera, %13k esan zuten ez luketela aukera horietako bat bera ere erabiliko produktua legea beteta eskuratzeko.
Uruguaik narkotrafikoaren aurka borrokatzeko politika zapaltzaileak berrikustea bultzatzen du, argudiatuta orain arte bide horrek ez duela esperotako emaitzarik izan eta kontsumoa igo egin dela. «Debekuak ekarri duen porrota ikusirik, kalamuaren merkatua erregulatu eta kontrolatzea da osasun publikoa eta herritarren segurtasuna babesteko aukerarik egokiena», Drogen Batzar Nazionalaren arabera.
Jose Mujica presidente ohiak hartutako neurria ideologikotzat baino gehiago praktikotzat hartu zen. Mujicak berak azaldu zuen 150.000 pertsonak baino gehiagok erretzen dutela kalamua Uruguain, eta horregatik erabaki zuen legeztatzea, errazagoa baitzen «legezko zerbait kontrolatzea» trafikanteen esku uztea baino.
Droga. Euskal Herria
Uruguai, bide berrien ispilua
Estatuaren kontrolpean kalamua ekoiztea eta saltzea onartu zuen Uruguaik 2013an. Hastear da prozesua. Inkesten arabera, erabakiak ez du eragin kontsumoa handitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu