Koronabirusa

Urtarriletik ez dira hainbeste kasu atzeman: beste 1.272 positibo daude

Guztira, 142 gaixo daude ospitaleratuta; horietako 33, larri. Egindako proben %10,1ek positibo eman dute. Osakidetzak ikasturte bukaerako bidaiei lotutako 768 positibo atzeman ditu egunotan

Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Pandemiak azkar segitzen du hedatzen. Atzo Osakidetzak eta Osasunbidek eman zituzten datuen arabera, beste 1.272 positibo atzeman dituzte. Urtarrilaren 30era egin behar da atzera atzokoa baino datu okerrago bat aurkitzeko. Positiboen ehunekoa ere ez da batere ona: atzo egin zituzten 12.539 probetatik %10,1ek eman zuten positibo. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko mugatik nabarmen gora dago.

Egoera lurraldez lurralde aztertuta, Nafarroan atzeman dute positibo gehien: 484. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 613 kasukoa da.Gipuzkoan, berriz, beste 251 positibo daude, eta 428 kasuko intzidentzia du. Bizkaian, berriz, 404 positibo gehiago daude, eta 297ko intzidentzia, eta Araban, 94 positibo eta 259 kasuko intzidentzia.

COVID-19a azkar zabaltzen ari da Hegoaldean. Konparazio bat egitearren: martxoaren 11n —gutxi gorabehera orduan hasi zen honen aurreko olatua— 369 kasu zeuden batez beste; handik bi astera, martxoaren 26an, 499; hau da, %36 gehiago. Azken olatuaren hasieran, berriz, ekainaren 27an, 205 kasu zeuden batez beste; handik hamabost egunera, herenegun, 758; hau da, %270 gehiago. Baina ospitaleetan ez da hainbeste sumatzen. Aurreko olatuan, martxoaren 21ean hasi zen igotzen ospitaleratzeen batezbestekoa —batez beste 38,9 gaixo ospitaleratzen zituzten egunero—, eta bi asteren buruan, 55,6. Orain, kutsatu kopurua azkar handitzen ari den arren, batezbestekoaren igoera hamabost egunera hasi da nabaritzen, eta igoera ez da oso handia: ekainaren 28an, batez beste 19,9 ospitaleratu zeuden egunero, eta handik bi astera, herenegun, 21. Egun, 142 gaixo daude ospitaleratuta; horietatik 33, larri, ZIUetan.

Azkenaldian, izurria gazteei ari zaie erasaten batez ere, eta ugaritzen ari dira kasuak, esaterako, ikasturte amaierako bidaiei lotuta. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarri duenez, Mallorcako agerraldiak 302 positibo eragin ditu; Saloukoak (Herrialde Katalanak), 401; eta Conilekoak (Andaluzia), 42. Beste agerraldi posible bat ikertzen ari dira Lloret de Marren (Herrialde Katalanak) egon ziren ikasleen artean. Gaur-gaurkoz, 23 positibo atzeman dituzte; horietako bederatzi han egon ziren, eta hamalau haiekin kontaktuan egondakoak dira.

Gazteak ere larri egoten dira zenbait kasutan. Sagarduik emandako datuen arabera, 15 eta 18 urte bitarteko gazte bat dago ospitaleratuta; 18 eta 30 urte bitarteko sei; eta 31 eta 40 urte bitarteko hamar. Horiez gain, 14 urteko gazte bat ZIUan dago. Nafarroako Gobernuak gazteen kutsatze datuak eman ditu, eta gehiengoa dira: kasuen %68 15 eta 29 urte artekoetan atzeman dituzte.

Bitartean, txertaketak aurrera jarraitzen du. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, aste honetan 50.016 dosi jarri nahi dituzte. 18 eta 39 urte arteko herritarrak txertatuko dituzte horiekin. Osakidetza, berriz, datorren astean hasiko da 18 eta 29 urte artekoak txertatzen, baina batzuei aste honetan jarriko diete, «agenda betetzeko». Sagarduiren hitzetan, gazteen erantzuna «oso positiboa» izaten ari da. Dagoeneko 126.678 gaztek hartu dute txanda.

Neurririk ez, oraingoz

Positiboen joera goranzkoa izan arren, oraingoz, egun indarrean dauden neurriak mantenduko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak esan duenez, gaur bilduko da Labi teknikoa, eta haien esanen arabera aztertuko dute ea beharrezkoa den ordezkari politikoen bilera aurreratzea —gaur-gaurkoz, uztailaren 22rako dago jarrita— edo indarrean dauden neurriak aldatu behar diren.

Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugikortasunak ere bere horretan jarraituko du. Joan den astean Clement Beaune Europako Gaietarako Frantziako Estatu idazkariak Espainiara eta Portugalera ez bidaiatzea gomendatu bazuen ere, orain esan du ez dutela eragotziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.