40 urte bete zituen atzo Osakidetzak, baina, urtebetetze borobila izanagatik, ez zen egun alaia izan langile askorentzat. Asteko bigarren greba eguna izan zuten, Osakidetzaren «desegitea» salatzeko, eta Jaurlaritzako Osasun Sailari negoziazio mahaira deitzeko.
Jende andana bildu zen SATSE, ELA, LAB, Medikuen Sindikatua, CCOO eta UGT sindikatuek Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatutako manifestazioetan, eta salatu zuten negoziazioak etenda daudela. Eurekin jesartzeko deia egin zioten Osasun Sailari. «Urte hauetan galdutako erosahalmena berreskuratu nahi dugu, eta duela hamalau urteko lan hitzarmena eguneratu», aldarrikatu zuen ELAko Esther Saavedrak.
Kalera atera ziren beharginek erreibindikazio ugari dauzkate: lehen mailako arretan gehiago inbertitzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasun tasa %8tik behera mugatzea, 2018-2019ko LEPa ebaztea, 2022ko lan deialdira deitzea eta Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentrokoei onartzea ospitaleetako langileek kobratzen duten %4ko plusa.
Sindikatuen arabera, greban %65eko parte hartzea izan zen atzo —herenegun, %50eko datua eman zuten— baina Osasun Sailak dio %14,51koa izan dela —herenegun, %10ekoa—. Datuen dantza hori gurata egitea leporatu zioten Osasun Sailari, «grebaren eragina gutxiesteko». Sindikatuek azaldu dutenez, Osakidetzak langile kopuru osoaren arabera kalkulatu zuen ehunekoa, eta ez gutxieneko zerbitzuen ondorioz greba egiteko eskubidea zenbatek daukaten kontuan hartuta.
Hala ere, SATSE sindikatuko Amaia Mayorrek adierazi zuen oztopoak ipini dizkietela zenbaketa egiteko, Osakidetzako zentralak osasun zentroei agindu dielako ez emateko parte hartze datuak. Haren berbetan, grebak herenegungoak baino oihartzun handiagoa izan zuen, batez ere lehen mailako arretan, «haren egoeragatik».
Bilboko manifestazioan ere argi ikusi zen zerbitzu ugari batu zirela. Lehen mailako arretako langileen pankartaren atzetik, Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentrokoak zebiltzan. Eta horien atzetik, Gurutzetako Larrialdien Asanbladakoak, Osasun langileak oso erreta gaude: osasungintza publikoa defendatu zioen pankarta batekin. Biltegietako langileak ere han zeuden, biltegiak ez pribatizatzeko eskatzen. Pentsiodunak ere batu zitzaizkien protestara, txaloen eta elkarren aldeko oihuen artean.
Osasun langileen prekarizazioan ipini zuen arreta Mayorrek: «Langileek ez dituzte kontratu duinak, eta oso zaila egiten zaie lana eta familia bateratzea». Oraingoa bide luzeko arazoa da, Jessica Gondra LABeko bozeramailearen ustez: «Ez da bakarrik osasun langileen falta, pribatizazioa eta inbertsio falta ere arazoaren parte dira».
Sindikatuek lan eskaintza publikoen aferagatik ere kritikatu dute Osasun Saila. Izan ere, langile askok oposizioak alferrik egiteko arriskua dute, 2018-2019 aldiko LEP lan eskaintza publikoko azterketen emaitzak ez direlako ebatzi. Ez dakite egindako azterketarekin postua lortu zuten ala ez, eta batzuek hilabeteak eman behar dituzte berriro ikasten, badaezpada.
Berriro harro egoteko
«Langile falta», «lan karga handiak», «lantaldearen zahartzea» eta «bete bako akordioak» zerrendatu zituen UGTko Mari Feli Camposek, eta azpimarratu osasungintzako «itxaron zerrenda luzeak» horien ondorioz sortzen direla. «Osakidetzaren sorreratik 40 urte igaro direla ospatu nahi badute, kontuan izan behar dituzte langileen eskaerak: entzun, negoziatzera jesarri eta baldintzak hobetu», nabarmendu zuen.
Osasungintza publikoan «dinamika aldaketa bat» egon dadila eskatu zuen SATSEko Mayorrek txalo artean, manifestazioaren akaberan: «Nahi dugu Osakidetza berriro izatea hartan lan egiten dutenak eta euskal gizartea harro egoteko modukoa».
Greba Osakidetzan
Urteurrena, protestan
Osakidetzako langileek manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, salatzeko Osasun Sailarekin dituzten negoziazioak geldituta daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu