Urte amaierako mezuan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du urte berrian ahal duen guztia egingo duela osasun sisteman dauden arazo eta zailtasunak konpontzeko eta lehen arreta hobetzea lehenetsiko duela. «Osasuna da gure ondasunik preziatuena», adierazi du. Osakidetzako plantilla «indartzen jarraitu» egingo duela gaineratu du, eta zehaztu du Osakidetza dela osasun zerbitzu publiko bakarra.
Ia zazpi minutuko mezua eman du Urkulluk, Ajuria-eneako sarreratik, zutik. Aitortu du zer hobetu baduela gobernuak: «Beti ez dugu asmatzen». Eta akordioen alde egiten jarraituko duela gaineratu du, «hurbiltasunetik eta auzolanean».
Lehendakariak esan du errealitateak kezkatzeko motiboak ematen dituela, baina ez dela hori zerbait berria adierazi du gero, aurreko belaunaldiek ere antzeko egoerak bizi izan dituztela argudiatuz. «Gure aurrekoen ahaleginari esker, gure oraina hobetu ahal izan dugu. Orain gure seme-alabei utziko diogunaren gaineko hausnarketa egitea dagokigu». Gainera, ziurgabetasun ezaren aurrean, «begirada lasaia» eskatu die herritarrei, «amore emateko arriskua» alde batera utzita.
Lehendakariak esan du bost erronka dituela bere gobernuak: enplegua sustatzea, trantsizio ekologikoa, berrikuntza, gazteen aldeko apustua eta osasuna.