Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea. Lorpen batzuk izan badituzte ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren azken urteetako erreformek gibelera egitea eragin dute, bai baxoan eta bai brebetan. Hala, mobilizazioan hozka bat igotzea erabaki, eta desobedientziara jo dute Seaskako ikasleek, gurasoek eta irakasleek. Hainbat ekintzaren ondotik, martxoan Parisek ontzat eman zuen brebeta euskaraz erantzuteko aukera. Baxoarentzat, mementoko ez da perspektiba baikorrik. AEK-k oinarrizko eskubide horren aldeko borroka aitortu nahi izan du, Korrika kari Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduz.
Brebeta kolegioa bukatzean egiten den azterketa da. Duela gutxi arte, Historia, Matematika eta Frantsesa pasatzen zituzten ikasleek. Galderak frantsesez izanik ere, erantzunak euskaraz emateko aukera zuten, eta irakasle euskaldunek zuzentzen zituzten. 2017ko erreforman zientzia gaiak gehitu zituzten: Biologia, Fisika eta Teknologia.
Frantziako Hezkuntza Ministerioak 2018an egin zuen aldaketa zuzenketetan. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ravel ikastetxetik Seaskara deitu zuten, eta erran errektoretzako ordezkari bat izan zela zuzenketa zentroan, eta euskaraz erantzundako zientzietako probak eraman zituela. Zuzentzaile erdaldunek zuzendu zituzten, Bordelen, zenbakiak eta latinezko terminoak soilik kontuan hartuz. 2019an gauza bera egin zuten, eta 2020an azterketak bertan behera gelditu ziren COVID-19agatik.
2021ean desobedientziari ekin zioten Seaskan: zientzietako proba euskaraz erantzun zuten nerabe gehienek; kolegioetako irakasle andanak uko egin zion brebetako zuzenketetan parte hartzeari. Bordeleko Errektoretzak lansaria murriztuz zigortu zituen.
Iazko ekainean gertatutakoa mugarri izan zen: Frantziako Asanblearako hauteskundeen giroan, Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten Seaskako kideek. Polizia bortizki oldartu zitzaien, baina ekintza aitzina eramatea lortu zuten. Handik egun batzuetara, esan zuten Euskal Hirigune Elkargoaren bermepean euskaraz erantzundako kopien zuzenketa antolatuko zutela, eta okupazioa amaitu zuten.
Hitzarmena eta zirkularra
Besterik da lizeoa bukatzean egiten den baxoko azterketarentzat. Historia-Geografiako gaiak euskaraz erantzuten ahal zituzten ikasleek, eta, 2012tik, baita Matematikakoak ere. 2020an erreforma egin zuen ministerioak, eta azterketaren forma aldatu: gehiena kontrol jarraikian oinarritzen da, eta, beraz, Seaskako ikasleek euskaraz egin dezakete hori. Idatzizko probak dituzte, gainera: Frantsesa, Filosofia, eta bakoitzak hautatutako bi espezialitate. Azkenik ahozko handia delakoa dute, hori ere hautatutako espezialitateen ingurukoa. Azken bi horietan euskaraz egin ahal izatea da gaur egungo eskaera.
Izatez, hiru dokumentu ofizialek definitzen dute Seaskako ikasleen eskubidea. Batetik, Frantziako Hezkuntza Kodeak 121-3 artikuluan aipatzen du azterketak frantsesez egin behar direla, salbu hizkuntza gutxituen irakaskuntzak bestela egitera behartzen duelarik. Zirrikitu hori erabili izan dute, urteetan, brebeta osoki euskaraz egiteko, eta Historia-Geografia eta Matematika euskaraz egiteko baxoan.
Bestetik, EEPk, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Seaskak 2019an izenpetutako hitzarmena dago. Baxoko ahozko handiaren parte bat euskaraz egiten ahalko zela adostu zuten, baina neurria plantan ezartzea ukatu du Bordeleko akademiako errektoreak, eta «beste interpretazio bat» egiten duela erran. 2022ko irailetik berritu behar dute hitzarmena, baina Parisek mutu segitzen du oraingoz. Seaskak espero du elkarrizketak berriz abiatuko direla EEPren berritze prozesua bukatzean.
Azkenik, 2021eko abenduan hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuten zirkularra dago. Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea zentsuratu ondotik, Frantziako Gobernuak aterabide hori aurkitu zuen bazterrak baretzeko. Brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da hartan.
Martxoan brebetan euskaraz erantzuteko eskubidea berreskuratuta, baxoan euskaraz egitearen alde segituko zutela iragarri zuten Seaskako kideek.