Urruntze politikaren biktimentzat «aitortza ofiziala» eskatu dute Egiari Zor-ek eta Karmele Gogoan-ek

Eragileek abenduaren 6an Barañainen mobilizatzeko deia egin dute, 'Karmele gogoan. Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea' lelopean.

Karmele Solagureni egingo zaion omenaldiaren inguruko agerraldia, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
Karmele Solagureni egingo zaion omenaldiaren inguruko agerraldia, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 27a
17:30
Entzun

Egiari Zor fundazioak eta Karmele Gogoan plataformak Nafarroako Gobernua eta Parlamentua interpelatu ditu, eta eskatu diete «aitortza ofizial» bat egiteko euskal presoei ezarritako sakabanaketa eta urruntze politiken biktimei. Barañainen (Nafarroa) egindako agerraldian, Karmele Solaguren izan dute gogoan, eta haren heriotzaren 20. urteurrenean mobilizatzeko deia egin dute. Abenduaren 6an, manifestazio bat egingo dute Barañaingo Udaletxe plazatik hasita, Karmele gogoan. Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea lelopean.

Egiari Zor fundazioak aitortza, justizia eta erreparazioa eskatu ditu euskal gatazkaren testuinguruan izandako biktimentzat: «Zor diegula uste dugu». Eta horrek, hain zuzen, «biktima guztiak» aintzat hartzea eskatzen duela azaldu du, baita urruntze politikaren biktimak ere: «Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea. Aitortzea».

Fundazioak eta Karmele Gogoan plataformak, baina, zehaztapen bat egin diote aitortza eskaerari. Hura «aitortza ofiziala» izan behar dela nabarmendu dute: «Erreparazioaren bidea ireki eta ez errepikatzeko bermeak finkatuko dituena». Hain zuzen, plataformak gogoratu du Barañaingo Udalak bai egin diola aitortza Solagureni, «urte luzez auzokideek eta herritarrek aurrera eramandako borrokei esker». Orain, baina, urrats bat gehiago egin behar da: «Nafarroako erakunde nagusiek Karmele Solaguren eta bere familia dispertsioaren biktima gisa aitortzeko pausoa emateko unea da».

Agerraldian, eragileek gogoratu dute sakabanaketako eta urruntze politika «espresuki» diseinatua izan zela euskal presoei ezartzeko, eta horrek «sufrimendua» eta «eskubide urraketak» eragin zituela. Barañaingo kasua hizpide, Karmele Gogoan plataformak azaldu du bertako herritarrek bost milioi kilometro baino gehiago egin zituztela 36 urtean, espetxeetara joan-etorrian. «45 minutuko bisitak izateko euren senide eta lagunekin». Bidaia horietan, bederatzi ezbehar izan ziren, tartean, Karmele Solagurenen heriotza eragin zuena.

Hamasei biktima

Solaguren 2004ko abenduaren 6an hil zen. Hark eta haren bikotekide Jose Luis Guerrak, euren semea Alcala Mecoko espetxean (Espainia, Euskal Herritik 411 kilometrora) bisitatzera bidean zirela, bazterbide batean geratu zuten autoa, Noviercas inguruan (Espainia), istripu bat izan zuten beste herritar batzuei laguntzeko. Beste auto batek harrapatu zituen, ordea: Solaguren hil egin zen, eta Guerra larri zauritu.

Ekitaldian, ordea, gogoratu dute Solaguren ez dela izan sakabanaketaren biktima bakarra. Sandra Fernandez iruindarra oroitu dute, baita espetxeetara bidean edo haietatik bueltan izandako ezbeharretan hildako beste hamabi lagunak zein Madrilgo auzitegietatik bueltan hildako biak ere. «Ez baitezagun ahantz, hamarkadetan zehar martxan egon den salbuespeneko espetxe politikaren ondorioz galdu zutela bizitza», azaldu dute prentsaurrekoan.

Hala, horien guztien aitortza eskatzeko xedearekin, dei egin diete ordezkari politiko eta sindikalei eta herritar orori datorren astean egingo duten manifestazioan parte hartzera. Hura 12:00etan hasiko da, eta amaieran Solaguren omenduko dute, Barañainen duen monolitoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.