Sare Herritarrak urtarrilaren 11rako iragarri du urte hasieran Bilbon egin ohi duen manifestazioa. Behin betiko lelopean egingo du. Hain zuzen, plataformako kideek adierazi dute behin betiko «bakea, konponbidea eta elkarbizitza» eskuratzeko garaia dela: «Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegabekeriazko egoerak ere gainditzeko».
Sare Herritarreko kideek adierazi dute hamar urteko ibilbidean «konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen» alde lan egin duela plataformak, eta hala egiteko asmoa duela aurrerantzean ere. Bai, behintzat, haren sorreran ezarritako helburuak lortu arte: «Konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako». Bide horretan, «premiazkotzat» jo dute euskal preso, erbesteratu eta deportatuen auziari «behin betiko irtenbide justu bat» topatzea eta «indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea». Izan ere, uste dute bi elementu horiek direla «behin betiko elkarbizitza sendo bat» eratzeko «gako nagusiak».
Sareko kideek azaldu dutenez, arazo orok sorrera, garapen eta konpontze fase bana du, eta, azken horretara iristeko lanik egin ezean, «gaiztotu» egiten dira: «Gizartean sakondu egiten da arrakala, sufrimendu handia pasatu ondoren elkarbizitzan aurrera egin behar duen gure jendartean». Euskal gatazkaren kasuan, azaldu dute euskal presoei ezarritako salbuespen politikak eta horiek eragindako eskubide urraketak direla «oinazea eta bidegabekeria» eragiten duten elementuetako bat: «Behin betiko konponbide bat behar da».
Izan ere, Sareko eledunen hitzetan, indarkeriarik eza ez da nahikoa «konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak» amaitutzat emateko, eta euskal gizarteak bide horretan egindako urratsak nabarmendu ditu. Bidea «eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez» egin dela nabarmendu dute: «Ahaztu gabe, baina gorrotoan tematu gabe». Eta lan horretan segitzeko asmoa azaldu dute, «bake justu bat» eskuratzeko geratzen diren «korapiloak» askatzeko asmoz.
«Askatasunean eta bestearekiko begirunez bizi eta jarduteak ekartzen ditu elkarbizitza eta behin betiko bakea». Xede hori ezin da amets bat izan, Sareko kideen esanetan, euskal gizarteak eskuratu beharreko «gutxienekoa» baizik: «Eskubidea dugulako hurrengo belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko». Eta helburu hori kontuan hartuta, gogoratu dute giza eskubideak dituztela ardatz Sareren jardunak eta urtarrileko manifestazioak: «Giza eskubideez ari gara, eta hori da, hain zuzen ere, euskal gizartearen gehiengo zabala batzen duena».