Hauteskundeak

Urtaran hautagaitzatik kentzea «erabaki onena» izan zela uste du EAJk

Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok adierazi du «Gorka Urtaranentzat eta alderdiarentzat onena» izan zela hark Gasteizko alkategai gisa ez jarraitzea. «Ez genuen egunetik gauera hartu erabaki hori», erantsi du, eta ukatu du «ezkutuko plan bat» dagoela EAJren eta PPren artean.

Jose Antonio Suso EAJren ABBko presidentea bizikletaz, Beatriz Artolazabal Gasteizko alkategaiaren irudi bat daramala. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2023ko ekainaren 20a
13:07
Entzun

Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok onartu du EAJk lurralde horretan izan dituen emaitzak ez direla izan espero zituztenak, «eta kasu batzuetan txarrak» izan direla. Gasteizen alkatetza izan dute jeltzaleek azken legegintzaldian Gorka Urtaranekin, baina hura ez da izan azken bozetan alkategaia, Beatriz Artolazabal baizik, eta PSE-EEk eskuratu du aginte makila, EAJko hautagaia laugarren tokian geratuta, EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren ondoren.

Haatik, hautagaia aldatu izanaren damurik ez du erakutsi Susok, Radio Vitorian egindako adierazpenetan. «Erabakia hartu genuenean, hori izan zen onena Gasteizko alkate Urtaranentzat eta alderdiarentzat. Denboraren ondorio bat izan zen; ez zen egunetik gauera egin». Susorentzat «zenbait aldagaik» eragin dute EAJk «espero ez ziren emaitzak» edukitzea, «batzuetan emaitza txarrak». Edonola ere, Urtaran hautagaitzatik kentzea «erabaki egokia» izan zela uste du Arabako EAJko buruak. «Ez genuen espero 3.500 botok lehen postutik laugarrenera eramango gintuztela, eta 7.800 boto galduko genituela, beste alderdietara joan ez direnak. Boto horiek ez dakit zigor botoak izan diren, baina abisu bat izan dira. Gau gogorra izan zen guretzat».

Ziurtatu du Artolazabal alkategaiak ez zuela adierazi dimisioa emateko asmorik, baina Susok izan zuela «uneren bat» kargua uzteko gogoz. Gogo hori Pedro Sanchez Espainiako presidenteak kendu omen zion, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu zuenean. «Berriro lanera jarri behar genuen, baina nire kargua beti dago alderdiak erabakitzen duenaren mende. Batzuetan ardurak hartu behar dira».

Ituna PPrekin

Arabako udalerri batzuetan —Gasteizen bertan— islatu den PPren babesa ere hizpide izan du Susok. Ukatu egin du EAJk eta PPk «ezkutuko plan bat» adostu dutela. Ez dago akordiorik, haren arabera, ez Gasteizen, Maider Etxebarria sozialista alkate bihurtzeko, ez Batzar Nagusietan. Oionen beren hautagaitza aurkezteari uko egin diotela gogoratu du; EH Bilduk hartu du han aginte makila, PPk ezin izan duelako EAJkoaren alde bozkatu, ez delako aurkeztu.

Susok ziurtatu du Bastidan ere ez dela ezer adostu PPrekin, nahiz eta haren alderdiak PPri alkatetza hartzen utzi dion. EH Bilduren babesa ziurtaturik zuen EAJko alkategaiak, baina hautagaitzarik ez aurkezteko agindu zion, eta, haren dimisioa tarteko, EAJko hiru zinegotziek «nazka» sentitzen zutela adierazi zuten udala osatzeko ekitaldian. «Erabakiak hausnarketa baten ondotik hartzen dira; batzuetan ondo ateratzen dira, eta beste batzuetan ez», esan du ABBko presidenteak.

Nolanahi ere, Bastidan hartutako erabakia «ezaguna» zela esplikatu du Susok: «Argi dago gure hautagaitzako kideek ez zutela gustuko izan. Ni ez naiz polemikan sartuko; ez naiz hasiko egin dituzten adierazpen gogorrei erantzuten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.