Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren harira, adierazpen bat sinatu zuten atzo EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean, Sare mugimenduaren ekimenez. Hiru eskaera bildu dituzte dokumentu horretan: urruntze politika amaitzea eta presoak Euskal Herrira ekartzea; gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea; eta graduen progresioa aplikatzea, gainerako presoei bezala.
Irailaren 4an aurkitu zuten ziegan hilik Gonzalez Sola presoa. 48 urte zituen. 2005ean atxilotu zuten, eta, parlamentuko hiru taldeek gogora ekarri dutenez, «urruntze politikaren biktima» izan zen, nahiz eta azken hilabeteak Martuteneko espetxean egin zituen, Gipuzkoan: aurretik, Badajozko, Valdemoroko eta Soriako kartzeletan eduki zuten. Nabarmendu dute jada zigorraren hiru laurdenak beteak zituela, eta aske behar zuela. Gainera, osasun arazoengatik tratamenduan zegoela azpimarratu zuten. «Horrek ustez heriotza ekarri dio».
Euskal presoen aurkako neurriak bertan behera uzteko eskatu dute adierazpenean. Areago, gogora ekarri dute euskal presoen egoera aldatzeko eskaerak egin dituztela orain baino lehen hainbat erakundek, eta adostasun zabala lortu dutela aldarri horiek.
Sanchezekin bat
Kontrol saioa izan zuten atzo Espainiako Kongresuan, eta Gonzalez Solaren heriotzaz galdetu zion gobernuari Ignacio Gil Lazaro Voxeko diputatuak. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak «atsekabea» azaldu zuen joan den astean presoaren heriotzaren harira, eta atzo Voxek salatu zuen hori biktimei «traizio» egitea dela. Presidentearen hitzak babestu zituen, ordea, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak: «Humanismoan ez dago lekurik preso baten heriotzaz pozteko».
Grande-Marlaskak «balio demokratikoen» goraipamena egin zuen. Haren hitzetan, «balio demokratikoekin eta zuzenbide estatuarekin» lortu zuten ETAri aurre egitea. Voxen jarrera deitoratu zuen: «Ez dakizue ETA gabe bizitzen. ETA erabiltzen duzue espainiarren artean konfrontazioa sortzeko».
Voxek bakarrik ez, PPk ere jo zuen atzoko bilduran Espainiako Gobernuaren aurka Gonzalez Solaren heriotzaren harira samina azaltzeagatik. ETAren biktimei barkamena eskatzea galdegin zion Pablo Casado PPko presidenteak Sanchezi.
Urruntze politika salatu dute EAJk, EH Bilduk eta Podemosek
Sarek eramandako proposamena eraman dute Eusko Legebiltzarrera. Marlaskak atsekabea berretsi du Gonzalez Solaren heriotzagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu