Euskara. Giza katea

Urrutia: «Euskararen batasuna herriaren borondatearen isla da»

Euskara batuaren hamabost sustatzaile omendu dituzte Errenterian; tartean, Xabier Kintana

Errenteriako udaletxean omendu zituzten Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak euskara batuaren sustatzaileak, atzo. BERRIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Errenteria
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan pertsona, elkarte eta erakunde ugarik sustatu dute euskararen batasuna. Koldo Mitxelena izan zen horietako bat. Haren jaioterriko udaletxean, Errenteriakoan (Gipuzkoa), euskara batuaren sustatzaileak omendu zituzten atzo arratsaldean Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak. Han egon ziren Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren senideak, baita Xabier Kintana ere. Oroigarri bana jaso zuten Kintanak, Txillardegiren biloba batek eta Helene Mendizabal Orereta ikastolako ikasle ohiak. Mendizabalek euskaldun guztien izenean jaso zuen oroigarria. «Euskara batua gaur zerbait bada, pertsona askori esker da; besteren artean, herritar anonimo andanari esker. Izan ere, euskararen batasuna herriaren borondatearen isla da», esan zuen Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak.

Txillardegi, Kintana eta Mitxelenaz gain, beste hamabi lagun ere omendu zituzten atzo: Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knorr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, eta Jean Louis Davant; denak euskara batuaren sustatzaileak.

Zabala eta eraldatzailea

Urrutiak esan zuen euskararen batasuna Euskal Herriak hezurmamitu duen«langintza kolektiboa» izan dela: «Batasuna herri honek auzolanean egin duen egitasmorik zabalena da, eta, duen eraginagatik, izan daiteke eraldatzaileena ere bai; besteak beste, euskara eguneratzeko, biziberritzeko eta hiztun kopurua hazteko zimentarri nagusia bilakatu delako».

Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak ere euskara batuari aitortu zion garrantzia: «Euskara batua sortu aitzinsortu ginen ikastolak. Gerrak hautsi zituen ikastolen errautsetatik birsortu ginen. Euskarazko irakaskuntza sortu genuen, eta sortu berri ginela eman zigun euskara batuak hazteko, hezteko eta aurrera egiteko behar-beharrezko oinarria. Ordutik, belaunaldi berriak hezi ditugu euskaraz. Euskara batuak dena eman zigun, baina euskara batuari ere asko eman diogu». Erantsi du euskara batuaren sustatzaileek ez ezik euskara batuak berak ere merezi duela gorazarrea. «Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez balego», adierazi zuen Artolak.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak ere hartu zuen hitza, eta nabarmendu zuen «ohorea» dela udalarentzat «Mitxelenaren herrian» egin izana euskara batuaren aldeko egitasmoa. «Dakizuenez, Mitxelenak esana da euskararen egiazko misterioa iraupena dela, eta ez jatorria. Zalantzarik gabe, iraupena bermatzeko ahalegin horretan, ezinbestekoa da hizkuntzaren batasuna», adierazi zuen Otaegik.

Urrutiak euskararen egungo egoerari buruz ere jardun zuen: «Segitu behar dugu euskara dakitenen kopurua gehitzen. Aldi berean, jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa egin behar dugu euskararen erabilera emendatzeko bizitzaren arlo guztietan, lurralde guztietan. Ezagutza hedatzearekin batera erabilera da euskara biziberritzeko heldulekurik sendoena eta beharrezkoena; erabiltzen ez dena kamusten, ahazten eta galtzen delako».

Omenaldian, hitzartzeez gain, Orereta ikastolako hiru irakaslek abestu zuten, Errenteriako hiru txistularik txistua jo zuten, eta, bukaeran, udaletxeko areto nagusian elkartuta ziren guztiek Oskorri taldearen Euskal Herrian euskaraz abestia abestu zuten. Eguna borobiltzeko, Urrutiak hiru hitzekin laburbildu zuen bere mezua: «Ekin eta jarrai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.