Hogei urte dira gaur Karmele Solaguren barañaindarra (Nafarroa) hil zela, Noviercasen (Espainia). Etxetik 148 kilometrora, eta helmuga zuen Alcala Mecoko espetxetik 210 kilometrora. Han zuen preso Ekain Gerra semea, eta hura bisitatzera zihoan. Hala, euskal presoei ezarritako urruntze eta sakabanaketa politikaren biktima da Solaguren, eta hala oroitu dute gaur Barañainen egindako manifestazioan. Han, urratsak egiteko eskatu diete instituzioei, urratsak Solaguren eta dispertsioaren gainerako biktimak aitortzeko: «Karmele hil eta hogei urtera, Nafarroako erakundeei eskatzen diegu sakabanaketa politikaren biktima gisa aitortzeko pausoa eman dezatela».
Karmele Gogoan plataformak eta Egiari Zor fundazioak egin dute mobilizaziorako deia, eta deialdiaren arrazoia gogora ekarri: «Gaur bezalako goiz hotz batean, sakabanaketa politikak Karmele erail zuen». Eta biek gogoratu dute, Solaguren soilik ez, beste hamabost lagun ere hil zirela espetxeetarako joan-etorrian; tartean, Sara Fernandez iruindarra.
Egiari Zor fundazioak salatu du horiek ez direla «trafiko estatistika hutsak», saihestu zitezkeen heriotzak baizik: «Errealitatea bestelakoa litzateke giza eskubideak mendekuaren gainetik ezarri balira». Hala, fundazioak eta plataformak uste dute badela garaia biktima horiei ere aitortza instituzionala egiteko, eta Nafarroako instituzioetan jarri dute begirada. Are gehiago, uste dute aitortza hori «erreparazio neurri zehatzetarantz eta ez errepikatzeko bermerantz» pausoak emateko modu bat litzatekeela: «Giza sufrimendua arinduko lukeen pausoa izango litzateke».
Izan ere, fundazioaren arabera, milaka giza eskubide urratu dituzte gatazkaren testuinguruan, eta denak aitortu behar dira «benetako parametro demokratikoetan oinarritutako bizikidetza eraikitzeko». Eta noski, hori sartzen dira salbuespenezko espetxe politikaren biktimak ere.
Fundazioko kideek argudiatu dute ezin dela justifikatu halako neurri bat ezartzea helburu politiko batzuen mesedetan, are gutxiago, «neurriek jurisdikzio horretatik kanpo» daudenei eragiten badiete. Hau da, presoen senide eta lagunei ezarritako «zigor arbitrario bat» zela. «Gehiegitan, gauez egindako bidaiak, egin beharreko distantzia kontuan hartzen ez zuten bisita egutegi eta ordutegiak betetzeko, lan kontziliazioa, puntu beltzak, nekea eta logura, eguraldi txarra...», gogoratu dute, argi utziz helburua ez zela aisialdia, «bizitza familiar eta intimoa» izateko beharra baizik.
Egoera hura, gainera, are gogorragoa izan zen barañaindarrentzat Solagurenen heriotzaren ostean. Hala azaldu dute Karmele Gogoan plataformakoek: «Ehunka pertsonak beren bizitzak arriskatzera behartzen jarraitzen zutela ikustea, 40 minutuz lagun eta senideak ikusi ahal izateko».
«Borroka nekaezina»
Orain arte, Barañaingo Udala ─EH Bildu alkatetzan zela─ izan da Solaguren biktima gisa aitortu duen instituzio bakarra, eta horretarako ere hamalau urte igaro behar izan ziren: «Hamalau urtez herritarrek burututako borroka nekaezinaren ondoren; oroimenaren, egiaren, aitorpenaren eta ez errepikatzeko bermearen alde». Izan ere, Karmele Gogoan-eko kideek azaldu dute, 2004an, erakundeen lehen erreakzioa ─orduan, PSN zuen buru udalak─ heriotza salatzeko protestak eragoztea izan zela.
Eta egun ere badira «indarkeria instituzional» horren biktimak existituko ez balira bezala jarduten dutenak, Egiari Zor-ek kritikatu duenez. Eta halako jarrerei erantzutera dei egin du: «Memoria, elkarbizitza demokratikoa garatzeko beharrezko ariketa gisa ulertuta, ezin da inola ere egokitu herri honen historia kolektiboaren zati batzuk ahazten dituzten arau batzuetara».
Euskal presoei aplikatutako urruntze politika 1980ko hamarkadan jarri zen martxan, eta Espainiako Gobernuak iaz eman zion hari amaiera. Eta ez «kasualitatearen eskutik», Karmele Gogoan-eko kideen esanetan: «Ez horixe! Milaka eta milaka herritar milaka eta milaka formatan borrokatu izan zirelako gertatu zen».
Ordurako, baina, Barañaingo herritarrek bost milioi kilometro baino gehiago egin zituzten kartzeletara joan-etorrietan, plataformako kideek azaldu dutenez. Hain zuzen, Jose Luis Gerra izan zen Espainiako espetxeetan urrundu zuten Barañaingo lehen presoa, 1981ean. 23 urte geroago, hura eta Karmele Solaguren emaztea, Ekain semea ikustera zihoazela, errepidean geratu ziren, Noviercas parean, istripu bat izan zuen beste auto bati laguntzeko. Horretan ari zirela, beste auto batek harrapatu zituen. Solaguren hil egin zen, eta Gerra larri zauritu.