Andy Carl. Bake prozesuetan aholkularia

«Urrutikoetxeak aitortza merezi du»

Carlek uste du Josu Urrutikoetxearen egoerak «gatazkari erantzuteko judizializazio» estrategia bati erantzuten diola, baina beharrezkotzat jo du bake prozesuetan dabiltzanek babesa izatea: «Auzia politikoa da».

BOB EDME.
jon olano
Miarritze
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
1980ko hamarraldian giza eskubideen aldeko jardunean hasi, eta hiru hamarkada baino gehiago daramatza Andy Carlek (Los Angeles, Ameriketako Estatu Batuak, 1959) gatazken konponbidean lanean. 1994an sortu zuen Conciliation Resources, 2011ko urriaren 17an Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia antolatu zuten erakundeetako bat. Miarritzen (Lapurdi) izan da, Josu Urrutikoetxea ETAko mintzaide ohi eta presoaren egoera judizialaren berri emateko prentsaurrekoan.

Zergatik dago Josu Urrutikoetxea dagoen egoeran?

Euskal konponbide prozesua oso berezia da. Amaitu gabea ere bada. Harrigarria da sinatutako bake itunik gabe ere aldaketa esanguratsuak egon direla. Espainiako Estatuaren aldetik ere ikusi dugu jarrera aldaketa bat: esaterako, atxilotutakoei emandako tratuan. Eta armagabetzearen historia zirraragarria ikusi dugu, kasu bakana munduan. Baina badaude konpondu gabekoak ere: presoen sakabanaketa, iraganaren kudeaketa, autodeterminazio nahia... Espainiako politikaren taktika izan da batzuek jazarpen judiziala eta beste batzuek judizializazioa esan izan diotena. Nire ustez, Josuri gertatzen ari zaio gatazkari erantzuteko judizializazioaren hedatze bat. Gatazkaren estrategia da, ez gatazkaren konponbidearena. Galdera da gobernu berriak aldatuko ote duen.

Konpondu gabeko arlo horiek erakusten al dituzte estatuen engaiamendurik gabeko konponbide prozesuen mugak?

Agian mugak ikusten ditugu. Estatuak lehen mailako eragileak dira gatazka politiko honetan; pixka bat abstraktua da, baina gerrak joko zelai ezberdinetan borrokatzen diren neurrian —gudu zelaian, arlo legalean, hedabideetan—, gerren amaiera ere eremu ezberdinetan jokatzen da: kalean, gizarte mugimenduen bidez, arlo legalean... Estatuak engaiarazi behar dira konponbidearen agendan.

Urrutikoetxearentzako asiloa eskatuko diote abokatuek Frantziari, argudiatuta bake elkarrizketetan dabiltzanek inmunitate judiziala behar dutela. Zer garrantzia ematen diozu horri?

Ezinbestekoa da; ezin bazara engaiatu atxilotua izateko mehatxurik gabe, orduan ezin duzu konprometitu. Berriro diot: konpondu gabeko auzia da, eta auzi politikoa da, ez militarra. Elkarrizketarako gaitasuna duen jendeak, eta Josuk badauka, espazio legala izan behar du hala egiteko.

Beste konponbide prozesu batzuetan ere gertatu al da mintzaidea atxilotzea?

Ohikoa da, baina bi gai daude hor. Batetik, armak hartu dituen talde batek negoziatzen duenean, ohikoa da bere mugimendutik kanpoko pertsonak jartzea. Negoziazioetarako delegazioetan, talde mistoak daude sarri; anbiguotasuna dago kide izatearen inguruan. Sri Lankan izan nintzen behin lanean, eta pertsona bat aurkeztu zidaten esanez tamil tigrea zela %10ean, beste bat %90ean... Kontua da, gobernua elkarrizketetan engaiatzen denean, harekin datorrela babesa.

Prentsaurrekoan nabarmendu duzu, Endgame of ETA (ETAren amaiera) liburuan, Theresa Witfieldek mintzaide gisa aipatzen duela Urrutikoetxea, ez erabakiak hartzen dituen kide gisa.

Hori beste puntu bat da. Eremu lausoa da: Espainiako Zigor Kodearen arabera, legez kanpokoa da erakunde terroristekiko kolaborazioa ere. Antzeko lege bat dago Ameriketako Estatu Batuetan; nik ematen dudan gisako aholkularitza laguntza material gisa jotzen da, eta hori legez kanpoko erakunde bati ematen badiozu, auzipetua izan zaitezke, baita AEBetatik kanpo ere. Lege zabal horiek [2001eko] irailaren 11 ondorengo egoerako araudiak dira.

Pentsatzekoa da horrek zuen lana etengabe baldintzatzen duela.

Hala da. Horregatik, batetik, sekretupean egiten dira lan horiek; bestetik, legezkoak diren erakundeentzat ere oso zaila da laguntza mota hori ematea, administratzaile batzuen aurrean erantzun behar dutelako. Oso zuhurrak izan behar dute. Mugak daude nazioarteko eragileak engaiatzeko; Espainiak ez du nazioarterik nahi prozesu honetan, eta zailagoa da horrela.

Esan duzu nazioarteko eragileeentzat erronka bat dela mintzaide baten alde agertzea. Sinesgarritasuna dute jokoan?

Erakunde horiek hartu duten rola erraztaile edo bitartekariena da, bereizten dituena giza eskubideen aldeko elkarteetatik. Horiek ahots argia dute, baina bitartekaritzan dabiltzanek ez dute ahotsik. Zentzuzkoa da hori, baina nire lankideak eta gatazken konponbidean dabilen oro animatuko nuke ausartago jokatzera; Josu oso egoera zailean dago, erabaki gogorrak hartu zituen, eta harekin ados ez zeudenen aurrean defendatu. Elkartasuna eta aitortza merezi du, bide demokratikoak aukeratu izanagatik.

Urteak daramatzazu euskal gatazkaren konponbidea aztertzen. Zein dira haren indargune eta ahulgune nagusiak?

Indargune nagusia da oinarri oso sendoa daukala. Jendea politikoki aktiboa da, eta gaia ez da utzi lidergo txiki baten esku. Horrek zaildu egiten du prozesu bat erortzea. Horrez gain, irudimen handikoa izan da. Nazioartean aitortua da euskal gizartea berritzailea dela, ez soilik enpresa munduan baizik eta baita arlo politikoan ere. Aitzitik, ahulguneak ugari dira: indarkeria amaitu bada ere, Espainiako Gobernuak eta gizarteak zailtasunak dituzte autodeterminazio aldarrikapenez hitz egiteko. Jarrera ahula da. Bestetik, ez dakit nahikoa lan egin den iragana kudeatzen. Ez da gauzatu justizia trantsizionaleko prozesu bat, eta, hori gabe, oso zaila da aurrera egitea.

Justizia trantsizionala aipatu duzula, nola gauzatu liteke? Nola uztartu egia, justizia eta erreparazioa ez duten biktimen egoera eta arestian aipatutako desjudizializazioa?

Gai konplexua da. Esan bezala, gatazka eremu ezberdinetan amaitzen da, eta hori eremu politikoan, sozialean eta juridikoan kokatzen da. Beraz, eragile askoren rola beharrezkoa da, eta uste dut merezi duela erreparatzea justizia berrosatzailean lanik onenak egin dituztenen praktikei. Horiek oinarrizko galdera batzuekin hasten dira: zein izan da mindua gatazka honetan? Zer behar dute? Badakit biktimen ahotsa azkar politizatu dela, eta horrek ere zaildu egin duela, baina garrantzitsua da oraindik ere. Gaur egun, lan izugarria egiten ari dira Kolonbian, gertatutakoa adierazteko.

Aitortu duzu Katalunian ari zarela lanean, ERCrekin, aholkulari.

Inbestiduraren aurretik akordio bat egon zen ERCren eta PSOEren artean, elkarrizketarako mahai bat osatzeko. Orain, ikusteko dago bi gobernuak zertarako gai diren. ERCk sentitu zuen gatazka bat zuela, eta taktikak ikasi behar zituela estrategiak garatzeko. Hor hasten da prozesu bat: kasu honetan, alderdi baten barruan, eta espero dut gauza bera gertatzea administrazio berrian. Baina sarri nazioarteko eragileen rola puztu egiten da: gu ez gara bakearen zaindariak, rol txiki bat baino ez dugu jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.