Urte bateko luzapena. Urte bateko epea EEP desblokeatzeko. Abenduan bukatuko da Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duen hitzarmena, eta hura urtebetez luzatzea erabaki dute parte diren lau instituzioetako ordezkariek biltzar nagusian. 2004an sortu zenetik, lau hanka ditu EEPk: Frantziako Estatua —Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioek dute ordezkaritza—, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Laurek ekarpen ekonomiko bera egiten dute. Azken urteetan, euskalgintzak behin baino gehiagotan eskatu du hizkuntza politikaren aurrekontua emendatzeko, baina ez dute bat egiten EEP osatzen duten kideen artean. Adostasun faltaz, udaberrian erakunde publikoaren aurrekontua izoztea erabaki zuten, negoziatzen segitzeko. Handik sei hilabetera, ez da deusik aitzinatu. Egitura bera arriskuan egon litekeela iradoki dute.
Ikusi gehiago
Irakaskuntza gaiak aipatzeko izan ohi da ikasturte hasierako EEPren biltzar nagusia, baina egituraren izaera zen ostegun honetako bilkuran zerrendan zituzten gaietako bat: hitzarmena berritzea, zehazki. Elkargoko hiru ordezkariek proposamenaren kontra bozkatu dute, eskualdeko bi abstenitu dira, eta gainerakoak alde agertu dira. «Ikusirik ez genuela emendatzerik ikusten diru mailan, eta ez genuela adostu helburu politikorik elkarrekin, goizegi iruditzen zitzaigun hitzarmen berria bozkatzeko», esplikatu du Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak. Ondoko asteetan «fite» EEP osatzen duten lau kideak biltzeko beharra azpimarratu du, «norabide politikoa eta bakoitzaren diru mailako parte hartzea» argitzeko.
Gaur egun, kasik milioi bat euro ematen du EEPren kide bakoitzak. 2017tik ez da zentimo bat emendatu. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek martxo hastapenean bozkatu zuten aurrekontuan, 650.000 euroko emendatzea bozkatu zuten EEPrentzat. Andde Sainte-Marie eskualdeko hautetsiak Herri Urratsen egunean erran zuen 100.000 euroko laguntza gehigarria prest zuela Akitania Berriak. Departamenduak eta Frantziako Estatuak ez dute emendatzerik egin nahi. Finantza publikoen egoera erabili izan dute argudio gisa batzuek eta besteek.
Ostegun honetan, biltzar nagusian, gauza bera berretsi dute ordezkariek, baina euskararen egoeraren «urgentzia» ere azpimarratu dutela erran du Kurutxarrik. «Garai batez, euskara dosier metaren gaineko aldean zen; orain, emeki-emeki ahazten da euskararen gaia premiazkoa dela. Erran dugu nahiz eta garaiak zailak izan ez zela baztertu behar finantzaketa hobetzea hizkuntza politika indartsuago bat eramateko». Euskal Elkargoko ordezkariek «printzipiozko» emendatze bat eskatu diete gainerako erakundeetako kideei. «Aurreikusi genuenaren erdia emanen balute, guk beste erdia beste gisan emanen genuke, beste politika publiko batzuentzat». Erabat baztertu du gaur egungo diru ekarpen parekidea bukatzea. «Hori hausten badugu, gero bakoitza libre da nahi duena egiteko. Eta hori biziki lanjerosa da».
«Zinezko krisia»
Gordin mintzatu da Max Brisson. Errepublikanoetako senataria departamenduko hautetsi ere bada, eta kargu horrekin parte hartzen du EEPren biltzar nagusian. Ez zaio «gogobetegarri» egoera. «EEP eta hizkuntza politika arriskuan dira», adierazi du. «Ez bagara aterabide batera heltzen, zinezko krisian izanen gara; [EEPren] bukaerara heltzen ahal ginateke».
Michel Barnier lehen ministro hautatu dutenetik Frantziako Gobernuaren sostengu denak Frantziaren finantza publikoen egoera kaotikoa deskribatu du, herrialdea «porrotetik hurbil» dela baieztatuta. «Iritzi publikoa ohartzen ari da beharbada bihar nazioarteko funtsek Frantziako zorrari eraso eginen diotela, eta orduan aipatzen dugun guzia bukatua izanen da. Katastrofe baten atarian gara. Duela hamar urte Grezian gertatu zena gerta daiteke. Hala bada, bankuak itxiko dira, aurrezkiak airatuko dira...».
Gaur egun Frantziako Gobernua 50 mila milioi euroren bila ari dela oroitarazi du. «Bistan dena, EEPren aurrekontua horren ondoan huskeria bat da». Horregatik, «indar bat» egitearen alde agertu da. «Baina argi erran behar da: euskararen alde indar bat egiten badugu, beste politika batzuen kaltetan izanen da. Hautuak egin beharko ditugu. Departamenduan hori defendatuko dut, eta Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienak nirekin ados daude. Baina nondik murriztu erabaki beharko dugu».
Kurutxarrik neurtuago hitz egin du: «Baditugu hamabi hilabete. Sartzen ahal da zinezko krisi batean. Orain blokeatuak gara». Haren iritziz, lau egiturek adostu behar dute. «EEPk sekulako lana egin du, baditugu tresna guziak: badugu prospektiba bat eta perspektiba bat hemendik eta 2050 arte, beharren araberako deklinabideekin. Arlo bakoitzaren beharrak zein diren ere definitu du». EEPko zerbitzuek eraman duten lana goraipatu du. «Orain, ordezkari politikoek behar dugu horretaz jabetu, eta elkarrekin finkatu zer egiten dugun material horrekin guziarekin. Elkargoan hautetsiei aurkeztu diegu, eta gure aurrekontu partea bozkatu dugu. Orain besteen beha gaude».