Bi karta dira. Biei Donostia izena jarri diete: Bereizkeria eta babesgabetasun egoeretan adineko pertsonek dituzten eskubideei buruzkoa goiburua du batek; Alzheimerra duten pertsonen eta haiek zaintzen dituzten pertsonen eskubideei buruzkoa, besteak. Biak bihar aurkeztuko dituzte, Donostian, Aubixa fundazioak antolatuta egingo den kongresu batean. Biekin, harago egin nahi da beren burua babesteko zailtasunak dituzten adineko pertsonen eskubideen bermeetan. Fundazioko idazkari Martin Auzmendik zuzendu du agirien idazketa. Bidea zedarritu behar izan zuten aurrena: «Nagusiek, nagusi direlako bakarrik, ez dute gainerakoez aparteko eskubiderik izan behar: berberak izan behar dituzte». Hori kontuan hartuta, ebatzi zuten «bereizkeria eta babesgabetasun egoeretan» dauden adinekoentzat izango zela karta bat; alzheimerra eta antzeko gaitzak dituztenentzat, bestea. Bigarren horri aparteko trataera ematea erabaki zuten ez zituztelako nahasi nahi zahar izatea eta alzheimerra izatea. «Alzheimerdun batzuk ez dira pertsona nagusiak; alderantziz, nagusi guztiek ez dute alzheimerrik».
Irizpide horiek argitu, testuen zirriborroak egin, eta hainbat forotan ekarpenak jasotzen hasi ziren; etxean mendeko adinekoak eta alzheimerdunak dituzten pertsona askok hartu dute hitza, alorrean lanean ari diren hainbat elkartek ere bai. Ez alferrik. «Dokumentuen itxurari, sistematikari eta antolamenduari orraztu on bat eman diegu. Edukiari dagokionez ere, egon dira aldaketak», esplikatu du Auzmendik. Alboan du Patxi Leturia, testuen lehen zirriborroen idazleetako bat. Bat dator: «Hasierako testuak oso teknikoak ziren. Baina mota askotako jendeak egin ditu ekarpenak: moldatu egin dira».
Lanerako gida bat
Orain, agiri horiek gidatu nahi dituzte, alorrean hartuko diren erabakietarako. «Hor agertzen direnak ez dira arauak. Ez doaz inolako aldizkari ofizialetara. Ez zen hori helburua: ezin zen izan», onartu du Auzmendik. Aldiz, bi agiriak administrazioen «mahai gainean» espero dituzte: erabakietarako irizpide gisara. Gizartean ere akuilu nahi dituzte; bide horretan sakontzen jarraitzeko.
«Agiriotan egun jasota dauden eskubideak daude; maila batean, urrutixeago ere egin dugu, jasota ez dauden eskubideez hitz egitea ere bazen asmoa», azaldu du Auzmendik. Eta zentzuzkoa da. Izan ere, populazioaren zahartzea luzerako arazoa da. «Garai batean, ezkutatu egiten ziren halakoak; gero ikusi zen aurre egin behar zitzaiola arazoari. Orain, badakigu gaitzari aurre egin behar zaiola; pertsonari, ez. Egin behar da onartu gero eta pertsona gehiago izango direla inguruan halako arazoekin, egin behar dugula moldatu», esan du Leturiak.
Urteak hobeto betetzeko
Bat, egoera kalteberetan dauden adinekoen eskubideekin; bestea, alzheimerdunen eskubideekin. Agiri bi aurkeztuko dira bihar Donostian; Aubixa fundazioak gidatu du horiek idazteko bidea. Ahots asko bilduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu