Euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizaziorako baimen eskaera ofizialki aurkeztu zuen atzo Tantaz Tantak, ekimena osatzen duten 1.200 pertsonaren baino gehiagoren izenean. Martxan da antolaketa, eta sustatzaileek nondik norakoen berri eman dute. Protestak ez du ohiko manifestazioen itxura izango, eta, mobilizazio nagusia 17:30etik hasita egingo den arren, egun osoko egitaraua prestatuko dute sustatzaileek. 11:00etan hasiko dira ekitaldiak Bilboko Areatzan, eta gauez, 22:30 aldera, amaituko. Ekitaldi nagusiak Autonomia eta Hurtado Amezaga kaleak hartuko ditu 17:30etik hasita. Antolatzaileek iragarri duenez, ordubete igarota iritsiko da «une gorena».
Zabalburu plazan egin zuten, atzo, urtarrilaren 11n izango denaren aurrerapena antolatzaileek, Autonomia kalea atzean zutela. Autoen joan-etorriek betetzen zuten kalea «tantek» beteko dutela aurreikusten dute. Inguruak lepo beteta, «itsasoa» osatuko dutela. Itsaso hori egiteko, parte hartzaile bakoitzak ur tanta baten irudia erakustea da sustatzaileen proposamena.
Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira leloa izango du goiburutzat mobilizazioak. Baina ez da ohiko manifestazioa izango, eta leloa ez da protestaren buruan joango. Manifestazioetako ohiko pankartarik ez da egongo. Ezta igaro beharreko ibilbiderik ere. Politikariek ez dute adierazpenik egingo, eta bukaerako agiririk ez da irakurriko.
Aurrez ere, alderdien eta eragileen atxikimendurik ez dutela eskatuko jakinarazi dute Amets Martinezek eta Susana Velezek antolatzaileen izenean. «Urtarrilaren 11n ez dugu blokerik nahi», argudiatu dute. «Ez dugu nahi mobilizazioa alderdi batek beste bati eraso egiteko aitzakia bihurtzerik».
Hori dela eta, ez diote garrantzirik eman EAJk ez duela protesta babestuko esan izanari. «Ez dugu alderdi politikoen edo bestelakoen atxikimendua bilatuko», azaldu du Martinezek. «Deia pertsonei egin diegu, ez siglei; izen-abizenak dituen pertsona bakoitzari egiten diegu deia». Kalera herritarrak aterako direla azaldu du. Horietako bakoitzari ematen diotela garrantzia. «Horregatik, kanpaina honetan ez ditugu atxikimendu kolektiboak bilduko, tantak baizik».
Gauzak horrela, mobilizazioan egingo diren aldarriekin bat datorren pertsona bakoitzari egin dio babesa emateko gonbita, eskaerak gogora ekarrita: Presoen giza eskubideak errespeta daitezela, eta konponbidea eta bakea lortzeko pausoak eman daitezela eskatuko du mobilizazioak. Eta, eskubideak betearaztearekin lotuta, presoen sakabanaketaren aurka egitearen premia nabarmendu du Tantaz Tantak.
Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren ezarpena bertan behera utzia «herri honen gehiengo sozialak aspaldi zioena» berretsi ondoren, orain, «urgenteena» sakabanaketa amaitzea dela ohartarazi du. «Sufrimendua eta presoen zein senitartekoen giza eskubideen urratze sistematikoa eragiten ditu», argudiatu du.
Sakabanaketa «arbitrariotasun politikoaren» ondorio dela azaldu du; «gaur egun, egoerak okerrera egitea beste helbururik ez du». Hortaz, sakabanaketa amaitzeko indar berezia egiteko eskatu dute.
Posible da gauzak aldatzea
Tantaz Tanta seguru dago euskal gizartearen gehiengoa ados dagoela aldarri guzti horiekin. Are gehiago: «Uste dugu, jendetza hori itsaso bihurtzen bada posible dela gauzak aldatzea», azaldu dute. Hortaz, ekimenaren «pluraltasuna» ziurtatzen laguntzeko eskatu dute: «tanta guztiei denon espazio hau zaintzeko deia egiten diegu».
Eta, alderdi politikoen edo eragileen atxikimendurik bilduko ez badute ere, banakoenak jasotzen hasiak dira sustatzaileak. «Tanta bihurtzeko» gonbita egin diete ekimenarekin ados daudenei; www.tantaztanta.info webgunean sartu, eta «tanta bihurtzeko».
Era berean, Bilbora jendetza joango dela aurreikusita eta egun osoko ekitaldi sorta egongo dela kontuan hartuta, herri eta auzoetatik autobusak antolatzera deitu dute.
Urtarrilaren 11n egun osoko egitaraua eskainiko du Tantaz Tantak Bilbon
Mobilizazioa alderdien ika-mikarako aitzakia bihur ez dadin, banakoen babesak soilik lortu nahiko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu