Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek jakinarazi du noiz hasiko den lurralde hartan txertoa jartzeko kanpaina: okerrik ezean, urtarrileko bigarren hamabostaldian ekingo diote, pertsona «zaurgarrienetatik» hasita. Kontseilariaren esanetan, Espainiako Gobernuarekin eta gainerako autonomia erkidegoekin elkarlanean ari dira, prozesua aurrera eramateko plan bat osatzeko. Aldaketarik ezean, Pfizerrek garatutako txertoa erabiliko dute.
Txertoa hartzen lehenak «zahar etxeetako egoiliarrak, eta osasun arloko langileak eta soziosanitarioak» izango dira. Ondoren, «era mailakatuan», gainerako kolektibo zaurgarrietara zabalduko da deialdia. Hala, herritarren gehiengoak ekainetik aurrera izango du txertoa jartzeko aukera. «Gure proposamena txertoak jaso ahala kolektibo guztietara iristea da», azaldu du kontseilariak.
Indurainen esanetan, gripearen aurkako txertaketa kanpainen antzeko prozesu bat egingo du. Hala, urteetako esperientzia «sendoa» dutela azpimarratu du. Hura bezala, COVID-19aren aurkakoa jartzea ere boluntarioa izango da. Halere, herritarren erantzun ona espero du kontseilariak, txertoak «segurtasuna eta eraginkortasuna» bermatuta baititu.