Atzo arratsaldean hasi ziren Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio aretoan Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurka Espainiako Estatuak egindako eskaerak aztertzen. Horietako bi euroaginduak dira: gizateriaren aurkako krimenak —Madrilgo Barajasko bi hilketak (2006)— eta herriko tabernen auzia. Beste biak, estradizioak: Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako zuzendaritzako kidearen hilketa (1980), eta Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuarteleko erasoko 11 hilketak (1987). Abokatu orokorrak bi euroaginduen prozeduretan Espainiari informazio gehigarria eskatzearen alde egin du, baina estradizioak onartzeko eskatu du. Urrutikoetxearen defentsak lau prozedurak bertan behera uzteko eskatu du: euroaginduak, prozedura akatsengatik, eta estradizioak, preskribatuak direlako. Abenduaren 18an emango ditu auzitegiak euroaginduei buruzko ebazpenak; urtarrilaren 8an estradizioei dagozkienak.
Espainiaren eskaerek duten motibazio politikoa agerian utzi nahi izan dute Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce abokatuek. «Lau afera daude, baina hamar izan zitezkeen. Urrutikoetxea hemen dago, Espainiak nahi duelako, enblematikoa delako», azaldu du Heinichek. Pasquet-Marinacceren hitzetan «trofeo» bat da Espainiarentzat. Urrutikoetxea atxilotu zuten egunean Guardia Zibilaren zerbitzu sekretuetako buruak eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak egin zuten prentsaurrekoa ekarri du gogora, Efe agentziak publikatutako oharra oinarri hartuta: Urrutikoetxea, bere ibilbideagatik, «ikono» bat delako, eta ETAren su-etenean jokatutako rolagatik atxilotu zutela esan zuten. «Ez dute esaten Urrutikoetxearen atxiloketa garrantzitsua dela Luis Herguetaren hilketagatik, edo 1987ko atentatuagatik, edo talde armatuko kide izateagatik, edo gizateriaren kontrako krimenagatik...», azaldu du Pasquet-Marinaccek. «Urrutikoetxea helburu bat zen —eta hala asumitua da—, su-etenean jokatu zuen rol politikoagatik». Adierazpen horiek zuhurtziaz jokatzera eraman beharko luketela ohartarazi dio epaileari.
Lau prozeduretan ageri diren informazio okerrak ere azpimarratu dituzte bi abokatuek: Urrutikoetxearen behin-behineko espetxeratzea, ETAren aparatu politikoko buru izan zela... «Pentsa genezake Urrutikoetxea dela, eta Espainia dela, eta konfiantza egin behar dela. Baina Espainiak berak modu okerrean aurkeztu ditu informazioak; badakite zuzenbide arlotik ahulegia dela. Agerikoa da presaka egindako eskaerak direla», azaldu du Heinichek. Michelin enpresako kasuari dagokion estradizio eskaeran, ETApm eta ETAm-ren arteko nahasketa dagoela azpimarratu du Pasquet-Marinaccek: «Argi dago ETAm eta ETApm bi erakunde ezberdin direla 1974tik, eta ez da inoiz frogatu Urrutikoetxea ETApm-ko kide izan zenik. Argi dago ere atentatu hori ETApm-k aldarrikatu zuela». Hori guzia dokumentatua dela azpimarratu du. «Frantziarrek ETAren historiaz duten ezjakintasuna baliatzen dute espainiarrek halako aurkezpena egiteko. Ebidentziaren kontra, Espainiak bere historia desitxuratzen du, Urrutikoetxea haien esku utz dezazuen. Tronpatu nahi zaituztete. Ez da beste esplikaziorik».
Instrumentalizazioa
1987ko atentatuaren kasuan egindako estradizio eskaera ere ezbaian jarri du Heinich abokatuak. 1996 eta 2000 artean behin-behinean preso izan zutela ere gogora ekarri zuen defentsako abokatuak. 1996. eta 2000. urteen artean preso egon ondotik libre utzi zutela oroitarazi du. «Zer leporatu diezaiokegu orain, bere garaian leporatu ahal izan ez ziotena?», galdetu du. «Anitzetan entzuten ditugu erraten auzitegiak ez direla instrumentalizatu behar». Kasu honetan ere printzipio hori atxikitzeko eskatu du.
Urrutikoetxearen kontrako euroagindu eta estradizio eskaeren harira herenegun BERRIAk argitaratu zuen artikulua aipatu zuen Pasquet-Marinaccek. Frantziako terrorismoaren kontrako zerbitzuek idatzitako dokumentu bat aipatzen zen bertan, 2006ko irailetik Urrutikoetxea ETAren zuzendaritzak baztertu egin zuela dioena. Informazio horrek erabat gezurtatu lezake Madrilgo Barajasko bi hilketekin zerikusia izan zuenik. «Bitxia da dokumentu hori ez dizutela inoiz aipatu. Bitxia da», bota dio epaileari modu ironikoan, behin eta berriz errepikatuta. «Ez nuke nahi Europako estatuen arteko bata bestearenganako konfiantza, batak bestea tronpatzea izaterik nahi».
Gizateriaren kontrako krimenak leporatzea ere auzitan ezarri du. «Ezinezkoa da harritua ez izatea, gizateriaren kontrako krimenaren kalifikazioagatik. Elementu bakarrean oinarritzen da, atentatu batean; atentatu terrorista batean. Zerk zilegitzen du halako kalifikazioa?», galdetu du, Urrutikoetxeari leporatzen dizkioten ekintzen eta horien kalifikazioaren artean desegokitasun handia dagoela nabarmenduta. Azkenik, prozedura akatsa ere azpimarratu du. Euroagindu bat eskatzeko, jatorriko herrialdean prozedura irekia izan behar da. Abokatuaren arabera, Espainiak bidalitako eskaeran ez da ageri zer prozedura den eta nork eskatu duen.