Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean izango du lema mobilizazioak, eta milaka eta milaka pertsona biltzea espero dute. Leloarekin elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten ari direla adierazi nahi izan dutela azaldu du Sarek. Norabide horretan egindako urratsak ontzat eman ditu Bego Atxa Sareren bozeramaileak gaur goizean Bilbon egindako aurkezpenean, baina ohartarazi du bizikidetza «ezinezkoa» dela presoei aplikatzen zaien salbuespen legeria desagertzen ez bada.
Bizikidetza eta espetxe politika lotuta daude Atxarentzat, eta bidea bietan egin behar dela nabarmendu du: «Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak».
104 preso Euskal Herritik kanpo
Sarek ontzat jo ditu azken urteetan «egin diren urratsak», hala nola presoen hurbilketak. Senideen «zama arintzeko» balio izan duten arren, Atxak gogora ekarri du gaur egun 104 preso Euskal Herritik urrun daudela, eta haien familien eskubideak urratzen direla iritzi dio. Eta Euskal Herrian dauden presoen %94 bigarren graduan daudela jakinarazi du Sarek. Atxa: «10 preso baino ez daude hirugarren graduan, eta egoera horretan 70 presok egon beharko lukete».
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak auziaren alde etikoari heldu dio, eta giza eskubideen aldeko apustu gisa deskribatu du manifestazioa: «Ez gara ari eztabaida politiko, ideologiko, alderdikoi edo identitario batez; eztabaida etiko batez ari gara». Espetxe administrazioaren geldotasuna salatzeaz gain, justiziaren jarrera politikoa eta ideologikoa deitoratu ditu. Izan ere, espetxeetako batzordeek gradu progresioren bat edo baimenen bat ematen dutenetan Auzitegi Nazionalak «errekurritu, blokeatu eta geldiarazi» egiten dituela esan du Azkarragak. Eta zenbait kasutan atzerapausoak ere ematen dituztela salatu du, presoak hirugarren gradutik bigarren gradura itzultzera behartuz.
Bozeramaileek adierazi dute urtarrilaren 8an milaka herritar berriz elkartuko direla, «Euskal Herrian egiten den manifestaziorik jendetsu eta zabalenean». Mobilizazio hori alderdi politikoekin, sindikatuekin, elkarteekin eta erakundeekin egitea da haien helburua. «Jarrai dezagun bidea egiten, orain baita unea», esan du Atxak.