«Diru laguntzak murriztu dira, deialdiak murriztu dira, baita Hezkuntza Sailak 1998. urtetik ematen zigun diru saila desagertu ere». Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari Karmele Artetxek azaldu du horrek guztiak azken urteetako erabaki zailenak hartzera bultzatu dituela. «Etorkizuna kolokan ikusi genuen, eta, horren ondorioz, jendea kaleratu, lanaldietan murrizketak egin eta gastuen kontrol are eta zorrotzagoa egin behar izan dugu». Horregatik, iaz arte jaso zuen diru laguntza berriz ezartzeko eskatu dio hilaren 21etik aurrera sortuko den Eusko Jaurlaritza berriari.
Nabarmendu dute bazkideen babesari esker egin dutela aurrera. Lehenago inoiz egin ez zuten arren, diru ekarpenez laguntzeko eskatu zieten bazkideei. Beste ate batzuk jo dituzte, eta zenbaitek babesa erakutsi diete. «Horri esker, gaurdaino iritsi gara. Baina bazkideentzat dira eskerrik beroenak, baita gurekin eskuz esku egunerokotasunean lanean aritu direnentzat ere; babesa, lanorduak, ilusioa eta dirua ere eman diotelako UEUri».
Egungo ekonomia krisia dela medio, zenbait diru laguntza murriztea ulertuko luketela diote unibertsitateko kideek, baina ohartarazi dute diru funtsa osorik kentzea ez dutela «onartzen».«Izan ere, guretzat sail hori, hil edo bizikoa izateaz gainera, gure jardueraren aitorpena ere bada».
Udako ikastaroek 40 urte bete dituzte aurten. «Euskal Herriari unibertsitatea ukatu izanak eta unibertsitatea zor zaiola barneratu izanak Euskal Unibertsitatearen aldeko dinamika mugiarazi izan du», nabarmendu du UEUko zuzendari ohi Martin Orbek.
Azaldutako egoera pairatu arren unibertsitatean inoiz baino ikastaro, mintegi, jardunaldi eta granduondoko gehiago daudela esan du UEUko zuzendariak. Bereziki nabarmendu ditu EHUrekin elkarlanean martxan jarri dituzten hiru granduondoko berriak: Itzulpengintza eta Teknologia, Hondakinen Kudeaketa eta XXI. mendeko Euskal Pentsamendua. «Euskal Unibertsitatea lortzeko bidean estrategikoak iruditzen zaizkigu», adierazi du.
Nortasuna giltza
UEUko I. Merezimendu Saria Martin Orbe zuzendari ohiari eman diote. Artetxek azaldu du «UEUren estiloa» dei daitekeena berak ezarri zuela. «Haren umeak gara, neurri batean behintzat, gaur hemen gauden guztiok», adierazi du.
UEUn eta euskal kulturgintzan garrantzi eta itzal handiko pertsonen lana eta ibilbidea onartu nahi du sariak. Unibertsitatearekiko izan duen konpromisoa eskertu diote Orberi. «Une zailetan egin duen lana onartuz eta orduan UEU ondo baino hobeto kudeatu izana eskertuz».
Mikel Aizpuruaren hitzak hartuta Orbek finkotu zuela lan egiteko modua UEUn.
Urteroko diru laguntza berrezartzeko eskatuko dio UEUk Jaurlaritza berriari
Ikasturte hasierari ekin dio Udako Euskal Unibertsitateak, Martin Orbe zuzendari izan zena sarituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu