Omenaldia eta aitorpena eskaini dizkio Eusko Legebiltzarrak Jose Antonio Agirre lehendakariari. Gernikako haritzaren azpian lehendakari izendatu zutenetik 77 urte bete direla eta, gorazarre egin dio erbesteko lehendakariari. Sinbolismoz beteriko ekitaldia izan da. Jaurlaritzako lehen lehendakariari «zor zaiona» emateko ekitaldi solemnea. Izan ere, legebiltzarkide izaera aitortu dio ganberak Agirre lehendakariari, eta horren adierazle gisa ganberaren ikurra eman dio haren sendiari. «Ohore handiz» jaso du aitortza hori Aintzane alabak.
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak proposatuta egin diote omenaldia Agirreri. Eusko Jaurlaritzako lehendakari guztiak izan dira ekitaldian — Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu—eta egungo gobernuko sailburuek eta Legebiltzarreko mahaikideek ere parte hartu dute. «Agur eta ohore» egin diete denek Agirreri, eta berotasuna agertu diote, halaber, haren sendiari.
Agirrek utzitako ondarea goretsi dute omenaldian. 1936ko urriaren 7an euskal gudarostearen gidaritza hartu zuenetik, 1960an Parisen erbesteratuta hil zen arte «askatasunaren eta demokraziaren» alde jardun zuen Agirrek, Legebiltzarreko presidenteak bere hitzaldian azpimarratu duenez. Haren esanetan, berak defendatu zituen balioak XXI.mendeko euskal herritarrentzat «bide-orri eta iparrorratza» dira: «Izan diren eta izango diren belaunaldientzako eredu dugu Agirre lehendakaria, Euskal Herriarekiko izan zuen maitasunean».
Omenaldia ez ezik, aitorpena ere egin dio Legebiltzarrak lehen lehendakariari. Bere egin du. Izan ere, Agirre ez zen sekula legebiltzarkide izan, gerra zela medio, Legebiltzarra aukeratzeko denborarik izan ez, eta herri ordezkarien behin-behineko batzarrak aukeratu zuelako lehendakari. Gabezia hura betetze aldera, iku foruduna eta, horrenbestez, legebiltzarkide izaera aitortu dio ganberak 77 urteren ostean. Legebiltzarkideek berezkoa dute ikur hori, eta, Agirrek izan ezik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari guztiek jaso dute.
Bildutakoen txalo artean eta hunkituta jaso du alabak legebiltzarraren irudia jasotzen duen papar ikurra. Gogoratu du «batasuna, errespetua, tolerantzia eta herriarekiko fedea» izan zirela aitaren balio preziatuenak, eta horiek gaur egun ere etorkizuna eraikitzeko balio dutela. «Etorkizuna eraikitzea denon egitekoa da. Denok izan behar dugu tokia tolerantzian oinarritutako lurralde batean».
Agirreren mezua zabaltzeareneta hari jarraipena ematearen alde egin du, bestalde, Urkullu lehendakariak. «Humanismoa, elkartasuna eta mundura zabaltzea. Horixe izan zen Agirrek utzi zigun ondarea, eta guk haren ideiak gure egiten ditugu». Mundura zabaltzeko aldarrikapena bereziki gogoan izan du Urkulluk bere hitzaldian: «Demokrazia eta askatasuna irrikatzen zituen herri baten enbaxadore nekaezina izan zen».
Honezkero, Agirre lehendakariak utzitako ondarea betirako egongo da Legebiltzarrean. Batetik, dokumentu artxiboan gordeta egongo da 1956ko irailean Parisen bildutako lehenengo Euskal Mundu Biltzarrean aurkeztu zuen deskargu txostena. Eta, bestetik, haren hiru adierazgarri ikusgai izango dira harrera aretoan: zina egiteko erabili zuen formula jasotzen duen pergaminoa, Gernikako Arbolaren azpian egindako zinaren argazkia eta harrera egiteko erabili zen Eresoinka abesbatza eta dantza taldearen ikurrina. «Izan zirelako gara, garelako izango dira. Katea ez da eten», laburbildu du Tejeriak.
Urteetako zorra kitatu dute
Eusko Legebiltzarrak gorazarre egin dio Jose Antonio Agirre lehendakariari, karguaren zina egin zuenetik 77 urte bete direla eta. Legebiltzarkide izaera aitortzen dion ikurra jaso du haren sendiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu