EAEko Garraio Agintaritzak abenduaren 23an erabaki zuen 12 urte bitartekoek garraio publikoa doan erabili ahal izango zutela aurrerantzean. Ordea, ez zuen egunik zehaztu; gaur jakinarazi dute hilaren 7tik aurrera jarriko dela neurria indarrean, Araban. Bizkaiko eta Gipuzkoako daten berri ez dute eman oraindik.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, 130.000 haurrek bidaiatu ahalko dute doan: 22.000k Araban, 65.000k Bizkaian eta 43.300ek Gipuzkoan. Araban, Alavabus zerbitzuko autobusetan, eskualdeko garraioan eta Gasteizko tranbian bidaiatzea doan izango da 12 urte baino gutxiago dituztenentzat.
Euskotrenek, Gasteizko tranbia kudeatzen duen enpresak, otsailera arteko trantsizio epea ezarri du txartel pertsonalizaturik ez duten haurrek txartela eskura dezaten. Ordura arte, doan bidaiatu ahal izango dute txartela baliozkotu gabe. Gaur egun txartel pertsonalizatua dutenek ez dute beste bat egin beharko.