Uholdeak. Urtegien egoera

Urtegiei begirik kendu gabe

Lareoko, Ibiurreko, Ibai-Ederreko eta Arriarango urtegiak maila gorenera iritsi dira, baina kontrolpean egon diraHartu dituzten prebentzio neurriak egokiak izan direla esan dute arduradunek

Urtegiei begirik kendu gabe.
ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Urtegiei begira. Halaxe igaro zuten ur partzuergoetako arduradunek atzoko eguna. Agindua argia zen: ibaien ur emariari eustea. Urtegietako batzuk maila gorenera iritsi baziren ere, «aurreikuspenen barruan» joan zen eguna, arduradunen esanetan. Datozen egunetan berriro uhateak eta isurbideak ireki ahal izatea espero dute, urtegietako ur maila jaitsi ahal izateko. Zadorrakoak gaur irekiko dituzte, ziurrenera.

Atzo arratsaldeko datuen arabera, hiru urtegi iritsi ziren maila gorenera. Guztiak Gipuzkoakoak: Lareo, Ibai-Eder, Arriaran eta Ibiur. Denek isuri behar izan zuten ura isurtegietara. Baina kontrolatuta egon ziren une oro. Ibiurrekoaren kasuan, lehen aldia zen halako egoera batera iristen zela. Baliarraingo alkate Martzelino Dorronsorok adierazitakoaren arabera, ez zuten espero maila horretara iristea. «Ez behintzat horren bat-batean». Lehen aldia izanda, adi begiratu zuten urtegiaren erantzuna. «Alde horretatik dena ondo joan da. Urtegiak behar bezala funtzionatu du».

Eguraldiari begirik kendu gabe zeuden igande gauaz geroztik Añarbeko Uretako arduradunak, Enrique Noain presidenteak adierazi zuenez. «Igande gauean jaso genuen lehen abisua, eta ordutik adi jarraitu dugu egoera». Lehen iragarpenen arabera, 24 orduan metro koadroko 60 litro ur biltzea espero zen. «Inguru hauetako ezaugarriak kontuan hartuta, kontrolatzeko moduko kopurua da hori. Gainera, nahikoa leku eta tarte bazuen urtegiak ura hartzeko. Egoera ez zen kezkagarria», azaldu du Noainek. Egin zuten bakarra zera izan zen emari ekologikoa handitu, leku pixka bat gehiago izateko.

Astelehen goizean, ordea, iragarpenak okertu ziren, eta atzorako metro koadroko 80 litro ur biltzea espero zuten. «Kopuru hori jada kezkatzekoa zen». Horrenbestez, astelehenean bertan, 15:00etan, beste neurri bat hartu zuten: urtegiko isurbideetako batirekitzea. Barrualdeko bat ireki zuten, eskuinekoa: «Leku gehiago izan nahi genuen urtegian». Atzo 06:45 arte egon zen irekita. «Ereñozu inguruan Urumea ibaiaren emaria handia zela kontuan hartuta, ixtea erabaki genuen. Ordutik erabat itxita daukagu. Urtegia eusten ari zaio Añarbe ibaiak dakarren ur emariari».

Atzo gauean, bestalde, isurbideko uhateetako bat ixteko baimena eskatzekoak ziren Kantaurialdeko Ur Konfederazioari, berriro ere emariari eutsi ahal izateko leku gehiago edukitzeko. Gaurko euri gutxiago espero dute, eta ez horren jarraian egitea. «Hori lagungarria da, eta uhateak itxita arazorik ez izatea espero dugu». Behin larrialdi egoera pasatuta, berriro zabalduko dituzte uhateak eta isurbideak, urtegiko ur maila berriro ere jaisteko. «Urtegia ahalik eta ondoen kudeatzen saiatzen gara, nahiz eta badituen bere mugak».

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere gertutik jarraitu zuen urtegien egoera. Ibai-Eder maila gorenera iritsi zen. Gipuzkoako Urak partzuergoko presidentea ere bada Etxeberria. Argi esan zuen zein zen atzoko gakoa: eustea. «Ezin daur gehiago bota ibaietara, nahikoa ur daramatelako. Hori logikoa da», esan zuen Etxeberriak. Atzo urtegigehienak «oso beteta» zeudela aitortu zuen.«Baina aurreikusitakoaren barruan. Gainezka daudenak ere isurbideetara ari dira botatzen ura, ez ibaietara».

Datozen egunetarako ez dute arazorik espero. «Dena den, tentuz jokatuko dugu, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu. Baina sistemek ondo funtzionatu dute». Bat zetorren horrekin Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari Patxi Tamesen arabera, ibai batzuk gainezka daude oraindik, baina erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana egokia izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.