Aste Nagusian urtero egin ohi duen manifestazioa egin du gaur iluntzean Sarek Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Beste urte batzuetako jai giroaren faltan, elkartasunez bete dituzte kaleak bi mila pertsona inguruk, Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelopean. Moyua plazan abiatu dute protesta, eta Plaza Berrian bukatu. Hainbat konpartsak bat egin dute deialdiarekin, baita kultura arloko zenbait norbanakok ere. Sareren deialdira batutako konpartsak izan dira manifestazioaren buru. Bukaerako ekitaldian, Francis Diezek –Doctor Deseo– pare bat kanta abestu ditu, eta Arkaitz Estiballes bertsotan aritu da.
Bertaratuakoei eskerrak emanez hasi du Bego Atxa Sareko bozeramaileak manifestuaren irakurketa, babes hori ezinbestekoa delakoan elkarbizitzan aurrera egiteko. Adierazi du euskal presoen egoeran egin diren aldaketak «argi izpi bat» direla, gradu progresioei eta presoen gerturatzeei erreferentzia eginez: «Senide eta lagunen zama arintzeko ezinbestekoa izaten ari da». Halaber, Atxak argi utzi du Sarerentzat orain artekoa ez dela nahikoa: «Salbuespen legedia bertan behera geratu ezean, ez da legedi arrunta normaltasunez ezarriko». Mobilizatzen jarraitzera dei egin du.
Manifestazioarekin bat egin duten konpartsen izenean hartu du hitza Paulo Guridik: «Hemen egon ezin direnen eskubideak ekarri nahi ditugu erdigunera». Atxak esandakoaren ildo beretik, salbuespenezko espetxe politikaren alde agertu da Guridi: «Euskal preso, iheslari eta deportatuen egoerak ezohikoa izaten jarraitzen du». Herritarrei mobilizatu daitezen eskatzeko ere baliatu du irakurketa: «Herritarron aktibazioa behar-beharrezkoa da, konpromisoa eta elkartasuna baitira egoera aldatzeko bultzada.
Ez da lehena, azkena ere ez
Beste urte batzuetan egin izan duten bezala, gainontzeko hiriburuetako jaietan ere manifestazioak egin ditu Sarek. Iruñean eta Gasteizen egin dituzte, baita Donostian ere, duela astebete. Datozen hilabeteetan ere mobilizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute manifestazioan: herrialdez herrialde martxa ibiltariak egingo dituzte, eta urriaren 23an manifestazio orokorra deitu dute Donostian.