Euskal presoak. Urruntzearen mapa

Urruntzearen akabera noiz iritsiko

Gero eta gehiago dira Euskal Herritik hurbilagoko espetxeetan dauden euskal presoak, eta 2020ko ekainetik areagotu egin dira Espainiako Espetxe Erakundeek egindako iragarpenak. BERRIAk mapa bat osatu du azken hiru urteetan Espainiako, Frantziako eta Euskal Herriko espetxeetan gertaturiko mugimenduak bistaratzeko.

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Mikel P. Ansa
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Euskal presoen aldeko mugimenduentzat ez dira aski, baina azken urteotan ugaritu egin dira euskal presoen Euskal Herriratze eta hurbiltze mugimenduak: Frantziako eta Espainiako gobernuek 2018an egindako promesak errealitate bihurtzen ari dira pixkanaka, mantso bada ere.

Fantziako Gobernuak egin zuen lehen urratsa: 2018ko urtarrilean jakinarazi zuen Euskal Herritik hurbileneko kartzeletara eramanen zituela haren menpeko lurraldeetan zeuzkan presoak. Hiru urte igaro dira ordutik, eta aldatu egin da euskal presoen distantziaren eta sakabanaketaren egoera: itxuraz, hurbiltzen hasi da urruntzearen akabera.

Hiru urteotan gertaturiko mugimenduak mapa batean bildu ditu BERRIAk, Etxerat-en hilabeteroko txostenak eta BERRIAk jasotako datuak uztartuta —maparen bertsio interaktiboa webgunean dago ikusgai—. Hona, berriz, puntuz puntu, espetxeetan 2018tik gertatu diren mugimenduak ulertzen laguntzeko azalpen bat.

ZER URRATS EGIN DITU FRANTZIAK?

2018ko urtarrilean ez zegoen euskal presorik Mont-de-Marsango espetxean (Okzitania): Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren hara eraman zituzten lehenak, otsailean. Paris hasia zen, beraz, iragarritako mugimenduak gauzatzen.

Martxo hasieran, kartzela hartara eraman zituzten Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria. Eta hilabete berean Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain ere hurbildu zituzten, Lannemezango espetxera (Okzitania). Hilabetez hilabete, horrela mugitu zituzten euskal presoak, harik eta Frantzian zeuden ia gizonezko preso guziak Euskal Herritik hurbileneko espetxeetara eraman zituzten arte.

Ez ziren hala izan Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Joseba Fernandez Aspurzen kasuak: Esnal 2020ko azaroan hurbildu zuten, eta bertze biak oraindik Mureten dira (Euskal Herritik 425 kilometrora). Mikel Karrera ere geroago hurbildu zuten: 2019ko maiatzean, eta epaile baten erabakiz.

Emakume presoak, aldiz, ez dituzte hurbildu: urrun segitzen dute, eta, gainera, sakabanatuta, Roazhon (Rennes, Bretainia), Reau eta Roanneko espetxeetan (Frantzia) —ez dago emakumeentzako modulurik Lannemezanen eta Mont-de-Marsanen—.

Bertze hainbat kartzelaren izenak ezabatu egin dira, berriz, euskal presoen mapatik: Fleury-Merogisen eta Fresnesen, erraterako, ez dago jada euskal presorik.

ETA ESPAINIAK?

2018ko maiatzean iragarri zuen ETAk bere ibilbidea bukatutzat eman zuela, eta, hilabete geroago, Pedro Sanchez Espainiako presidente berriak erran zuen «bertzelako espetxe politika» bat eginen zuela. Lehendik EPPK-k haren erabakiaren berri emana zuen, 2017ko uztailean: presoek espetxe legedian sakontzeko urratsak eginen zituztela iragarri zuen.

2018ko abuztuan hasi ziren lehendabiziko mugimenduak: Olga Sanz eta Xabier Moreno presoak Basaurira ekarri zituzten (Bizkaia), eta hirugarren gradua eman zioten Morenori —Sanzi, hilabete batzuk lehenago—. Sanz eta Moreno ez ziren EPPK-koak, eta ez zeuden inongo taldetan. Alfredo Remirez txiolaria ekarri zuten hurrena, Basaurira hura ere. Euskal Herri ingurura hurbiltzen lehena Marta Igarriz izan zen: Logroñora eraman zuten 2018ko irailean (Espainia), uztailean bigarren gradua eman ondoren. EPPK-koa zen, eta ETAren laguntzaile izateaz akusatuta zigortu zuten.

Banaka, binaka, hasi ziren lehen gerturatzeak, apal. Baina Espainiako 2019ko azaroko hauteskundeek eta pandemiak etena ekarri zuten: 2019ko abendutik 2020ko ekainera ez zuten preso bat bera ere hurbilduko eta Euskal Herriratuko zutenik iragarri.

2020ko ekainetik hona, ordea, ugaritu egin dira Euskal Herriratze eta hurbiltze iragarpenak: Euskal Herri inguruko kartzeletarako 75 mugimendu iragarpen egin dituzte, eta Euskal Herrirako 25. Azken hilabeteotan astero bospasei hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek; abenduaren 25ean, ez zuten iragarpenik egin, eta, abenduaren 30ean, hamar gerturatu eta bat Euskal Herriratuko zutela jakinarazi zuten.

ZENBAT HURBILDU DITUZTE?

Gaur-gaurkoz, 2018ko ekainetik 119 euskal preso hurbilduko edo Euskal Herriratuko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek —mugimendu horietako batzuk ez dituzte oraindik gauzatu, baina webguneko mapa interaktiboaren akaberan guztiak batu ditu BERRIAk, lekualdatzeak eginak baleude bezala—.

Egindako iragarpenak, guztira, gehiago dira, ordea: 133. Nolatan aldea? Bada, euskal preso batzuk bi jauzitan mugitu dituztelako: lehenik hurbildu, eta ondoren Euskal Herriratu —hamalau euskal presoren kasua da—.

NORA ERAMATENARI DIRA?

Euskal Herriko kartzelak aparte utzita, Euskal Herritik 250-300 kilometroko tartean dauden espetxe hauetara ari dira mugitzen presoak, nagusiki: Zuerara (245 kilometro), Logroñora (170 kilometro), Soriara (260 kilometro), Burgosera (215 kilometro), Dueñasera (310 kilometro) eta El Duesora (170 kilometro).

Bertze preso batzuk, berriz, Darocara (345 kilometro), Villabonara (285 kilometro) eta Mansillara (370 kilometro) ari dira mugitzen, baita Madril aldera ere —BERRIAk azken horiek ez ditu hurbiltze gisa zenbatzen, baina mapan ageri dira mugimendu horiek ere—. Orain arteko iragarpenak gauzatzen direnean, beraz, preso kopuru esanguratsua egonen da Euskal Herriaren inguruko kartzela horietan.

Hurbildutako edota Euskal Herrira ekarritako preso horietako batzuk libre gelditu dira, bestalde: izan ere, zigorren zatirik handiena betea dutenak hurbiltzen dituzte maiz —ez beti—. Kopurua jaisten ari da, edozein moduz. 2018 amaieran, euskal presoak 309 ziren (300 EPPK-koak); 2019 bukaeran, 275 (260 EPPK-koak); eta 2020 akaberan, 224 (210 EPPK-koak) —mapan guztiak ageri dira—.

ZENBAT KILOMETROTARA DAUDE?

Euskal Herrian 23 euskal preso daude gaur egun —bertze zortzi etxean ari dira zigorra betetzen—. Espainiako administraziopean dauden presoen erdiak daude 400 kilometro baino urrunago. Frantziaren administraziopean daudenen artean, berriz, %77 daude gertuko kartzeletan, eta gainerakoak, ia laurden bat, 600 eta 1.100 kilometro artean.

Espainiako Espetxe Erakundeak bigarren graduak ematen hasi dira hurbiltzen dituzten preso batzuei: abendu erdialdeko iragarpenean, erraterako, bortzi. Gaur egun, Etxerat-en arabera, 107 preso daude lehen graduarekin, 71 bigarren graduarekin, eta bederatzi hirugarren graduarekin.

Bertzelako aldaketak ere badira: bakartze moduluetatik atera dituzte presoak Huelvan, Kordoban, Estremeran eta Sevillan.

ZER ESPETXE ARI DIRA HUSTEN?

Frantziako Estatuan gertatu bezala, pixkanaka bada ere, espetxe batzuk euskal presorik gabe geldituko dira laster Espainiako Estatuan ere, hamarkada askoren ondoren: Algeciras, Ocaña eta Badajozko espetxeen kasua da. Oraindik horietan euskal preso bakan batzuk gelditzen badira ere, hurbilduko dituztela iragarria dute jada, eta aurki ez da euskal presorik izango horietan.

Herrera de la Manchan, Foncalenten (Alacant, Herrialde Katalanak) eta Curtisen (Galizia), berriz, iragarriak dituzten mugimenduak egindakoan euskal preso bakarra geldituko da kartzela bakoitzean.

2018ko urtarrilean, euskal preso gehien zituzten Espainiako kartzelak hauek ziren: Valentzia (14), Granada (13), Villena (12), Puerto III (12), Algeciras (11), Puerto I (10), Sevilla (10), Curtis (10), Huelva (10), Kordoba (10) eta Murtzia II (12). 2020ra arte iragarritako mugimenduekin, euskal preso gehien dituzten Espainiako espetxeak hauek izanen dira laster: Zuera (15), Logroño (14), Dueñas (12), Puerto III (11), Dueso (11) eta Burgos (10).

Bertze espetxe batzuetan, ordea, mugimendu guti sumatzen da: Puerto III kartzelatik, adibidez, ez dute presorik hurbildu. Bai, ordea, Puerto Ietik.

NON DAUDEBIDE ITSUAK?

Hurbilduta ere dena ez da urre, ordea. Izan ere, badira Euskal Herri inguruan egonda ere gradu progresiorako oztopo diren espetxeak: Zuerakoa da horietako bat. Foro Sozialak joan den urteko abendu hasieran salatu zuenez, kartzela horretan lehen graduan dauden presoei ez diete aukerarik ematen bigarrenera igarotzeko, eta bigarren graduan daudenek, berriz, ez dute irteera baimenik eskuratzen. Foro Sozialak, bestalde, urtarrilaren 4an salatu zuen Euskal Herriko kartzeletan badagoela leku aski euskal preso gehienak edo guztiak hartzeko, eta hara eraman ordez inguruko kartzeletara ari direla eramaten. Oraindik ez da iritsi urruntzearen akabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.