Aurreikuspen guztiak hautsi zituen mobilizazioak. 70.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren iaz, azaroak 4 zituela, Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioa bilatzen duten neurrien kontrako ebazpen judizialak salatze aldera antolatutako manifestazioan. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat leloarekin egin zen. «Ikusten ari gara nola ari diren epaileak euskararen normalizazioa helburu duten neurri, arau eta legeak baliogabetzen; nola ari diren euskararen normalizaziorako politika publikoen tresneria eraisten», salatu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek jendetzaren aurrean. «Larritasunaren zenbatekoa azaltzeko hitzik gabe geratzen ari gara». Lehen urtemuga betetzear, administrazioek euskararen biziberritzea sustatzeko hartutako erabakien kontrako epaiak lehen lerroko albistea dira oraindik. Manifestazioaren ostean protokolo bat aurkeztu zuten propio aurkako ebazpenei erantzuteko eta jarraibidea egiteko, eta hamabost aldiz aktibatu da.
Horiek horrela, Bilbon adierazitako kezkak lehengoan jarraitzen duela gogoratu nahi izan du orain Eskisabelek: «Hamabi hilabete igaro eta gero, kezkatuta jarraitzen dugu. Oldarraldiak ez du etenik izan: auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dute». Askotan, gainera, gero eta «interpretazio murriztaileagoa» ikusi dute ebazpenetan.
«Hamabi hilabete igaro eta gero, kezkatuta jarraitzen dugu. Oldarraldiak ez du etenik izan»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Manifestazio hartara deitzeko motiboak metatuz joan ziren, pixkanaka, eta euskalgintzak berak zion izena jarria jario hari: «oldarraldi» bat zen. 2021eko maiatzean heldu zen lehen epaia. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» zela Irungo udaltzain lanpostuetarako euskaraz jakitea eskatzea. 2022ko otsailean, Gasteizko epaile batek ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela 45 urtetik gorako funtzionarioei euskara eskatzea, Laudioko Udaleko langile batek abiarazitako auzibideari erantzuna emanez.
Segidan dena ordutik. 2023ko urtarrilean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren (Bizkaia) aurkako sententzia bat eman zuen, eta ebatzi zuen ezin ziela euskaraz jakitea eskatu azpikontratatutako zerbitzu bateko langileei. Hil horretan bertan, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2. Epaitegiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela udaltzainen lan poltsan dauden poliziei euskara maila bat eskatzea. 2023ko martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde autonomoa den Uliazpi fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko hasitako prozesuaren kontrako ebazpena eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak; epaiak ebatzi zuen ezin direla «lehenetsi» euskara normalizatzeko planaren bidez ezarritako neurriak.
Funtzio publikoan jarduteko hizkuntza eskakizunen kontra ebatzitako epai nabarmenetarikoak horiek izan ziren. Baina izan ziren gehiago ere, euskararen erabilera sustatzeko hizkuntza irizpideen kontra argi egin zutenak. 2023ko uztailean, esaterako, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien modua; argudiatu zuen «era bidegabean» urratzen duela horrek «oreka linguistikoa». Urrian, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu udal legea garatzeko dekretuaren hainbat artikulu.
Soka luzea
Eta behin manifestazioa egin zenetik ere, etenik ez dute izan tankerako ebazpenek. Asteotako albisteei erreparatzea besterik ez dago horretaz ohartzeko: harrotuta segitzen du oldarraldiak. Lehengo astean bertan, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak jaso zuen foru erakundeen artean euskararen biziberritzean aitzindari izan den erakunde baten kontrako ebazpen bat: epaitegi batek ebatzi du Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak «neurriz kanpokoak» direla, eta erakundeak 2022an onartutako 54 zaintzaile egonkortzeko deialdia bertan behera utzi du. Euskararen erabilera sustatzeko neurri aurreratu askoren abiarazlea izan da Kabia, eta kolpe handia izan da epaia. Hilaren hasieran, beste epai bat jaso zuen Gipuzkoako Diputazioak: aterpetxeetako garbitzaileei ezarritako hizkuntza eskakizunaren kontra.
Horiek azkenak izan dira. Baina urte osoan beste hainbat ebazpen ere izan dira. Auzibide berriak izan dira horietako batzuk. Lehendik zetozen ebazpenen berrespenak beste batzuk. Manifestazioa izan eta gutxira hasia zen epaien soka, abenduan bertan: Laudioko Udaleko lanpostu bati euskara eskakizuna ezartzearen kontra emanda zegoen sententzia berretsi zuen aurrena EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Urtarrilean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Aretoak Donostian udaltzain jarduteko bi lanposturako euskara eskakizuna atzera bota zuen. Hor argi ikusi zen epaiak metatu ahala, «jurisprudentzia» ere gero eta sendoagoa dela euskara gutxiesten duten epaileentzat: epai horretan, adibidez, arrazoibide moduan, 2021ean Irungo udaltzain postuetarako erabili ziren argudioak erabili ziren.
Herrenkan, hortik atzera, beste hainbat epai. Horra nabarmenenak. Otsailean, Bilboko Administrazioaren Auzietako bi epaitegik Bizkaiko Diputazioko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu zituen, euskaraz jakitea eskatzea «diskriminatzailea» dela iritzita. Apirilean, Pasaian (Gipuzkoa) kale-garbitzaile lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman ziren. Maiatzean, berriz, jakin zen Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuela tramiterako onartu Uliazpiko lan deialdiaren aurkako sententziaren aurka Gipuzkoako Diputazioak aurkeztutako helegitea. Ekainean, Bilboko auzitegi batek Galdakaoko Udalak gizarteratzeko teknikari lanpostu bat egonkortzeko deialdian euskara eskatzea baliogabetu zuen. Irailean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen udaltzain laguntzaileen lan poltsa bateratura sartzeko euskara ezagutzeko eskea, «diskriminatzailea» zela argudiatuta.
Tartean, hizkuntza eskakizunen aldeko sententzia bat ere izan da, Euskotreneko langileei ezarritako hizkuntza eskakizunen aldekoa, zehazki. Urriaren 2an heldu zen albistea: ELA sindikatuak jakinarazi zuen Euskotrenerako ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka UGTk abiatua zuen auzibideari erantzunez EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duela eskakizun horiek itun kolektiboan onetsita daudela, eta, beraz, ezin dela horien aurka egin.
Euskararen kontrako ebazpenek kalean erantzun bat izan dutela nabarmendu nahi izan du Eskisabelek. «Epai euskarafobo bakoitzeko, herritarren eta afektatutako langileen elkarretaratzeak ikusi ditugu, erantzun irmoak euskararen normalizazioaren defentsan».
«Epai euskarafobo bakoitzeko, herritarren eta afektatutako langileen elkarretaratzeak ikusi ditugu»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Bidea nola egin
Egoerari aurre egiteko proposamenak ere izan dira. Iñigo Urrutia Libarona legelariak egin duena dago tartean. Martxoan aurkeztu zuen, Kontseiluak berak antolatutako mintegi batean. Euskara funtzio publikoko lanpostuetan «baldintza» izateko bide orri bat jarri nahi izan du mahai gainean. «Justifikatutako salbuespenetan» euskararik ez eskatzeko modua emango duen eredu baten oinarriak ipini nahi izan ditu, eta horretarako propio txosten juridiko bat landu du. Hantxe dago jasota: «Oro har, bi parametrotan oinarritutako eredu baterantz jotzea proposatzen da: batetik, funtzio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen ezagutza orokortzea proposatzen da, lanpostuaren funtzioetarako maila egokian; eta, bestetik, Administrazio Publikoek arau orokor horri salbuespenak sartzeko aukera sartzea, lanpostu edo deialdi jakin batzuetan euskararen ezagutza salbuetsita».
Aurrerabide bila egindako urrats horien garrantzia nabarmendu du Eskisabelek. «Azken batean, aurre egiteari utzi eta aurrera egiten hasteko garaia da. Euskararen normalizazio eta biziberritzea atzeraldi arriskutik ateratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi sendo bat egitea», gogoratu du. Eta, bide horretan, Bilbon plazaratu zuten aldarria gogoratu du: «akordio soziopolitiko berri bat» ardaztu behar da hizkuntza politiken inguruan.
Hori bideratzeko «konpromisoa» gogoan, lanean ari direla gogoratu du. Batuz Aldatu dinamika sozialeko talde eragilearen bidez ari direla nabarmendu du. «Dinamika horrek jada badu adostasun sozialaren oinarria norabidetuta: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoen hedapena». Eta aurrerapena egin du: «Bide horretatik, luze gabe egingo du ekarpen zehatzagoa».
protokoloa, erantzuteko tresna bat
«Larunbateko mobilizazioa mugarri historikoa izan zen euskal hiztunon eskubideen defentsan, baina oldarraldia ez da eten», azaldu zuen Manex Mantxola Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaileak iazko azaroaren 8an bertan egindako agerraldi batean, eta propio hizkuntza eskubideen aurkako erasoei erantzuteko ondu zuten protokoloa aurkeztu zuen. Bi xede ditu. Baga: «Arau, kontratazio publiko edo lan deialdi bati hizkuntza eskubideei lotutako helegitea jarri zaiola jakindakoan, kasuan-kasuan jarraipena egiteko». Biga: «Hizkuntza eskubideen edo euskararen normalizazioaren aurkako epai baten berri jasotakoan, erantzuna prestatzeko». Ordutik, protokolo horren bidez protestarako deia eginda irten dira kalera hainbat eragile. Bi prozedura mota daude bereizita. Udal eta tokiko kasuentzat da bat, eta hor, besteak beste, tokiko euskalgintzarekin batera abiarazten dira salaketarako bideak. Bestea da foru erakunde edo administrazio orokorragoetara begirakoa; Kontseiluak eta sindikatuek batera jarduteko irizpideak zehaztuta daude hor. Kontseiluak beti nabarmendu du «eguneratu» daitekeen prozedura mota bat dela, «kasuistikaren eskarmentuaren arabera» moldatzeko prestatutakoa.