Udal eta foru hauteskundeen aurretik indarrean behar zuen, baina ez da garaiz iritsi. Udal Legea, EAEn udalerrien eskumenak legez zehazten dituen araudia, bozen ostean onartuko du Eusko Legebiltzarrak. Eusko Jaurlaritzaren lege proiektua tramitatzen ari da oraindik ganbera, eta, akordioa lortuz gero, aurten espero da indarrean sartzea. Igande honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortzen diren udal berri guztiei eragingo die lege berriak. Haien eskumenak zehaztuko du —37 eskumen propio izango dituzte—, eta horiek nola finantzatu arautuko.
Jaurlaritzak uste du legea aurrera ateratzeko borondate nahikoa badagoela, eta, beraz, udal gobernu hautatu berriak legea garatzen hasiko lirateke legealdi honetan. Legebiltzarreko tramitazio prozesua, baina, luzatzen ari da. Herri Erakunde, Segurtasun eta Justizia batzordean legebiltzar taldeek eskatutako agerraldiak amaitu dira jada —hamalau izan dira guztira—, baina legebiltzar taldeen eskariz, zuzenketak aurkezteko epea luzatu egin da. Legearen «konplexutasun teknikoa» argudiatuta, epe hori zabaltzeko eskatu dute. Aurreko saioetan ez bezala, diputazioek ez dute helegiterik jarri instituzioen arteko eskumen gatazkak konpontzeko Ebazpen Batzordean. Beraz, alderdiek dituzten zalantzak eta kritikak legebiltzarreko tramitazioan azaldu dituzte.
«Beharrezkoa da legea, aspalditik zeuden arazo batzuei irteera ematen dielako eta sortu diren berri batzuk konponduko dituelako». Elixabete Etxanobe Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetarako zuzendariak dioenez, urteetan izan den hutsune bati erantzungo dio lege berriak. 35 urteren ostean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen eskumenak eta finantzaketak arautu gabe daudelako oraindik. Espainiako Erregimen Lokalaren Oinarrizko Legean oro har jorratzen dira udalen eskumenak, baina, urteekin, udalak hainbat esparrutako ardurak bereganatuz joan dira.Lege zehatzik izan ezean, gainetik dituzten erakundeen menpe daude udalak —Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak—. Egoera hori amaitu nahi du lege berriak: «EAEko egitura instituzionala ixteko falta den pausoa da, eta udalei dagokien tokia emango zaie», dio Etxanobek.
Udalen aldarrikapen historiko bati erantzungo diola uste du Jaurlaritzako arduradunak: finantzaketari. Egun, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak hiru partetan banatzen du dirua: kupoa estatuarentzat, ekarpena Jaurlaritzarentzat eta zati bat diputazioentzat. Ondoren, diputazio bakoitzak erabakitzen du udalerriei nola banatu —udalek euren finantzaketaren %40-50 diputazioetatik jasotzen dute—. Lege egitasmoaren arabera, diputazioek jarraituko dute zehazten udaletarako diru sailak, baina, orain arte ez bezala, udalek hitza eta botoa izango dute Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan, nahiz eta ez erabakigune guztietan. Batetik, Jaurlaritzak eta diputazioek erabakiko dute diru banaketaren multzo nagusia, eta, ondoren, diputazioek udalekin.
Legea legebiltzarrera iritsi baino lehen «ahalik eta akordio politiko eta instituzional zabalena» lortzen saiatu da gobernua, Etxanobek azaldu duenez. Hala ere, legearen zenbait punturekiko desadostasunak egon badaude. Besteak beste, lege egitasmoak dio EAEn «ezarpen handiena» duen udalerrien elkarteak aukeratuko dituela udalerrien izenean Herri Dirubideen Kontseiluan parte hartuko duten ordezkariak. Eta gaur-gaurkoz, Eudel da gisa horretako erakunde bakarra. Hori hala izanik, EH Bilduk zuzenketen bidez salatu du Eudelek ez duela udalen gehiengoaren iritzia kontuan hartzen.
Bestelako gabeziei ere aurre egin nahi die legeak: hain zuzen, udalek Jaurlaritzaren eta diputazioen politiken diseinuan parte hartzeko moduari. Legearekin, udalen «autonomia» bermatuta geratuko dela ziurtatu du Etxanobek. Horretarako, «kontrol eta aholku emaile» gisa funtzionatuko duten bi erakunde sortzea aurreikusi da: Tokiko Politika Publikoen Udal Kontseilua eta Tokiko Gobernuen Batzordea.
Luzea eta «konplexua» da lege egitasmoa, eta aldundien eta hautetsien ekarpenak jaso ondotik, taldeen zuzenketekin osatuko da. Aurki onartzea espero du gobernuak, «Udalek eskatzen dutelako».
Udal eta foru hauteskundeak. Udal Legea
Urteetako hutsunea betetzeko
Eusko Legebiltzarra tramitatzen ari dira Udal Lege egitasmoa; Araban, Bizkai eta Gipuzkoan sortuko diren udal berriei eragingo die.Udalen eskumenak eta finantzaketa zehaztuko ditu arau berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu