Josu Urrutikoetxea ETA zeneko militante historikoa Parisko Zigor auzitegian epaitu dute aste honetan, besteak beste, 2011 eta 2013 bitartean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terrorista» zuen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Hori dela eta, Sortuk ohar bat kaleratu du gaur, epaiketa horren atzean Urrutikoetxeak «bakea lortzeko egindako ahalegina kriminalizatzeko» borondate bat dagoela salatzeko.
Urrutikoetxearen aurkako auzia 2017an eginikoaren errepikapena da. Orduan zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina, epaiketan parte hartu ez zuenez, auzia errepikatzeko eskatu zuen Urrutikoetxeak. Honakoan, Terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzako prokuradoreak bost urteko kartzela zigorra eskatzen du ETAko kide ohiarentzat.
Alderdi abertzalearen ustez, epaiketa honek agerian uzten du «Espainiako Estatuaren baitan bezalaxe, Frantziakoan ere badirela sektore boteretsu batzuk erosoago bizi direnak iraganari kateatuta», eta euskal gatazka konpontzeko borondate falta dagoela nabarmendu du: «Jakina den moduan, Urrutikoetxea gatazka konpontzeko bitartekari gisa behin baino gehiagotan aritu izan da. Parisko Zigor Auzitegiko prokuradorea, hala ere, ematuta dago bakea lortzeko ahalegina kriminalizatzearekin».
Zentzu horretan, Urrutikoetxeari egozten dioten egite bakarra «Oslon elkarrizketetarako ordezkaritza bateko partaide gisara egotea» deka azpimarratu du sortuk, eta, leporatze horren bidez, elkarrizketa bera delitu bihurtu nahi dela zehaztu du: «Bakeak herri honetan eta estatuetan etsai boteretsuak ditu, eta bake justu eta iraunkor bat oztopatzen jarraitzen dute. Euskal jendartearen nahirik eta desiorik handienari eraso egiten jarraitzen dute».