Aitor Bengoa eta Usue Sukia. Uzturpe ikastolako zuzendaria eta zuzendari ohia

«Urte luzea, interesgarria eta polita izaten ari da»

Kilometroak antolatzea erronka izan da Uzturpe ikastolarentzat, baina lortu dute «kalitate handiko» egitasmoak egitea.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ibarrako Uzturpe ikastola aritu da aurtengo Kilometroak jaia antolatzen, ilusioz beteta eta kementsu. Usue Sukia ikastolako zuzendari zela ekin zioten aldiari, eta haren lekukoa hartu du orain Aitor Bengoak. Gogotsu daude, eta «gustura» egindako lanarekin.

Nola doa Kilometroak urtea?

USUE SUKIA: Amaitzen [barrez]. Urte luzea, interesgarria eta polita izaten ari da.

AITOR BENGOA: Gure kasuan, urtea baino gehiago izan da; berez, 2021eko Kilometroak antolatzeko asmoa genuen. Ez zen bideragarria ikusten, eta atzerapena eskatu genuen. Baina 2021erako hasita geunden zenbait gauza martxan jartzen.

2022. urteari ere koronabirusak baldintzatuta ekin zenioten, baina beste traza bat hartu du orain.

BENGOA: Aurkezpen ekitaldia azaroan egin genuen, esango nuke, txiripaz; olatu arteko garaia tokatu zen. Gero olatu handi bat egon zen, eta ekitaldi pare bat bertan behera geratu ziren. Otsailean hasi ginen programatutako ekitaldiak aurrera eramaten.

Aro berriko lehen Kilometroak izango dira. Zuentzat berezia da?

SUKIA: Guretzako, aro berrikoa edo zaharrekoa izan, berezia izango zen, gurea delako. Zubimusuk [Amasa-Villabona eta Zizurkilen dagoen ikastolak] eman zituen aldaketa horren lehenengo pausoak, eta urtea ere haiek beste modu batera irudikatu zuten. Gurea izango da eguna aurrera eramateko aukera izango dugun lehen Kilometroak.

BENGOA: Eta egia da antolaketa pixka bat gure neurrira moldatu dugula; ez da izango beti ezagutu izan dugun Kilometroak hori.

Erronka handia ari da izaten?

BENGOA: Bai. Lan berri asko daude, gauza berri asko. Ez da ahaztu behar ikastola egunero irekitzen dela, eta eguneroko martxa ere eraman beharra dagoela.

Zein zailtasun izan dituzue?

BENGOA: Bat aipatzekotan, ikusarazten saiatzea Kilometroak ez dela egun bat bakarra, eta urtean zehar egindako ekitaldi horiek ere ederrak izan direla; mimo handiz egindakoak eta kalitate handikoak. Oraindik, inertziagatik edo, jende askok egunari begiratzen dio.

SUKIA: Oso barneratuta dago hori. Duela hiru urte-edo komunikatu zen Kilometroak hura bukatu zela, eta batzuek pentsatzen zuten eguna ez zela egongo. Urteak indarra hartzen du, baina eguna ere badago, eta hor komunikazio aldetik badago zailtasun bat. Zer den azaltze hori.

BENGOA: Eta kontraesana dirudi, baina batzuk uste dute Kilometroak eguna desagertu dela, eta aldiz, beste batzuk, lehengoan daude, eta uste dute eguna soilik dela. Ez da bat eta ez bestea, tarteko zerbait da.

Urtean zehar egindako ze egitasmo nabarmenduko zenukete?

BENGOA: Bat baino gehiago. Adibidez, herriko plazan Munduko Gastronomia Ibarran izena jarri genion ekimena egin genuen. Oso polita izan zen, ikastolan dugun kulturaniztasun horren isla izan zelako. Agian beste forma batekin, baina aurrerantzean mantentzeko moduko zerbait izan zen.

SUKIA: Nik beste bat esatekotan, Milimetroak esango nuke. Euskal Herriko seigarren mailako ikasleak elkartu genituen. Euskal Herria ezagutzeko aukera izan zuten, baita euskalki ezberdinak ere. Eta Tolosaldeko adin bereko ikasleak ere etorri ziren. Beraien arteko harreman hori oso polita izan zen. Izaskun kultura ekimena ere nabarmenduko nuke; mendiaz, dantzaz, musikaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera izan genuen. Beste urte batean egingo bagenu, segur aski famili gehiago etorriko lirateke. Zapore politarekin geratu ginen.

Horrelako jaiak antolatzean sarri azpimarratzen da auzolanaren garrantzia. Esperotako erantzuna eman du jendeak?

SUKIA: Auzolan hori gabe ez ginateke gaur hemen egongo. Zenbat atzeko lan dagoen, zenbat isileko lan, zenbat jendek parte hartu duen atzetik... Ikaragarria da egiten den lana, eta batzuen inplikazioa izugarrizkoa da.

BENGOA: Lan batzuk oso begi bistakoak dira, baina badago hor lokaletan, biltegietan, ordenagailuaren aurrean lanean ari den jendea. Sukaldeko ezkutuko lan asko daude.

Eta zergatik Kilometroak Ibarran?

SUKIA: Horretarako, lau urte atzera egin behar dugu. 2018an, eraberritze lan handi bat egin genuen ikastolan, eta bukaeran istripu bat izan zen; eraikinaren zutabetako bat mugitu egin zen. Urte eta erdiz, gutxienez, itxita izan genuen eraikinaren erdia, eta barrakoietan egon ginen... Momentu hartan erabaki bat hartu behar genuen, eta erabaki genuen arazoa geuk konpontzea, nahiz eta gu ez izan istripuaren erantzuleak. Horrek ekonomikoki ikaragarrizko zuloa sortu zigun. Laguntza jaso genuen Ikastolen Elkarteto elkartasun kutxatik, eta esan genuen konpromisoa hartu behar genuela diru hori itzultzeko. Ondoren, epaiketa irabazi genuen; baina Kilometroak egitea erabaki genuenean egoera ekonomiko horretan geunden.

BENGOA: Gero, egia da ez zela hasierako helburu nagusia, baina ikastolak dituen zenbait balio herrian eta herritik kanpora erakusteko oso bide egokia izan da; kulturartekotasuna, bertako jangela, gastronomia, berrikuntzak... Komunikazio ildoa ere balio horien arabera egituratu zen, eta horiek azpimarratzeko eta indartzeko baliagarriak izan dira.

Beraz, zertarako erabiliko duzue Kilometroetan bildutako dirua?

SUKIA: Gure proiektuaren barruan, eraikinaren barruko eraberritze hori egin genuen, baina geratu zitzaizkigun zenbait puntu egin gabe, ekonomikoki horraino iristen ginelako. Horien artean dago gure kanpo espazioa. Herriarena da, herriak erabiltzen du, irekita dago asteburuetan ere, eta badaukagu egokitzeko beharra. Lortutako etekinarekin kanpo espazioa eraberritzea da gure helburu nagusietako bat. Eta aldi berean, barruan ere geratu zitzaizkigun zenbait eraberritze lan; laborategia, esaterako. Horiek osatzea litzateke gure nahia.

Hezkuntza proiektu pedagogiko propioa duzue. Zertan oinarritzen da?

SUKIA: Pertsona erdigunean jartzen saiatzen gara, eta gure lana haurren bidelagun izatea da. Horri lotuta, bagoaz pixkanaka gure proiektua egunero eguneratzen eta egokitzen. Lehenengo urteetan esperimentazioek, bizipenek, indar handia dute. Gerora ere bai. Eta gerora proiektuek ere indar handia hartzen dute.

BENGOA: Uste dut hezkuntza proiektu hori aurrera eramateko tamainarik egokiena dugula. Ez gara txiki-txikiak, baina oso handiak ere ez. Tamaina ertain horretan, esan dezakegu ikasleak hemen goxo-goxo ditugula, familia bat garela, handi samarra, baina familia bat, eta oraindik badaukagu ahalmena gertutasun hori mantentzeko.

Kilometroak antolatzeak hausnarketarako abagunea ere eman dizue?

SUKIA: Pedagogikoki, eman digu aukera gure balioak indartu edo ikusteko zertan ari ginen. Baina egia da behar dugula urtea bukatu eta hausnartzea; zerekin jarraitu nahi dugun ikusteko eta beste zenbait arlori eusteko. Ez du ematen denerako denbora.

BENGOA: Zurrunbilo handia izan da, eta ekitaldi baten antolaketa bukatzerako bestea hasita zegoen; bata bestearen atzetik kateatuta joan dira. Seguru asko, orain baino gehiago eta hobeto baloratuko dugu egindakoa hemendik denbora batera. Agian orain ez gara guztiz jabetzen.

Nolakoa izatea nahiko zenukete gaurko eguna?

BENGOA: Beti aipatzen den lehenengo kezka eguraldia izaten da. Eta, bestela, nolakoa izatea nahi dudan? Jendea batetik bestera ibiltzeko intentzio guztiarekin diseinatuta dago egitaraua: eremuak antolatuta daude jendea herrian zehar gora eta behera, aurrera eta atzera, ibiltzeko, eta horrek izugarrizko bizitasuna emango dio.

Eta gero, parte hartzearena azpimarratu behar da. Badaukagu joera parte hartzailea modu oso pasiboan edo ikusle moduan etortzeko, eta aurten saiakera egingo da horrela ez izateko. Antolatu diren ekitaldiak parte hartzaileagoak dira.

SUKIA: Intentzioa hori da, eta lortzea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.