Urtea konplitu du pandemiak

Iazko urtarrilaren amaierarako, COVID-19aren larritasunari buruzko abisua ematen ari zen OME, baina gaurko egunez esan zuen pandemia bat zela

arantxa iraola
2021eko martxoaren 11
11:13
Entzun

Pan, grezieraz, dena da; demos, herria; pandemia, mundu osoko edo lurralde zabal bateko izurria. Ofizialki, Osasunaren Mundu Erakunde OMEk iazko martxoaren 11n adierazi zuen COVID-19ak eragindakoa pandemia bat zela. Gaur da, beraz, urtemuga. Asteon erakundeko arduradunek gogora ekarri nahi izan dute, hala ere, aurrez ari zirela gaitzak ekar zitzakeen arazoez ohartarazten; urtarril amaieran, hain justu, birusak eragindakoa munduko osasun larrialdi bat zela esan zuten, eta oroitarazi dute abisu ugari eman zituztela ordutik. Orduan, egoerak  kontrolpean hartzeko erakoa zirudien oraindik; Txinatik kanpo ehun COVID-19 kasu zeuden identifikatuta.

Hortik aurrera, bizkor zabaldu zen birusa mundu osoan. Orain arte jaso diren datuen arabera, 2,6 milioi pertsona hil ditu, eta 117 milioi kutsatu ditu. Gobernu gehienak ezustean harrapatu zituen egoerak, eta, neurriak hartzen hasi zirenerako, guztiz zabalduta zegoen gaitza, eta erietxeak betetzen hasita zeuden. OMEko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek egunotan adierazi du erakundetik aurreko asteetan egin zituzten abisuak ez zirela aintzakotzat hartu. «Alarma hotsekin jarraitu genuen, ozen eta argi, eta herrialdeei estrategiak eta erremintak eman genizkien prebenitzeko, atzemateko, eta birusaren hedatzeari erantzuteko», azaldu du. «Ez dugu ulertzen herrialde hainbatek zergatik ez zieten erantzun ohartarazpen horiei, eta beste hainbat zergatik izan ziren motelak erantzun horretan».

Mundu zabalean jasotako datuen arabera, izurria batez ere Europan, Hego Ameriketan eta Ameriketako Estatu Batuetan hedatu da. Txinak eta Asiako beste hainbat herrialdek neurri zorrotzak hartu zituzten, eta izurria kontrolatzeko gaitasun handiagoa erakutsi dute. Egoera ez da iguala, hala ere, Asia osoan; Indian, adibidez, 11,3 milioi kasu baieztatu dituzte osasun agintariek, eta atzeman gabeko asko ere badaudela uste dute.

Euskal Herrian, Gasteiztik eta Arabatik sartu zen birusa. Detektatu gabeko kasu bat baino gehiago izan ziren ia aldi berean, eta hileta batek eta Txagorritxuko ospitaleko kutsatze kateek zabaldu zituzten fokuak. Martxoaren 3an, lehen kasuak atzeman eta lau egunera, Osakidetzako 100 profesional zeuden bakartuta. Egun horietan jokatu zituzten Athleticek eta Realak Espainiako Kopako finalerdiak, eta bizitza normala egiten zuen jendeak. Horregatik, ezustekoak izan ziren hurrengo egunetako aginduak. Martxoaren 9an, Gasteizko eskolak itxi ziren, eta kirol profesionala ikuslerik gabe jokatzea erabaki zen martxoaren 10ean.

Aste horretan bertan itxi zituzten eskola guztiak, eta ekitaldi handiak debekatu. Martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzak aurrea hartu nahi izan zuen osasun larrialdia izendatuta, baina ez zuen neurri drastikorik hartu, eta Espainiako Gobernuak iluntze hartan bertan ezarri zuen alarma egoera. Konfinamendua martxoaren 15ean hasi zen Hegoaldean. Frantziako Gobernuak martxoaren 17an ezarri zuen, herriko bozen lehen itzulia egin eta gero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.