Bake Bidea eta Bakegileak taldeek bat egin dute Sare Herritarrak urtarrilaren 13rako deitutako manifestazioarekin. Nabarmendu dute Bilbon egingo den mobilizazioaren helburuak direla «euskal preso eta iheslariak etxeratzea, eta konponbidea eta elkarbizitza» lortzea, eta, hari ekarpena egiteko, zenbait elkarretaratze egingo dituzte Ipar Euskal Herrian: «Eragile ala norbanako, izan gaitezen denak konponbiderako giltza!».
Bi eragileen esanetan, «bake iraunkor bat eraikitzearen aldeko» gehiengo bat dago Euskal Herrian, eta azken hamarkadan eginiko urratsak dira horren erakusle. Izan ere, adierazi dute gizarte zibilaren aktibazioak eta mobilizazioak «konponbidera bidean» pauso garrantzitsuak emateko bidea jarri dutela azken urteetan.
Halere, uste dute oraindik ere bidea geratzen dela egiteko, eta horren adibidetzat jo dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile eta fiskalen «jarrera mendekatzaile eta atzerakoiari» aurre egin beharra. Hain justu, Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak hartutako azken erabakiaren kontrako noranzkoan doana. Auzitegi hark Xabier Goienetxeari baldintzapeko askatasuna ematea onartu zuen, eta euskal presoa azaroan atera zen Lannemezango espetxetik (280 kilometrora, Okzitanian). Bake Bidearen ustez, hori da jorratu beharreko bidea: «Elkarbizitza elikatuko duen etxeratze prozesu bat eraikitzeko garaia iritsi da».
Bake Bidea eta Bakegileak taldeek elkarretaratzeak egingo dituzte Ipar Euskal Herriko herri eta hiri ugaritan; besteak beste, Donibane Garazin, Baionan eta Miarritzen (Lapurdi). Era berean, autobusak antolatuko dituzte urtarrilaren 13an Bilboko mobilizaziora joateko.